Arte mokaduak, Mugaritzen

Jorge Oteizaren pare mugikorra abiapuntutzat hartuta egindako mahai erdiko apaingarriak daude Andoni Adurizen Mugaritz jatetxean. Santos Bregaña eta Manu Muniategiandikoetxea dira egileak.

Mugaritz jatetxean mahai erdiko apaingarri gisa dagoen pare mugikorretako bat. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Andoni Adurizek zuzentzen duen Mugaritz jatetxea sukaldea baino zerbait gehiago da. Munduko jatetxe onenetan hirugarrenenera —Restaurant aldizkariaren arabera— joaten diren bezeroak hutsik dagoen mahaiaren aurrean eseriko dira, iritsi bezain pronto. Ez dute koilararik edo edalontzirik aurkituko. Parez pare izango duten objektu bakarra elkarri lotuta dauden bi edo hiru plater hautsiz osatutako mahai erdiko apaingarri bat da. Manu Muniategiandikoetxea eskultoreak eta Santos Bregaña diseinatzaileak Jorge Oteizaren pare mugikorrean oinarrituta egindako eskultura da.

«Oteizak egin duen pare mugikorrik handiena Tolosan dago, gaur egun», azaldu du Muniategiandikoetxeak. «Gauza beraren bi atalak irudikatzen ditu; ying eta yang-ak egiten duten antzera. Bi alde horiek, lotuta daudenez, motor gisa funtzionatzen dute, eta mugimenduan doaz, geratu gabe». Mugaritzeko pare mugikorrak ere, lurrean jarri eta bultzatuz gero, mugitu egiten dira aurrera, objektu batekin topo egin, edo inertziak berriz ere atzera ekartzen dituen arte.

«Eskultura honek metafora ugari ditu. Aurrera eta atzera joatearen ideiak edozein sormen prozesurekin du zerikusia. Mugaritzen tradizioari buelta ematen aritu dira, etengabe». Mahai erdiko apaingarri guztiek zigilua daramate azpian, Santos Bregañak diseinatutako aximorona. «Kontraesana da aximorona, eta Mugaritz kontraesanak onartzeko lekua da». Jatetxeak bere burua definitzeko erabiltzen dituen hitzak ageri dira zigiluan: antonimoak.

Muga kontzeptuak ere protagonismoa du mahai erdiko apaingarrian. «Jatetxea Errenteria eta Astigarraren artean dago, eta haritza ikus daiteke lorategiaren, mugaren, erdian. Horregatik jarri genion Mugaritz izena», azaldu du Art Directors Club diseinuko saririk garrantzitsuena irabazitako Santos Bregañak. Baina muga fisikoaz gain, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko eremuan lan egiten dute Mugaritzen. «Hona datorrenasokaren gainean oreka mantentzen ibiltzen da, bi munduen artean», nabarmendu du Bregañak. Mugan egoteak dakarren indarra eta ezegonkortasuna ordezkatzen ditu pare mugikorrak, Muniategiandikoetxeak azaldu duenez.

Mahai erdiko apaingarriak berun herdoilgaitzarekin eginak daude, eta ezberdinak dira guztiak. Egileek ez dakite zenbat dauden: «Desagertu egiten dira. Jendeari oparitu, eta munduan barreiatuta daude».

«Giroa aldatzeko»

Mahai gainekoez gain, ordea, metalarekin egindako bi ere badituzte. «Bezeroak jaten ari diren bitartean, metalezko pare mugikorra lurrean jarri eta bultzatu egiten dut, nola mugitzen den ikus dezaten», adierazi du Jose Ramon Calvo, Mugaritzen jantokiko buruak.Hasiera batean berunezkoekin hasi omen zen esperimentua egiten, baina, ertzak izorratzen zirela ikusita, metalezkoak egin zituzten, espresuki. «Gu psikologoak gara, maiz. Egongelako giroan tentsioa nabaritzen dudanean edota bezeroekin loturarik lortzen ez badut, platerak lurretik ibiltzen jartzen ditut». Berehala pizten zaie jakin-mina eta mahai erdiko apaingarriari buruzko galderak egiten hasten dira, ea erosterik baduten, esaterako. «Ez daudela salmentan esaten diet nik, eta Oteizari buruz hitz egiten diet». Bezero ugari animatzen direla, ondoren, Oteizaren museoa bisitatzera, gaineratu du.

Bi artistek Adurizekin lanean jarraitzeko asmoa dute, «luxu handia» baita. «Susmoa dut hurrengo urteetan jangelako diseinuak eta liturgiak sukaldeak baino aldaketa gehiago izango dituela», esan du Bregañak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.