Ismael Manterola. EHUko irakaslea

«Arte garaikidean ere non gauden ulertzeko, nondik gatozen jakin behar dugu»

Arte garaikidearen azken 50 urteetako ibilbideari so eginez, Ismael Manterola artearen historiako irakaslea egungo arte proposamenak ulertzeko gakoak eman eta zalantzak argitzen saiatuko da, Gernika-Lumon.

Donostia
2012ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Arte garaikidea da aditu ez diren herritar askori ulertezin suertatzen zaien arlo horietako bat. Proposamen artistiko berriak herritarrengana hurbiltzeko asmoz, Arte garaikidearen gakoak hitzaldia antolatu dute gaurko Gernika-Lumon (Bizkaia); 19:30ean,kultur etxean. Bertan, egungo artelanak ulertu eta estimatzeko argibideak ematen saiatuko daIsmael Manterola (1966, Zumaia, Gipuzkoa). EHUko Arte Ederren fakultateko irakasle da.

Arte garaikidea ulertzen lagundu nahi du hitzaldiak, ezta?

Bai, hitzaldiaren helburua arte garaikidea testuinguru batean kokatzea da. Ertibil-Bizkaia ikus arteen erakusketa ibiltariarekin barruan egingo da solasaldia. Gazte sortzaileentzako lehiaketa bat da Ertibil. Erakusketa hori herri ugaritara iritsi zenean, jendea harrituta gelditzen zen, agian, hiriguneetatik kanpo ez dagoelako hainbesteko ohiturarik edo sarbiderik arte garaikide gaztea ikusi eta ulertzeko. Hala, Bizkaiko Aldundiari arte garaikidea jendarteratzeko halako programa bat egitea bururatu zitzaion. Hitzaldian, 60ko hamarkadatik gaur eguneraino artearen bilakaera zein izan den aztertuko da, ikus-entzuleari aurrean dituen artelanak ulertzen laguntzeko. Azkeneko urteetan arte garaikidean izandako joerak eta asmoak azalduko dira, jendeak helduleku bat izan dezan artelan horiek ulertzeko.

Hain zuzen ere, aditu ez denak badu askotan arte garaikidea adarjotze bat den irudipena. Hartzaileengan beste jarrera bat sustatzeko beharra al dago?

Bai, eta horregatik uste dut informazioa eta dibulgazioa oso garrantzitsuak direla. Non gauden ulertzeko, nondik gatozen jakin behar dugu. 60ko hamarkadan gauza oso garrantzitsuak gertatu ziren, artearen barruan zein gizartean. Jendeak adarjotze gisa ulertzen duena artearen eboluzio bat izan da; ibilbidea ulertu behar da.

Teknologiaren garapenarekin, korronte berriak sortu dira: Internet bidezko artea, bideo jokoen artea, software artea eta abar. Bide horri jarraituko dio etorkizuneko arteak?

Etorkizuna zaila da iragartzea. Baina uste dut arte garaikidean etorkizuna etorriko dela gizarteak duen etorkizunari lotuta. Alegia, gizartean gero eta ohikoagoak dira komunikazio eta informazio teknologia berriak eta, gerora, gizarteak pisua jartzen badu alor horretan, hala izango da artean ere. Artea gizartearen barruan dago, eta gizartea eraikitzen du. Kontuan izan behar da, hala ere, artea egitekoez dela ezer behar; ez teknologiarik, ez ezer. Eta gizarteak ere ez du ezer behar; nik sakelakoa gizarteak esaten didanetik behar dut. Hori gertatuko da artean ere. Gizarteak dituen eskakizunak izango dira artearen barruan egongo direnak ere.

Garai berri batean sartu garela entzuten dugu behin eta berriz. Konpromiso politiko zein sozialentzat ba al dago tokirik arte garaikidearen barruan?

Dudarik gabe. Hori ulertzeko berriz ere 60ko hamarkadara itzuli behar da. Artearen eta gizartearen arteko elkarrizketa hori, konpromiso politiko edo sozial moduan, orduan indartu zen. Ordutik badira artearen lerro batzuk horrekin lotuak, eta jarraituko dute. Gaur egun arteak badauzka joera ugari, eta guztiak onargarriak dira. Garai batean gertatzen zen joera batek bestea gainditzen zuela, nolabait. Gaur egungo ezaugarria, ordea, da denak direla baliogarri, modu berean, hierarkiarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.