Zinemagilea

Arrate Fernandez: «Arte eszenikoak ez dira aintzat hartzen gure lan merkatuan; gutxietsita daude»

Bere bosgarren film laburra ondu du Fernandezek: ‘Amets hegalariak’. Artearen askotariko diziplinei egindako aitortza da, eta egungo gizartearen gaineko begirada bat. Andoaingo Bastero kulturgunean emango dute bihar.

Arrate Fernandez, Bastero kulturgunearen aurrealdean, herenegun. GORKA RUBIO / FOKU
Arrate Fernandez, Bastero kulturgunearen aurrealdean, herenegun. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Andoain
2025eko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Bizi litezke, sentitu litezke, eta izan. Egiazkoak batzuk, eta gaiztoak ere bai besteak. Ametsak ditu abiapuntu Arrate Fernandez (Andoain, Gipuzkoa, 1973) zinemagilearen azken lanak: Amets hegalariak. Film laburren emanaldia antolatu dute haren jaioterrian biharko, eta Bastero kulturgunean emango dute (12:00).

Berezia da zuretzat Bastero?

Bastero gune garrantzitsu bat da gure kultur ekitaldiak egiteko, sortzeko eta bultzatzeko. Amets askoren ondorioz sortu zen. 

«Amets» nahita erabili duzu? 

[Barrez] Badirudi ametsekin jolasean ari naizela une oro! Izan ere, ametsak ez dira bakarrik gauez izaten ditugun horiek. Gure parte dira une oro. 

Amesgaiztoak ere badaude...

Eta desioak, nahiak, proiektuak... 

Eta Amets hegalariak zeintzuk dira?

Hodeien artean daudenak eta egunero aktibatzen gaituztenak gauzak egiteko. Dudaren bat edo beste izan nuen izenburuarekin. Izar iheskorrekin jokatzekotan egon nintzen, baina horixe dira izarrak: iheskorrak, iragankorrak, joan egiten dira. Amets hegalariak, ordea, ez. Inguruan dauzkagunak dira, eta kolektiboak berak sortzen dituenak. 

Giza harremanen istorio bat ere bada filma?

Bai. Guztiz. Txikitatik ibili izan naiz arte eszenikoetan, eta han asko lantzen dira harremanak. Orain, egunerokoan egiaztatzen dut harreman horiek zeinen baliagarriak diren tresna gisa. Toki askotan derrigorrezko ikasgaia da antzerkia, adibidez. Baina ez du bakarrik antzezle izateko balio. Gure adimen emozionalean ere eragiten du, eta gure portaeretan eta ahalmenetan ere bai, harreman egokiak eta osasuntsuak izateko.

Antzerkiko, dantzako eta beste diziplina batzuetako tekniken balioa aldarrikatzen duzu zuk.

Funtsezkoak iruditzen zaizkik bizitzan mugitzeko. Teknologiari eta digitalizazioari sekulako garrantzia ari gara ematen, baina...

Beste horiei oso gutxi? 

Oso egoera defizitarioan daude arte eszenikoak. Hor dago, adibidez, Lanartea elkarteak euskal artisten lan baldintzei buruz atera berri duen txostena. Aditzera eman dute, besteak beste, zenbatek utzi nahi duten lana, baldintza eskasengatik. Horrek esan nahi du talentua eta pertsona horiek duten ezagutza galdu egingo direla ez bada premiazko neurririk hartzen. 

«Euskal kulturgintzan ematen du hori normala dela, eta bokazioz egin behar dela. Baina euskal kulturgintzan ere inbertitu egin behar da»

Horregatik aukeratu duzu hainbeste diziplinatako jendea Amets hegalariak lanean?

Arte eszenikoak, diziplina horiek, ez dira aintzat hartzen gure lan merkatuan. Arte eszenikoak gutxietsita daude, ikusezinak dira, baina gero denok jotzen dugu kulturara, eta kultur baliabideetan hutsune handiak daude. Euskal kulturgintzan ematen du hori normala dela, eta bokazioz egin behar dela. Baina euskal kulturgintzan ere inbertitu egin behar da. Gero eta gehiago kontsumitzen bada, ekuazioaren emaitza da jende gehiagok egon behar duela lanean arlo horretan. Nola da posible oraindik ez egotea paradigma egoki bat? Bai gizartearen eskaerari erantzuteko, bai langileek duintasuna izateko. Izan ere, badugu talentua, baina jendea duintasunik gabe aritu da lanean urte askoan, eta pauso handia litzateke horri benetako bultzada ematea.

Artea eta duintasuna ekuazio berean, alegia.

Desagertzear dagoen arte eszenikoen mundu bati buruz ari naiz. Jende askok ezin du biziraun, ez duelako konpentsaziorik jasotzen egiten duenagatik. Bata eta bestea ez daude orekatuta. Baldintza ezegokietan arituta ere, jendeak segitzen du lan horretan, baina gero lan hori sustatzea eta hedatzea falta dira. Aspaldiko kontua da, eta horri buruz aritzea ezinbestekoa zen, eraldaketa behar baita.  

Film berean aritu zara horri buruz, suizidioaz, eskola jazarpenaz, homofobiaz...

Badut gai sozialei buruzko kezka. Inguruan bizi eta ikusten ditudanak dira. Fikzioaren bidez egin dut lanketa hori, eta sekulako pertsonaien bidez. Pandemiaren ostean, gazte asko daude halako egoeretan, eta ondorioak oso larriak dira. Gazte belaunaldi horri egindako keinu bat izan da. Kontatu diegu bizitza ez dela arrosa, arantzak dituela. Eta eman dizkiegu tresnak eta baliabideak pertsonaien bidez.

Badago haririk, zinea egiteko zure modu horretan? 

Ezetz uste nuen, baina badago: euskara. Hizkuntza kode bat da, eta nirea euskara da. 

Eragin liteke zinemaren bidez? 

Kontsumitzeko erak beste batzuk dira orain. Zineak galdu egin du esentzian nik bizitzen nuena: film bat estreinatzen zenean, aretora joaten ginen eta ikusi egiten genuen. Zeremonia bat zen; ospakizun bat. Berdin pelikula bat, kontzertu bat... eta ni hortik nator. Baina zinea unibertsala da. Gure hots nire dokumentala Boliviako eta Txileko giza eskubideen jaialdira iritsi zen, gaztelerazko azpitituluekin. Nola zinean, hala dantzan, antzerkian... esperimentaziotik nator. Gertatu den horrek ikusarazi dit beste leku batzuetan ateak irekitzen direla nahiz eta hemen batzuk itxi. Eragin liteke, beraz, zinemaren bidez; unibertsala da, eta askotariko kode eta lengoaiak lantzeko aukera ematen du. 

Zer duzu buruan hurrengorako?

Dokumental bat, feminismoari buruzkoa.

LOTSABAKO

Zine zuzendari bat?
Jane Campion edo Kathryn Bigelow.

Oso gustuko film bat?
Avatar.

Paisaia bat?
Iguazuko ur jauziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.