Aurten, 50. aldia izango du jaiak; Aralar mendi kultur elkarteak antolatzen du. Horregatik, ekainaren 17an, Nafarroako Gobernuaren Karlos III. Noblearen gurutzea jaso zuen elkarteak. Nafarroako ohiturak, bereziki artzaintza eta gastronomia, zabaltzen laguntzeagatik jaso zuen saria. Txomin Uharte elkarteko presidenteak esan du sariak harritu dituela, baina, aldi berean, pozik daude euren lana nolabait ikusgai dagoelako.
Urte berezia da, eta, horregatik, ekainean 50. urteurrenaren aurreko jardunaldiak egin zituzten. «Artzain Egunean egiten denaren didaktizazio modukoa izan zen hura», azaldu du Uhartek.
Lehia, tradizioaren parte
Biharko egitarau oparoa prestatu dute. Goizeko hamarretan izanen da irekiera ekitaldia, eta epaimahaia osatuko da.
Lehiaketa ugari ikusteko aukera izanen da Uharte Arakilen: Nafarroako ardi latxen esnearekin egindako gazta lehiaketa, ardiki lehiaketa, ardi latxen esne ekoizpenaren lehiaketa, eta ardi moztaileen txapelketa, besteak beste. Gainera, ardi latxen eta artzain txakurren erakusketak ere izango dira, eta artaldea herritik pasatuko da. Horrekin batera, goiz osoan artisau eta gazta azoka egonen dira herrian.
13:30ean banatuko dira lehiaketetako sariak, eta gazta irabazlea enkantean jarriko da. Jarraian, herri bazkaria izango da. Eguna borobiltzeko, 17:00etan, Nafarroako artzain txakurren txapelketa eginen da, eta, azkenik, omenaldi batekin bukatuko dute jaia.
Berrikuntzei dagokienez, aurten argazki rally bat egonen da. Hala ere, Uhartek nabarmendu du «oso betea» dela eguna, eta «gauza berriak sartzea beste batzuen gainean jartzea» dela.