Ezin jakin non piztu zen gure letretan ika-mikaren sua, baina hortxe dugu beti 1960an Jon Mirandek Egan aldizkarian argitaratutako artikulua, Goncourt saria dela ta, eta hari segitu zion liskarrak, Iñaki Aginagak 1961ean aldizkari berean publikatutakoa —Behar ginuen bakarra—, eta lan horri atzera Mirandek emandako erantzuna, Ene artikulu baten ‘kritika’-ren ondotik, Egan-en beti ere, ondoko urteko lehen zenbakian.
1961ean bertan —ezin jakin Miranderen eta Aginagaren arteko liskar suminak irakurririk, edo irakurtzeke ari den—, gai berari egin dio kosk Dionisio Arruti frantziskotarrak Arantzazutik, Jakin aldizkariaren 15. zenbakiko artikuluan. Erri baten misterioa titulatu du lana, eta judu-herriaz bezainbat ari da antisemitismoaz...
‘Herri baten misterioa’
Ortografia oraingo egunera ekarriz gero, honelaxe ekin dio gogoetari Dionisio Arrutik: «Bere txikian handia dela esan dezakegu judu-herria edo arraza. Derrigorrez behar indarra eta kemena, gizaldiz gizaldi izan dituen ezbehar eta sufritu beharren gain, iraun eta bizi izateko. Eta azken bolada honetan inoiz baino indartuagotu den berenganako ikusiezin edo antisemitismo hori bera ere, ez ote da, gero, herri honek zerbait berezi eta harrigarri baduen seinalea?». Hori esanik, artikuluaren titulu edo muinera itzuliko da Arruti: «Judu-herriaren edestia eta izatea misterio bat dela esan dezakegu. Eta kristauok bakarrik ulertu dezakegu, erdika badarik ere, misterio honen mamia. Judu-herriaren berezitasuna, bere izatearen muina, Jaunak Igarle eta Arbasoen bidez eman zion betebeharrean dago. Jaunaren ‘hautatze’ huraxe da bere edesti [historia] guziaren ardatz bezala».
Arrutik aitor du kristauen artean ere barruraino sartua dela antisemitismoa: «...kristauok gerok izandu omen gara —Jules Isaacek dioenez—, gaitz honen zain eta iturburu». Balio du esatea Jules Isaac (1877–1963) judu jatorriko historialari frantziarra izan zela, Frantziako Adiskidantza Judu-Kristaua erakundearen sortzailea, eta antisemitismoaren kontrako pentsalaria. Isaacek, esaterako, argi eta garbi bereizten zituen antijudaismoa eta antisemitismoa. Isaacen pentsamenduari jarraika, antijudaismoa tradizio erlijioso teologikoa da, eta hein bat espirituala. Antisemitismoa, aldiz, XIX. mendean sortutako teoria arraziala da, soziala, zeinaren arabera «juduak gauza guziez akusatzen dira, eta kontrakoaz ere bai». Antisemitismoak, Jules Isaacen ustean, antijudaismoan dituzke zain-erroak.
Dionisio Arruti bere argumentazioan Isaaci jarraika urratsez urrats: «Berak [Isaacek] dioenez, IV. mendean agertu zen gaitz hori [antijudaismoa]. Orduantxe hasi ziren, kristauak hasi ere, juduei gaur eransten dizkiegun akatsak bizkarreratzen: Kristoren etorrerarako judu-herria gaizki gertututa eta erabat gaiztatuta zegoela; Jaunaren hitza entzuteko gauza ez, eta Jainkoari berari heriotza eman ziola; Jaungoikoak betirako madarikatu eta sakabanatu zuela esanez. Batere uste gabean, judu-herria horrela ikusiz, kristauok sortu eta indartu omen dugu antisemitismo gaitz hori, eta gerok omen gara, izan ere, antisemitismorik itsuenaren, nazismo beraren zain eta sustrai». Alabaina, Arrutik «gehitxo» deritza Jules Isaacen esanari, Elizak «onartu ez ezik, gogor gaitzetsi izan baitu beti nazismoaren joera eta juduenganako ikusiezina [...] Julesek ezin dezake esan antisemitismo guzien iturri kristauok garenik, kristianismoa sortu aurretik ere gaitz hori nolabait ezagutua baitzen, eta gaur egun berean ere gaitz hori musulmanen artean ondo zabaldua eta itsatsia dago». Arruti, bistan denez, Eliza katolikoaz ari da beti.
«Kristauok sortu eta indartu omen dugu antisemitismo gaitz hori, gerok omen gara antisemitismorik itsuenaren, nazismo beraren zain eta sustrai».
DIONISIO ArrutiFrantziskotarra
Artikuluan, kristauek judu «gizajoei» egozten dizkieten salaketak xehatu ditu Arrutik, salaketa haien oinarriak aztertuz, eta Isaacen premisa bat buruan josia: «Kristianismoak erabat baztertzen du antisemitismoa». Arrutiren iritziko —Isaaci jarraika beti—, hiru dira, iraganean, juduei egiten zaizkien salaketak. Haatik, azterketari egin aurretik ere emana du epaia frantziskotarrak: «Hirurak erabat gezurrezkoak, edo egia erdika dutenak direla esanda, ez genuke huts egingo». Honenbestez, gorago aipatu akatsak aletzen ditu Arrutik —«juduei gaur eransten dizkiegun akatsak», gorago esan duenez—, kristauen ebanjeliotik aletu ere. Bere hiztegian dira Berri Ona eta Jahve, Pilatos eta Herodes, fariseoak, Paulo, Mariaren semea eta mesias...
Artikuluan aurrera, eta XX. mendera heldurik, «gure mendearen lausoa»-z jardungo du Arrutik, eta Bigarren Mundu Gerrako garaiko holokaustoari lotuko zaio: «Pertsegituak izan dira joan diren hogei mende hauetan judu gizajoak lurralde guzietan. Hala ere, aldirik gogorrena geron mende hauxe izan zaiela esan dezakegu. Hor geldituko dira gure gizaldi aurreratu honen lotsagarri bezala Hitlerren Alemanian erretako sei milioi juduen hautsak. Eta oker hori Alemania eta gizadi osoaren lotsagarri izango da. Hitlerren Alemanian juduak txakur amorratuak bezala pertsegituak zirenean, beren etxe eta elizak erre eta hondatzen zitzaizkienean, Europako gainontzeko nazioak lasai zeuden, errukarri haiek beren gaizkileari eskuetara emanez». Eta esango du Arrutik: «Eta hala ere bizi [...] Hor dago oraindik zutik eta kementsu, etsai guzien gainetik, judu-herria eta arraza». Arrutik esango digu hiru iturritatik datorkiola bizi-indarra judu-herri horri: misioa —Jainkoak aukeratutako herria izatea—, familia —«judu guziek familia bakar bat osatzen dute»—, eta lurra, «lur aginduaren ametsa eta bertara itzultzeko irrika, tinko josita dago judu bakoitzaren erraietan». Hiru horiexek eman diote irauteko indarra Arrutiren judu-herriari.
Artikuluaren amaieran, geroari begira ari da Arruti: «Judu-herria orain artean misterio bat izan bada, gerora begiratuta ere ez du asko argitzeko itxura handirik. Israelgo estatu berriak, juduen herriz herri sakabanatuta ibili behar horri, askatasun bat ematen hasi zaiola dirudi. Oraingoz, beren lurrera itzuli nahi dutenak han ondo hartuak izango diren hitza, zerbait lasaitu eta arnasa hartzeko lain bada, behintzat. Baina judu guziek ez daukate nahita ere bertara itzultzerik, Israelgo estatua txikitxoa baita lurbira osoan zabaldurik dauden 13 milioi judu bere altzoan hartzeko [...]».
»Zer bide jarraitu behar orduan? Juduei ere, gizon guziei jatorriz eta kristau-legez dagozkien gizatasun eta eskubideak ezagutu eta ematea litzateke benetako bide eta joerarik egokiena». Horixe Dionisio Arrutiren egia azkenekoa...
‘Misteriorik ez da’
Arrutiren Jakin-eko 1961eko Herri baten misterioa-ri, titulutik beretik erantzutera dator Txomin Peillen aldizkari bereko 1964ko agorreko alean. Hasteko, frantziskotarraren tituluko giltza bera darabil: Mixteriorik ez da.
Eta hasiko da Peillen, Arrutiren galderari helduz: «Zergatik juduenganako ikusiezina? [...] Sionismoa, juduen inperialismoa [...] Frantzian denok dakigu egunkari handienak [Pierre] Lazareff [1902-1972, judu errusiar jatorriko enpresari frantsesa] baten eskuetan direla, eta gerra ondoko urrikaldiaz baliatuta radioaz eta telebisioaz [jabetu] direla. Pentsa frantses paperetan propaganda judaiko horretatik aseak garenez eta ber musikak euskaldun zeretan entzuteak atsegin digunez. Hitlerrek juduei egin miseriengatik orain hutsik gabeko santuak ditugu, eta jakinean edo ezjakinean denek haien propaganda errepikatzen dugu. Tamalgarria benetan, dolugarria, ez baita antisemiten eta sionisten arteko iritzirik entzuten; eta entzuten denean ere, juduen kritika zerbait baldin bada, juduen makilatxoek erritmoa emanik, denok faxista itsusi bezala salatzen zaituzte». Horixe izan baitzen Peillenen adiskide min Miranderen kasua...».
»Are, Hitlerrek judu baino gehiago errusiar eta polako hil ditu. Errusian, soldaduen eta armagabeen artean, hamazazpi milioi, eta horregatik zergatik ez dugu Poloniatik eta Errusiatik datorren eta han egiten den guzia ederresten? Milioika errusiar eta polones, milioika ijitano hil dira, baina juduen jenioa behar zen, orduan auzi bat pentsatzeko. Turkuek duela berrogei urte berrehun mila armeniar hil zituzten, baina zenbat herri [da] armeniarrei interesatu? Beste hilketa hurbilagorik eta anaiagorik izan da, baina zein herritan talion legea erabiltzen da hamabost urteren buruan zauriak irekitzeko? [...]».
«Hitlerren Alemanian juduak txakur amorratuak bezala pertsegituak zirenean, Europako gainontzeko nazioak lasai zeuden».
DIONISIO ArrutiFrantziskotarra
»Auzia hasi gabe juduen hilketaz inkesta egin dutenak —Nurembergen hasirik—, juduak dira. Sei milioi edo seiehun mila, hilketa hilketa da eta sarraskia sarraski, baina juduen sarraskia munduko handiena izan zedin populu harrituentzat 6.000.000 hilen egilea behar zen; baina nola holako gerra itsusi gosete handia izan ondoren eta 1938ko 12 milioi juduak 11 milioietarat pasatu dira, nahiz sei milioi hil izaki? Europako periodista egiazaleak, La Gazette de Lausanne eta iparraldeko beste kazeta txikiago batzuk baizik ez dira holako dudak aipatzera ausartu».
»...auzi hori [Nuremberg] Eichmannena edo naziena dela uste baduzu, hutsean zaude. Egiazko arrazoia da sionismoaren, judaismoaren krisi bat, herrizaletasunaren eta internazionalismo juduen arteko borroka bat [...]».
«Beti [juduen] goraipamena, haien kontrako gorroto itsua bezain aspergarri da».
TXOMIN PEILLENIdazlea
»Saiatu natzaizue erakustera populu hautatua zein den. Horretan ikusten da nola judu guziak ez diren sionista. Badira, naski, juduetan besteren gisa edo hobeki ohe-estalkia berengana tiratzen dakitenak, beraz beti haien goraipamena, haien kontrako gorroto itsua bezain aspergarri da. Gainera, juduak ez garenoi ez zaigu beren propaganda-jokoan sartzea komeni».
»Azkenekotz, eta ikusiz zein zabaldua den antisemitismoa, hainbeste herri desberdinetan ezagutua, ez da dudarik antisemitismoaren arrazoi nagusia semita bera dela».
«Ez da dudarik antisemitismoaren arrazoi nagusia semita bera dela».
TXOMIN PEILLENIdazlea
Dionisio Arruti, batetik, Txomin Peillen, bestetik, zein bere aldetik garaiko Jakin-en urak bere errotara eraman nahirik, judu-herriaz eztabaidan, irakurle zuhurrak oharrarazirik gure egunetara hona aldatua.
EBROTIK BEHERA OHILDU
«Ez nuke bururatu nahi Israel hainbeste goraipatzen duten beste euskaldunei Israel sortu gabeko iritzi hau ekarri gabe: bere burua herri batetik kanpora botatu duen populu batek, mendez mende, herri horren okupatzeko zuzena al du? Juduek ez dute Palestinan erreinu bat eraikitzen ahal hangoei gorroto luketen uztarri bat leporatu gabe edo hangotarrak kanpoan ezarri gabe. Jendeen Zuzenbidean halako auzi bat laster ebakia legoke. Zergatik, Zuzenbide Politikoan, nazio batek bere zuzen osoekin kasatu, ohildu behar litzateke, antzinako jabeen ondorengoei leku uzteko? […] Oso bitxia da, eta harrigarri, nola beti libertate, zuzenbide eta justizia hitzak ahoan dauzkaten juduak ez baitira Palestinako egoiliarrez arranguratzen. […] Palestinako herritarrak lapurtu dituzte eta kanpoan ezarri (bai Israel miragarria ez saindua); baita milioi bat palestinar, musulman eta giristinoak ez dira jende Herrien arteko legez urgatziak izateko. […] Israelgo lege arrazistak aipatzea merezi dute, zeren arabeei kalean ezin bizia egiten dieten. […] Goazen gu ere Errioxa eta Nafarroako herri deseuskaldunduen konkistatzera, erdiak hil ditzagun, beste erdiak Ebroren behera ohildu».
(Txomin Peillen, Mixteriorik ez da, Jakin, 1964).