Mendi ibilaldia

Arrola eta inguruak, GR-123 ezagutzen

Arrola eta inguruak, GR-123 ezagutzen.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Areta, Anuntzibai, Aiazatza, Elorritxugana, Larragorri, Arrolako Santa Marina, Zubiaur, Orozko
  • Distantzia: 14 km.
  • Iraupena: 3 ordu eta 10 mn.
  • Ingurunea: Bizkaia inguratzen duen ibilbide luzearen lehenengo etapa osatuko dugu Areta eta Orozko artean.
  • Estekak: Ibilbidea
2007ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Hogei urte bete dira aurten mendira joateko moduetan aldaketa sakonak hasi zirenetik Bizkai aldean. Ordura arte Javier Maloren mapak baino ez genituen erabiltzen tontorrak topatzeko, eta mendi taldeetan federazioak zerrendatutako Ehunekoak egitea zen helburu nagusia belar zapaltzaileontzat, eskalatzaileek deitzen ziguten legez. Baina Europatik haize berriak zetozen eta markaturiko Ibilbide Luzeen moda hedatu zitzaigun (GR), baita marrak, zutoinak eta mendi gidak ere. Garai hartakoa dugu nire lehen liburua: Bizkaiko Bira: GR-123 eta aldakiak (1990), 1987an Durangoko Alpino Tabirak bi urterako antolatu zuen txapelketaren ondorioa. Sarea etengabe hedatu da ordutik eta hasierako marra zuri-gorriei (GR) zuri-horiak gehitu zaizkie (PR). Gaurko ibilbidean, Bizkaiko lurraldea inguratzen duen GR-ren etaparik laburrena aukeratu dizuet adibide gisa: Areta--Orozko.



ARROLAKO SANTA MARINA. XXI. mendeko erromes berriek baseliza ugari aurkitu ditzakete aipatutako GR horretan, baina tontorretan hiru baino ez: Kolitza, Atxarre eta Arrola. Aurreko biez, behin baino gehiagotan idatzi dizuet, bai EGUNKARIA-n (96/03/15, 97/06/27), bai EGUNKARIAn (06/03/31-06/06/09). Zorretan nago, hortaz, Arrolarekin. Jakina, mendi puntan ermita izateak erakargarri bihurtzen du tontorra , eta, aterpetxo irekiren bat eta mahaiak eta sua egiteko aukera izanez gero eskura, jendea tropelean hurbiltzen da. Horretaz gain, inoiz inguruari buruz istorio misteriotsuren bat zabalduz gero, arrakasta ziurtatuta dago. Diotenez, adibidez, ermita Larragorrin egin nahi omen zen, baina baten batek materialakgauez garraiatzen ei zituen eraiki zen lekura. Bada, horixe da Arrolaren patua, erakarri egiten dituela mendizaleak, eta askotan baita ibilgailuak ere.



MARRA ZURI-GORRI ZAHARREKIN BAT. Aretako Anuntzibai multzoan hasiko gara A-2522 errepidetik Orozkorantz, A-68 autobideko ordainlekutik hur. La Cadena auzoan Bizkaian sartuko gara eta Burullagako Aizetza seinalean aldatsari eutsiko diogu. Aiazatza auzo erdian asfaltoa baztertu, etaburdin hesi albotik gorako pista hartuko dugu, marra zuri-gorriak bidaide. Muruetako errepidera irten, eta jarraitu egingo dugu Pagatzaurtundua auzoraino (52 min). Aurrerantzean, marrek ez ezik, harri piloek ere gidatuko gaituzte bidegurutzeetan. Arte bakar handia dagoen bihurgunean (1 h 10 min), gaineko aldera abiatuko gara pistaren bidez, lehenengo pinudi eta gero pagadian zehar. Elorritxuganako gurutze ostean (726 m) Lurralde Historikoen mugarria duzue (9. zk.). Mendilerrotik hego-ekialdera joko dugu, Larragorri lepoko pinudian eskumako pistatik. Zuhaitzak amaitu ostean, tontorrera abiatuko gara artez. Larragorriko G.A.EDESAren buzoian Jesuri ipintzen du (750 m). Ipar-ekialderantz jaitsiko gara, Arrolako ermitara hurbiltzeko. Eraikin bi daude tontorrean: Santa Marina ermita eta seroraren etxea izandako aterpea. Jaisteko aukera bi daude.1- Arinena: aterpe azpiko atetik beherako mendilerrotik hasi eta, 10 minutura gaineko aldea utzirik, ezkerreko atetik jaitsi. Gero, Mendiola auzora irten, San Juanera joan eta autobidepetik herrigunera (guztira: 35min). 2- Luzeena: aurreko lepora itzuli, eta auzoz auzo jaisten den bide zabalari lotu, Oditzaga, Sagarminaga, Meatza, San Juan eta Zubiaur (guztira: 50 min).

 

Anuntzibai multzoa



Aspaldi idatzi zuen J.R. Iturrizak inguru horren izenaren pean ahuntz eta ibai osagaiak ezkutatzen zirela eta K. Mitxelenak berak Apellidos Vascosliburuan berretsi. Monumentuei dagokienez, eraikin bat baino gehiago ikus daiteke Erdi Aroko egituraketa gordetzen duen multzo horretan: dorretxea, ermita, zubia eta ola. Erdia Bizkaian kokatzen da (Orozko) eta beste erdia Araban (Areta); Altube ibaiak mugarri lanak betetzen ditu. Gaur egungo jatetxea, esaterako, XX. mendeko jauregian ipini zuten, antzinako dorretxea bota ondoren. Eremuan bertan San Migel ermita ikus daiteke eta lorategian hainbat apaingarri: aingura, Gorbeiako gurutzea, behia, eta abar. Osagairik deigarriena zubia dugu, 1741ean Martin Larreakoak egina, idazkiaren arabera. Lehoien artetik garaipen arkura heldurik, hango gurutze eta eskulturen osteko olaren egoera tamalgarriak minberatu egiten du bat-batean bisitaria. Noizko Foru Aldundien arteko hitzarmena inguru guztia berritzen hasteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.