Arriolaren eleetara fida

Euskararen historiaren lekuko izan zen Gasteizen. Etxean euskararik ez jaso arren, aitagandik zetorkion sentimendua lanbidea ikasteko garaian ernatu zitzaion. Euskarak Gasteizen gerra ondoan egindako urratsen lekuko isil mutu izan zen. Katebegi galdua.

JOSE ANTONIO ARRIOLA
Arriola gaztea, ezkerretara, aita zuenarekin. URTZI ARRIOLA
Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2024ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

93 urtetan hil zen Jose Antonio Arriola Madina, urtarrilaren 7an, Gasteizen, eta badira hamar urte, berriz, lekukotasuna eman zigunetik. Laurogeitaka urte gainean, garai hartan, eta ez zen bere buruaz fida, dudatzen zuen memoria zuzen ari ote zitzaion edo iragana berrasmatzen. «Holako eleetara nor liteke fida», esanez mintzo zen ordukoan Arriola zena. «Ez nire izenik ezarri paperean, ez naiz-eta nire buruaz fida. Ez dakit ziren bezala esaten ditudan gaztetako haiek, edo gauzak eta izenak ez ote naizen ari zeharo nahasten». Gerra ondoko garaiaz ari zen Arriola, batean eta bestean lanbide ikastegi edo aprendiz eskolak irekitzen ari ziren aldiaz. Eta, hor, Jose Maria Arizmendiarrieta dugu eragile.

Aprendiz eskolak

Arizmendiarrietaren merezimenduen artean da aintzat hartu zituela gazteak. Zerutik jakina denez, Leintz bailarako kooperatiba mugimenduaren lehen eragileak lanbide eskola bat ireki zuen Arrasaten 1943an. Leintzen ez ezik, Gasteizen, Hernanin, Tolosan eta beste zenbait herritan ere ireki zituzten gisako ikastegiak.

Inondik ere, ekimen horietan guztietan, eta Gasteizen, oroz gain, beste abade bat izan zen bidegile: Pedro Anitua. 1941eko apirilaren 14an, hamabost mutil gazte hartu eta aprendiz eskola ireki zuen Gasteizko Prado kalean; laster, Olabe Fundazioaren Arana kaleko geletara jo zuen eskola hark. Handik lau urtera, Anituaren asmo berean, Demetrio Ruiz de Aburuza jesuitak Jesus Langile eskola ireki zuen.

Jose Antonio Arriolaz den bezainbatean, mekanikari trebatu zen Gasteizko aprendiz eskolan, eta, harrezkero, lan horixe egin zuen hiriburuan bertan, Orbea kartutxo lantegian.

Ageri denez, eskola haien helburua zen, derrigorrezko eskola hamalau urtetan beterik, garaiko fabriketan lanean hasten ziren gazteei kualifikazioa eskaintzea, beren lanarekin batera beren buruak ere duintzeko. Hiru urteko formazioa burutu, eta ofizialia titulua jasotzen zuten aprendiz haiek.

Jose Antonio Arriolaz den bezainbatean, mekanikari trebatu zen Gasteizko aprendiz eskolan, eta, harrezkero, lan horixe egin zuen hiriburuan bertan, Orbea kartutxo lantegian. Haatik, lanbidean kualifikatzeaz batera, besterik ere egin zuen Arriolak ikaskide izan zituenekin batera, hau da, Obdulio Lopez de Lacalle, Anjel Aranzabal, Peli Martin, eta besterekin. Eta hobeko dugu izenok gogoan hartu...

Pedro Anitua, Ramon Narbaiza...

Ez da zurian beltz ezarria, Jose Antonio Arriola defuntuaren hitzak dira oraindik, haize hego egunetan firin-faran dabiltzanak. «Bata zen Pedro Anitua, eta, bestea, berriz, Ramon Narbaiza. Guk aita Ramonekin genuen harremana. Zen, behar lekuan egoten zena, eta, hala ere, beti nahiagoko zizun itzalean. Tandem bikaina osatzen zuten Anituak eta Narbaizak». Biak ere apaiz, eta aprendiz eskola hura elizbarrutiak eragindako ikastegia izanik —bateko tornu eta besteko fresatzaile—, erlijioa ere ikasgai zuten aprendiz gazteek. «On Ramon Narbaiza genuen erlijio irakaslea... baina hura ez zen ohiko kristau eskola. Narbaizak ez zigun dotrinarik ez antzekorik irakasten. Honetaz eta hartaz hitz egiten genuen, iritzia trukatzen». Eta 14 urtetan hasi, eta aprendiz ikasten Arriola-eta, 18 urte bitartean.

Andoni Perez Cuadrado zenak Miren Terese Urrestarazuri buruzko Bidegileak-en alean idatzi zuenez, berriz, eskola hartan euskarazko eskolak ere eman izan ziren, Terese Urrestarazu irakasle zela. Jose Antonio Arriolak, haatik, Terese Urrestarazu ez, baina neba, Andoni Urrestarazu Umandi, izan zuen irakasle. Ramon Narbaizaren bultzadaren bitartez heldu zen gure Arriola, hainbatekin batera, Urrestarazurenera.

Villa Nieves

Mutila baizik ez zen aprendiz eskola hartan. Eta, horretan, zoria eta patua izan ziren tarteko.

40ko hamarkada horretan bertan, eta lehenengo aprendiz eskola hura abiatua zela, Gasteizko elizbarrutiak etxe bat jaso zuen dohaintzan, Adurtzako Nieves Cano kalean: «Villa Nieves». Dohaintzak, haatik, baldintza bat ere bazuen: irakaskuntzarako erabili beharko zuen elizbarrutiak. Eta hortxe Pedro Anitua eta Ramon Narbaiza gureak. Nola ireki zuten Arana kaleko mutilentzako aprendiz eskola, halaxe ireki zuten neskentzakoa, jantzigintzan eta administraritzan zailtzeko asmotan.

Eta giro horretan, bat egin zuten batzuek eta besteek, Narbaizak eta Terese Urrestarazuk ez ezik, garaian euskararen inguruan Gasteizen mugitzen ziren gutiz gehienak.

Andoni Urrestarazu

Jose Antonio Arriola zenak esanda dakigunez, Ramon Narbaizaren eskolak ezohikoak ziren, ikasleek hitz egiten zuten, batak bestearen iritziak aditzen zituzten. Berandu gabe, Narbaiza mendi irteerak antolatzen hasi zen. Eta Arriolaren arrazoia: «Mendira joaten ginen haietan bat egin genuen Arana kaleko mutilok, batetik, eta Villa Nieves hartako neskek, bestetik. Ez zegoen Erregimenaren kontrako amorratua izan beharrik, abertzaletzeko. Egia da on Ramonek [Narbaiza] erakutsi zigula bidea Andoniren [Urrestarazu] etxera euskara ikastera joateko». Hain zuzen, 1941ean, Andoni Urrestarazu etxean ari zen euskara irakasten, gerraurreko banketxeko lana galduta. Umandi-ren ikasle izan zen Arriola aprendiza, 1951 arte, euskara eskola haiek etenarazi zituzten arte, Andoni Urrestarazuk deserrira bidea hartu behar izan zuenean.

1951n Francoren Erregimenak ezagutu zuen lehen greba egin zen, bizitza garestitzearen kontrako bi eguneko protesta Espainiako Estatuan. Ondoko errepresioak latz jo zuen EAJ, eta, oroz lehen, alderdiaren sarea Gasteizen, eta Andoni Urrestarazu eta gainerako lagunak ez ziren zaparradatik onik irten.

Umandi, hasteko, Bakea kaleko kartzelan eduki zuten, eta, ondoren, bizilekua hiriburutik 100 kilometrora hartzeko agindu zioten. Jose Antonio Arriolak ezin izan zion urratsik urrats segitu Urrestarazuren ihes isilgordeari: «Egun batean, betiko moduan joan San Antonio kalera, Andoniren [Urrestarazu] euskarazko eskolara, eta haren arreba Teresek beste inork ez gintuen hartu. Andoni kanpora joana zela esan zigun. Jakin genuenez, grebaren ondoko egunetan hiru lagunek ihes egin zuten Gasteiztik, hirurak EAJkoak. Handik egun batzuetara, Baionara-edo onik heldu zirenean, eta etxekoei jakinarazi zietenean, jakin genuen guk ere zer zen haien ‘kanpora joatea’». Deserriratzea, alegia.

Eta, esate baterako, Jose Antonio Arriolak artean gordea zuen Urrestarazuk 1953an Pariseko erbestetik bidalitako eskutitza. Gordeak zituen, era berean, irakasleak banatu ohi zizkien oharrak, eta, haiekin batera, orrialde haiexek baliatuz Urrestarazuk Parisen ondutako gramatika: Euskal-Eliztia (euzkeraz idatzita), 1955eko edizioa.

250 ikasle

Andoni Urrestarazu gabe, ahal zuten moduan egin zuten aurrera haren ikasle prestuek. Bataren eta bestearen etxean bildu, eta euskara ikasten saiatu ziren. Ikasle haietakoa izan zen Pakita Abaitua: «Jose Antonio Arriola, Peli Martin, Jose Antonio Zabala, Molinuevo, Jose Luis Uribe, Antonio Agirrezabal, Iregi... Andonik [Urrestarazu] alde egin zuenean, bataren etxetik bestearenera hasi ginen, euskarazko eskola haiei segida ematen», altxapeka, alegia.

HAURRAK TRENEAN
Ikastolako haurrak, Gasteiztik Estibalitzera trenean, txangoan, 1964-65 urtea.

1956an, Peli Presa euskaldun berriak ekin zion euskara irakasteari Florida parkeko institutuan, oraingo legebiltzarraren egoitzan.

Peli Martinek idatzirik dakigunez, 1957an 250 ikaslek eman zuten izena Floridako institutuko euskarazko ikastaroetan. 64 ikasleko zerrenda gorde zuen Martinek. Haietan dira Andoni Urrestarazuren ikasle izanak, Arriola, Agirrezabal, Iregi, Abaitua... eta Ugarte, Aranzabal, Lopez de Lacalle...

RAMIRO MAEZTU INSTITUTUKO IKASLEEN ZERRENDA, 1957
1957an 250 lagunek eman zuten Gasteizen euskara ikasteko izena. Irudian, zerrendako lehen orrialdea. PELI MARTIN

1963ko abenduaren 4an, berriz, Gasteizen gerra ondoko lehen ikastola sortu zenean, deitura berak ageri zituzten umeek, Lopez de Lacalle, Aranzabal eta Arriola —Elosegirekin-eta batera, adibidez—, eta eman zioten hasiera oraindaino arte iraun duen mugimenduari, Jose Antonio Arriola defuntuak sententziatu zigunez:

—1945ean, aprendiz eskolan hasi ginenean, gazteak ginen, ezkongabeak, eta 1960an, berriz, ezkonduak, hiru-lau urteko seme-alabak ere bagenituen. Peli Martin ea haurrak euskaraz eskolatuko ote genituen galdezka etorri zitzaigunean, baietz erantzun genion, eta Izaskun Arrueren etxera eraman genituen gure umeak!

Eta Arriola zaharra begiz begi katea osatzen, iragan mendeko 40ko hamarkadatik 60koraino, Gasteizko euskararen historia eginez, eta gu haren eleetara fidaz.

arriola, katebegi

 

JOSE ANTONIO ARRIOLA
jose antonio arriola madina (Trapagaran, 1931 - Gasteiz, 2024).

 

  • 1945.

     Jose Antonio Arriola Gasteizko aprendiz eskolan hasi zen.

     Garaian, Andoni Urrestarazuren etxera jo zuen, euskara ikastera.

  • 1946ko uztailaren 18a. Frantzisko de Vitoriaren monumentua inauguratzea. Presoen aldeko ekintza sonatua. Atxilotuen artean, Urrestarazu.
  • 1951. Francoren Erregimenaren kontrako greba. Gasteizen, errepresioak deserrira behartu zituen EAJko zenbait kide. Tartean, Andoni Urrestarazu. Euskara ikasteari ez zioten utzi Urrestarazuren ikasleek, Arriolak eta bestek.
  • 1953. Urrestarazuk Parisetik igorri postala jaso zuen Arriolak.
  • 1955. Urrestarazuren gramatika argitaratu zuen, Euskal-Eliztia.
  • 1957. Euskara eskolak Ramiro Maeztu institutuan. 250 ikaslek eman zuten izena. Tartean zen Arriola.
  • 1959. Raimundo Olabideren omenezko jaialdia Gasteizko Principal antzokian, eta euskarazko lehen gogo-jardunak Gasteizen. Hantxe, askorekin batera, Arriola. Euskarazko mezak eta katekesia ere egiten zituzten, eta egosi zuten ikastola...
  • 1963. Lehen ikastola, Izaskun Arrueren etxean. Lehen ikasleetako bi izan zituen Arriola-Pangua senar-emazteen Iñaki eta Xabier.
  • 1967-68 ikasturtea. 85 umek eman zuten izena ikastolan, eta Estibalitz hiribidera lekualdatu zen.
  • 1969. Raimundo Olabide izena hartu zuen ikastolak.
  • 1973. Ikasleak gero baino gero gehiago, eta Lasartera eraman zuten ikastola. Bertako guraso izan zen Arriola. Azaroan, batzar nagusia, euskara batua auzi. Istilu gorria. Batuaren kontrako, lanari utzi zion Izaskun Arruek. Berarekin batera utzi zuten ikastola hainbat gurasok. Tartean, Arriolak: «Esaten zuten, ‘Hatxea da erreboluzioaren espresio plastikoa’!».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.