Arriaundiko matrioxka

Aranzadi zientzia elkarteak eta BERRIAk antolaturik, hirurogei BERRIAlagunek Larunbeko aurkikuntzari buruzko azalpenak jaso dituzte, Juantxo Agirre Mauleon indusketako buruaren gidaritzapean

BERRIAlagun taldea Arriaundiko aztarnategi arkeologikoan, Doneztebe baselizaren arrastoen artean.
BERRIAlagun taldea Arriaundiko aztarnategi arkeologikoan, Doneztebe baselizaren arrastoen artean, Larunben. UXUE BARRENETXEA / BERRIA
joxerra senar
Larunbe
2024ko ekainaren 22a
18:55
Entzun

Hamabost urte atzera joz gero, inork ez zekien Larunbeko Arriaundi mendiaren tontorrean, Nafarroan, bi ondasun ezkutatzen zirenik. Alta, 2010etik hona egindako indusketa arkeologikoetan, Aranzadi zientzia elkarteak argitara atera ditu bi altxor, egurrezko errusiar panpinak irekitzen dituenak nola: lehenik, XI. mendeko Doneztebe baselizaren arrastoak atera zituen lurpetik; 2022ko udan, berriz, baselizako putzu batean gordeta zegoen aldarea, Larrahe baskoien dibinitateari eskainia.

Iragan larunbatean eman zuten azken aurkikuntza horren berri, eta astebete geroago, BERRIAk eta Aranzadik antolaturik, hirurogei BERRIAlagunek osatutako talde batek bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu xehetasun ugari. Denboran eta paisaia ikusgarri horretan barna egindako bidaian, gidari ezin hobea izan dute: Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadiko idazkari nagusia, arkeologoa eta indusketetako burua.

Liburua, salgai

Zertzelada guztiak Larrahe izeneko liburuan bildu ditu Aranzadik, eta igandetik aurrera salgai izango da. BERRIAk eskaintza berezia egingo die erosi nahi duten BERRIAlagunei. Mauleonek azpimarratu du arkeologo gazteak trebatzeko erabiliko dutela salmentetatik lortutako dirua. 

Larunben, 10:00etan ongietorria egin zaie Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik etorri diren adin guztietako BERRIAlagunei. Lehenik Aranzadik berak landutako hamabost minutuko dokumentala ikusi dute, adi-adi, herriko elkartean. Segidan ekin diote goranzko bideari. 

Lehen geldialdian, Mauleonek ikerketaren garrantzia azpimarratu die. «Frantziak bere historiografia du, eta Espainiak berea». Alta, Mauleonen aburuz, Euskal Herriko historia ikertzeko orduan beharrezko da historiografia horiek egintzat ematen dituzten erantzun batzuk auzitan jartzea. Kasurako, noraino heltzen zen baskoien lurra? 

Ordubete geroago iritsi dira Arriaundira. Sakanako pasabidea eta Iruñerria ikusten dira handik. Aranzadirentzat lan egiten zuten argindar teknikari batzuek aholkatuta joan ziren taldeko kideak hara estreinakoz, 2010ean. Mauleonen arabera, berehala jabetu ziren kokagune berezia zela. Artxibategi zaharretan aipaturiko Doneztebe baseliza agertu zen indusketatan, Iruñeko erregeen aginduz XI. mendean eraikia. 

2022ko udan, berriz, ara erromatarra aurkitu zuten bertako putzu batean, Larrahe dibinitatearen omenezko aldarea. «Harria topatzean, berehala esan nuen zutik jartzeko, ea zerbait idatzita ote zeukan. Eta hala zen!». Ordu hartako emozioa azaldu du Mauleonek. Aldarea zergatik bota ote zuten galdera airean geratu da, eta hipotesi posibleekin jolas egin dute denek.

Guztia amaituta, familia argazkia egin da. «Interesgarria izan da azalpena, alde zientifikoa eta baita erromantikoa ere», nabarmendu dute Agosti Aranburu eta Elixabete Lopez zarauztarrek. «Azalpen aparta eman du», aipatu du Maitane Diez areatzarrak. Maribel Garatek eta Garbiñe Agirrek «halako aurkikuntzak gustuko» dituzte, eta gogoz hartu dute bertatik bertara ikusi ahal izatea.

Berrialagun taldea, Arriaundiko tontorrean

BERRIAlagunen taldea, Arriaundiko tontorrean. UXUE BARRENETXEA - BERRIA

Maiaren bertsoa

Pasa den asteko aurkikuntzarekin lotuta, Aranzadik Jon Maia bertsolariaren bertso bat argitaratu du. Larrahe kantuz izenburupean, Arriaundi mendian bertan grabatu dute bideoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.