Haurren arreta faltak elkarrizketa ugari sortzen du gaur, bai kalean, bai eskoletan eta bai psikologia eta psikiatria kontsultetan ere. Dakizuenez, AEBetan, 1990etik hona bost bider baino gehiago handitu da hiperaktibitatea eta arreta falta diagnostikoa duten umeen kopurua: 600.000tik 3,5 milioira igo da, hain zuzen. Epidemia berri baten aurrean ote? Gaur gai zabal honen hasierako puntu batzuk jorratuko ditugu.
Egia esan, psikologia klinikoan arreta arazoen azterketak ez dira batere errazak, eta diagnostikoak azterketa kliniko eta multifaktoriala izan behar du. Baina, kalean triste egotea eta depresioa izatea nahasten diren moduan, arretaren kontzeptuan ere horrelako sinplifikazioak gerta daitezke.
Liburu bati esker, gure irudimenari esker, oroitzapenei esker, gerta daiteke gu fisikoki hementxe egotea eta gure pentsamendua beste leku urrun batean, haurtzaroan zein helduak garenean. Sarritan izaten dugun esperientzia bat da, eta ohartu gabe zein nahita erabiltzen dugu: batzuetan, gu konturatu gabe gure pentsamenduak ihes egiten du errealitatetik, nora? Oporretara, hurrengo partidara, gure barne beldurretara, gaztetako kontuetara edo geroaldian gerta litezkeen egoeretara. Eta, horrelakoetan, geure burua nondik dabilen konturatzeko, denbora behar dugu, eta arreta erabiltzea, kontzientzia pizteko.
Beste batzuetan, alderantziz, pentsamenduaz bidaiatzea aukeratzen dugu, apropos: adibidez, egun gogor baten ondoren eleberri bat irakurtzea edo telebista piztea aukeratzen dugunean, estresetik eta kezketatik ihes egiteko.
Horrez gain, gaur egun esku artean daukagun teknologiari esker, gure gorputza hemen egon daiteke, baina gure burua han eta hemen, leku batetik bestera ibil daiteke: Whatsappen, Interneten zerbait egiaztatzen edota aurrez aurre daukagun pertsonarekin harremanean. Gure arreta aldatuz doa, antzerki batean argi izpiak pertsonaia batetik bestera bezala,eta arreta mota hori ez da erraza.
Prozesu horiek guztiz normalak eta beharrezkoak dira gizakiengan. Haurtzaroan arreta mantentzeko prozesu psikologiko horiek ez daude behin betiko finkatuta: kronologikoki gure burmuina heltzen den arabera, gure gaitasunak ere sortu eta indartu egiten dira. Baina umearen inguruak, bizitza emozionalak, familia ohiturak eta gizarteak berak ere eragin bizia sortzen dute. Hori dela eta, umeak familian hazteko, jagoteko eta irakasteko bideak 50 urte hauetan nola aldatu diren ikusita, eta gure gizartea bera hiperaktiboa bilakatu den neurrian, ez duzue uste eragin inportantea izan daitekeenik?
Osasuna. Aro berriak. Psikologia
Arreta eta aditasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu