Donostiako Egia kaleko lehenengo zenbakiak arreta ematen du. Mahai gainean, maskorrak daude; ezkerrean, ur berdez betetako hodi bat, eta, paretan, arrautza oskolez egindako bi koadro. Organic Studios da. Paula Francok (Usurbil, Gipuzkoa, 2000) uztailean zabaldu zuen sortze laborategia. Barruan nonahi ikus daitezke kafe hondarrak eta tipula, laranja, mango eta sandia azalak.
Zer da hodi berde hau?
Basque BioDesign Centerren egin nuen masterreko proiektua da. Etxeko laborategi bat da. Pentsatzen dut etorkizunean denok izan ditzakegula etxean horrelako laborategiak. Zertarako? Bakoitzak bere materialak sortzeko. Algak kultibatzeko hodi garden bat da. Algek argia eta nutriente batzuk baino ez dituzte behar. Fotosintesiarekin biomasa bat sortzen da; spirulina, adibidez. Lehortzen utzi, eta hainbat gauza sor daitezke: elikagaiak, kosmetikoak, bioplastikoak... Kontzeptu futurista da, baina zentzua dauka.
Hondakin pila bat duzu estudioan. Zer egiten duzu?
Oraindik ez daukat oso argi zer egiten dudan [barrez]. Oraingoz, materialen ikerketan ari naiz, eta ikastaroak egiten ditut, haurrentzako zein helduentzako. Elkarlan proiektuak ere ari dira sortzen; azken batean, hau irekita dago beste sortzaileentzat. Pixkanaka ari naiz. Duela urte batzuk horrelako leku bat ikusi izan banu, flipatuta geratuko nintzen. Ikasle modura joatea gustatuko litzaidakeen estudioaren jabe naiz. Ikerketarako eta sormenerako lekua da.
Aitzindaria zara.
Arte Ederretatik nator, baina oso zaharkituta dauden teknika horiek ez zidaten arretarik eman. Ez nuen hiru dimentsioko inprimagailurik edo laserrik ikusi. Arteak etengabeko garapenean egon behar du, eta, mundua eraldatzeko, sormena behar da, beste ikuspuntu eta beste pentsamolde batzuk garatu. Biodiseinuko masterra egin nuenean, txundituta geratu nintzen.
Hor hasi al zen dena?
Bai, duela lau urte. Etxean konbutxa kultibatzen eta hartzitzen hasi nintzen, ehun begetal bat sortzeko. Azalaren moduko zerbait sortu zen, eta liluratuta geratu nintzen. Su txiki bat, lapiko bat eta egurrezko koilara bat aski dira. Orain, etxean denak erotu samar gaude; ez dugu zakarrontzira ezer botatzen, dena da deshidratatu eta deshidratatu.
«Jendeak hondakinak ikusten dituen lekuan nik aukerak ikusten ditut».
Biomaterialen munduko funtsezko kontzeptuetako bat da begi bistan dagoenetik harago ikusten ikastea. Nik ez ditut hondakinak ikusten, propietateak ikusten ditut. Arrautza oskol bat begiratzen dudanean, nik kaltzioa ikusten dut. Kaltzioa oso gogorra da, eta ez da degradatzen. Bitxiak egin daitezke. Intxaur oskolekin, berriz, kirtenak. Hondakin organikoetatik artea egiteko lehengaiak lortzen ditut: papera, larrua, harria, plastikoa... Atzean prozesu luze bat dago, baina emaitzak izugarriak dira. Modan asko erabiltzen ari dira.
Nolakoa da prozesua?
Hondakina garbitu egin behar da, gero deshidratatu, eta ondoren birrindu. Pikorren tamainak emaitza baldintzatzen du; erresistentzian edo elastikotasunean eragin dezake. Mundu bat da. Gero gelifikatzailea behar da biomasa sortzeko. Gelifikatzaileen mundua amaiezina da. Algetatik datoz asko, baina gelatina ere badago, edo xantano goma... Gelifikatzaileen arabera ere emaitza bat edo beste izan daiteke; biozeramika, biozementua, bioplastikoa...
Donostiako taberna eta jatetxeekin ere ari zara elkarlanean.
Donostia gastronomiaren hiria da, pintxoen hiria. Ederki jaten da, baina horrek beste alde bat dauka, eta da pila bat tona hondakin organiko sortzen dela. Jendeak ezin du imajinatu ere egin. Izugarria da. Taberna batzuetan hondakinak ematen dizkidate, hilabete batean arrautzak, beste batean kafea... Tabernetako menuak plastikoz egin beharrean, bioehun batekin egitea da asmoa. Horretan ari gara.
Arteaz eta zientziaz mintzatzen zara, baina horren guztiaren atzean filosofia bat dago.
Bai, filosofia horrek ematen dio zentzua honi guztiari. Oso kezkatuta nago ingurumenarekin. Plastikoa erabiltzera oso ohituta gaude, eta ez gara ohartzen petroliotik datozen materialak oso toxikoak eta kutsagarriak direla. Ondorioak jada ikusten ditugu, eta neurriak hartu behar ditugu. Beste bizimodu bat aldarrikatzen dut: naturarekiko errespetuz bizitzen ikasi behar dugu, eta jasangarritasuna ezinbestekoa da.
LOTSABAKO
Hondakin bat?
Arrautza oskola.Pieza bat?
Biozeramikarekin egindako bitxiak.Artista bat?
Neri Oxman. Arkitektura, ingeniaritza, biologia eta artea uztartzen ditu.