Arraunen jiran, Euskal Jaiak

Bihartik irailaren 8 arte, Euskal Jaiak izango dira Donostian; irailaren 7an, Sagardo Eguna egingo dute, besteak beste

Ioseba Imanol Vilas donostiarrak egin du aurtengo Euskal Jaietako kartela; ezkerretik, laugarrena. J. MANTEROLA / ARP.
Donostia
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Abuztuaren amaierarekin batera, iritsi dira aurten ere Donostiako Euskal Jaiak. Bihartik irailaren 8ra arte, euskal kulturaren alor ezberdinetako ekitaldiz beterik izango da Donostiako egitaraua. Euskal Jaien ardatza estropadek osatzen badute ere, izango da musikaz, dantzaz, gastronomiaz eta beste kirol batzuez gozatzeko aukera ere. Sailkatze estropadak bihar arratsaldean izango dira; finalak, berriz, datozen bi igandeetan. Gainontzeko egunetan ere izango da zertaz gozatua, ordea.

Irailaren 7an, esaterako, 28. Sagardo Eguna ospatuko dute Konstituzio plazan. Iaz bezala, 10:45ean, idi pare batek urteko uztako lehen muztioa eramango du Loiola kaletik Konstituzio plazara; bidean, muztioa banatuko dute. Hamaiketatik aurrera, berriz, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 40 sagardo edateko aukera izango da plazan. Trikitilariek alaituko Sagardo Azokako giroa, eta 12:30ean bertso saioaizango da.

Musikak ere izango du lekua Euskal Jaietan. Lauroba taldeak kontzertua emango du igandean, 20:30ean, Konstituzio Plazan. «Laurobak egin du Donostiako estropadei eskainitako abestiaren musika, eta igandeko kontzertuan abestia aurkeztuko du», adierazi du Nerea Txapartegik, Udal Gobernuaren Kultura eta Euskara arduradunak. Irailaren 7an, berriz, bertsolariez gozatzeko aukera izango da Konstituzio plazan: Uxue Alberdik, Sustrai Colinak, Beñat Gaztelumendik, Unai Iturriagak, Aitor Mendiluzek eta Julio Sotok Donostia Bertsotan saioa eskainiko dute.

Nola ez, dantzarako aukera ere izango da. Irailaren 1ean, 11 bikotek parte hartuko dute Donostiako Dantza Sueltoko Txapelketan.Bestalde, irailaren 7an, plaza dantzak egingo dituzte Konstituzio plazan, 00:30ean. Parte hartu nahi duenak ez du aitzakiarik; izan ere, irailaren 2tik 5era entseguak izango dira Zuloaga plazan, 19:30ean.

Protagonistak estropadak izan arren, beste kirol batzuentzako denbora ere izango da Euskal Jaietan. Bigarren urtez, Toka Txapelketa antolatu du Parte Zaharreko Jai Batzordeak. Irailaren 5ean izango da, Zuloaga plazan, 19:00etan. Leku berean, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV harri-jasotzaileek erakustaldia egingo dute irailaren 6an. Horrez gain, astean zehar Esku Pilota Txapelketa egingo dute Trinitate plazan. Irailaren 7an, berriz, Kontxa Badiako Igerialdia, Urpolo Txapelketa eta Urgulleko Krosa izango dira.

Jaiak janez gozatu nahi dituenak, bestalde, San Juan Kalean izango du aukera. Irailaren 6an, herri afaria izango da han. Marmitako jana egingo dute, eta Paul eta Eider trikitilariak ere han izango dira. Irailaren 8an, berriz, sardina jana izango da eguerdian, Izaskun eta Uxue trikitilariekin.

Viktoria Eugenian, poesia

Bestalde, Viktoria Eugenia antzokiko Club Aretoa poesiaren aterpe bilakatuko da irailaren 3an eta 4an; Poesia Orduak izango dira, 20:00etatik aurrera. Lehen egunean, Anjel Lertxundi eta Antton Valverderen 3L-ak ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da; Lizardi, Lauaxeta eta Leteren poemak irakurriko dituzte.

Irailaren 4an, berriz, Tenpora proiektua aurkeztuko dute. Bost musikari eta bi idazle elkartu dira proiektu horretan: Hasier Oleaga, bateria; Itsaso Etxebeste, baxua; Juantxo Zeberio, teklatua; Elene Arandia, ahotsa; eta, Karlos Linazasorok eta Harkaitz Canok, letra. «Ordu eta laurdeneko ikuskizuna da, musika eta poesia uztartzen dituena; denok egongo gara taula gainean, baita idazleak ere», adierazi du Zeberiok.

Haurrentzako eskaintza ere izango da, noski. Irailaren 7an, Dragoiaren Jaitsiera egingo dute Urgull menditik, 17:00etan. Herensugea, erraldoi eta buruhandiekin batera ibiliko da kaleetan. Zuloaga plazan, berriz, txokolate jana izango dute, 18:30ean. Plazan bertan, indioen bizimodua ikasteko aukera ere izango dute.

Aurtengo Euskal Jaien kartela Ioseba Imanol Vilas donostiarrak egin du, eta jaia osatzen duten elementu guztiak bildu ditu: sagardoa, harri-jasotzaileak, zezensuzkoa, arraunlariak, bertsolariak, talogileak, dantzariak, trikitilariak... Denak ageri dira kartelean, marrazki alaiekin irudikatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.