Arrauna, irribarre batekin...

Espainiako Llaut Txapelketa jokatu da asteburuan, Malagan. 63 ontzik parte hartu dute, kategoria ezberdinetan banatuta; tartean izan dira Donostiarrak elkarteko arraunlariak.

Malagako portuan jokatu da Llaut Txapelketa, asteburuan, eta 26 elkartek parte hartu dute. BERRIA.
Malaga
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Zertarako jarri ote dute garagardo txorrota uretaratzeko arrapalaren ondoan?». Hori izan zen Malagako portuan, Espainiako Llaut Txapelketako lehen kanporaketan, Donostiarrak elkarteko arraunlariek elkarri egin zioten lehen galdera.

Asteburuan jokatu da Espainiako Llaut Txapelketa, Malagan (Andaluzia, Espainia), eta 63 ontzik parte hartu dute, tartean Donostiarrak elkarteko kideak.

Donostiarrak arraun elkarteko arraunlariek iaz parte hartu zuten aurrenekoz Mediterraneoko uretan bakarrik jokatzen den Espainiako Llaut Txapelketan. Traineru, batel eta trainerillak dira Euskal Herrian ezagutzen eta erabiltzen diren ontziak. Mediterraneoan, baina, ontzi ezberdinak dituzten arren (falucho, xebeka txikia...), llaut izenekoa da hango arraun mugimenduak bateratutakoa. Zortzi lagunek eta lemazainak osatzen dute ontzia. 150 kilo ditu, traineruak baino 50 gutxiago, eta motela da oso.

Aurreko urtean, Tarragonako San Carles de Rapitan (Herrialde Katalanak) jokatu zen Espainiako txapelketa; irabazi eta gero, 1.000 kilometrotik gorako bidaia egiteko gogoz abiatu ziren Donostiarrak-ekoak, ondo oroitzen baitziren estropadaren bueltan sortzen zen giroaz eta arrauna ulertzeko moduaz. Titulua defendatu eta udako denboraldiari arnasaldi bat emateko abiatu ziren.

Espero zutena topatu zuten: izugarrizko arraun giroa. Ez du antzik Kantauriko uretan egon ohi den giroarekin. Partaidetzari begiratuta, emakumeak 235 ziren, eta gizonezkoak 340. Beteranoen kategorian, emakumeek beste gizonek parte hartu zuten (35-60 urte bitartekoak). Finean, Espainiako txapelketa izanik ere, arraunaz eta arraun giroaz gozatzea da parte hartzaileek duten helburua. Txapelketaren jiran den guztia horretara bideratzen da.

Arraunlarien arteko harremanak ere inbidia ematen zuen. «Estropada bukatu eta arrapalatik irten ahala, zoriondu, besarkatu, eta 'zer moduz' galdetzen ziguten». Finalean, azkenak eginda ere, estropadagatik eta emandako mailagatik zorionak jaso zituzten donostiarrek, beste arraunlari eta bertaratutako zaleen aldetik. Udako arrapaletan halakoak gertatuko balira...

Akaso, kirola ulertzeko moduak ezberdinak dira. Akaso, kultura kontua da. Baina, halako leku batean, Kantauriko estropadetako haserre, oihu, aurpegi oker eta espektakuluek ez dute lekurik. Arrauna irribarre batekin ulertzen dute. Euskal Herrian gertatzen ez den bezala, haientzat aski poz bada estropada egitea. Aurrenak edo azkenak egin, emozioz hartzen dute kanporaketa eskasena ere: arraunlarien arteko besarkada estuak, musuak, elkarte bereko arraunlarien arteko babesa, txaranga giroko elkar animatzea... Guretzat, gehiegizkoak ziren haien arteko ukitzeak, mimoak... Kultura kontua izango da.

Arrauna, beste modu batean

Haien baliabideek ere ez dute inolako zerikusirik Euskal Herrikoekin. Elkarte batzuek, adibidez, lau-bost talde izanda, ontzi bakarra zuten; partekatu egin behar izaten zuten ontzia. 15 urteko gazteetatik hasi eta 55 urteko andrazkoetaraino, llaut ontzi bera izaten zuten. Horrek berotzeko denbora gutxiago izatea zekarren, ontziaren neurriak ezin egokitzea... Partekatzea, lehiaren ikuspegitik, kalterako izaten da, baina lehia hartzeko modua da ezberdina.

Lemazainen kasua ere bitxia zen oso. Gutxieneko pisutik gertu zen gazte bat zeramaten donostiarrek. Haiek, baina, ez zioten horrenbesteko garrantzirik ematen lemazainaren pisuak sortzen duen denbora galerari; ez pisuari, eta ez leman joateko moduari ere. Batek baino gehiagok, goizeko ordu txikietan garagardo bat baino gehiago edanda, doako mugimendua zeraman ontzian. Bazen arraunlariak baino gehiago pisatzen zuenik ere. Donostiarrentzat ulergaitza zen.

Dena barnean duten bidaietan bezala, estropadako paper ofizial guztiekin batera, arrosa koloreko eskumuturrekoa jaso zuten donostiarrek. «Nahi genuen guztia jan eta edan genezakeen portuko tabernatik». Horretarako zen arrapalako garagardo txorrota. Arraunlariak, arrapalatik irten eta ontzia utzi bezain azkar, besarkadak, zorionak eta musuak jaso ondoren, txorrotara biltzen ziren, egarria ase eta esfortzua indarberritzeko.

Guk kirola hartzeko beste modu bat dugun arren, Kantauriko ur hauetan arrauna irribarre batekin ulertuko bagenu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.