Arrasto ezabaezina

Hedabide digitalentzat funtsezkoak dira ‘cookie’-ak, edukiak doitzeko eta publizitate zorrotzagoa egiteko. Batzuk harpidetza eskatzen hasi dira haiek desaktibatzearen truke. ‘Cookie’-ek eta harpidetzak, biek dute helburu bera: datuak lortzea.

cookie
BERRIA-KO DISEINU TALDEA
amaia igartua aristondo
2024ko martxoaren 6a
05:00
Entzun

Metafora batekin izendatzen dira: cookie-ak. Galleten papurrak, baina digitalak; sarean lagatako arrasto jarraigarri bat. Edozein webgunetan sartu, eta erabiltzaileak berehala izaten du haien berri: orrian arakatzen hasi baino lehen erabaki behar baitu cookie guztiak onartuko dituen, hautaketa bat egingo duen, edo derrigorrezkoak ez diren beste guztiak desaktibatuko dituen. Informazio iturri mamitsua dira, oroz gain. Hedabide digitalek, kasurako, nabigazio pertsonalizatuagoa eskaintzeko baliatzen dituzte, baita marketin estrategia zorrozteko ere. Eta joera batek agerian utzi du berriki datu horiez duten premia: izan ere, hedabide digital batzuk harpidetzak eskatzen hasi dira cookie-ak desaktibatzearen truke.

Konparazio batek argi azaltzen du zer diren cookie-ak: nortasun agiri digital bat, Gari Araolaza Codesyntaxeko kidearen arabera. «Etiketatxo gisakoak dira, webguneek erabiltzaile bati jartzen dizkiotenak, eta etiketatxo horrekin identifikatzen dute erabiltzailea: ez dakite nor den, baina modu unibokoan identifikatu dezakete». Hots, etiketa horretara lotuta geratzen dira hark sarean egindako urratsak. Badituzte onurak, eta arriskuak, baita askotariko helburuak ere. Eta batzuk derrigorrezkoak dira webguneek funtzionatu dezaten. Balio dute hizkuntza lehenetsia ezartzeko, eta zuzenean webguneen euskarazko bertsioan sartzeko, esate baterako; edo balio dute, orobat, bankuak jakiteko nori erakutsi behar dion kontu korronte jakin bateko informazioa. Nabigazioa errazteko eta erosoago egiteko erabiltzen dira, funtsean. «Baina derrigorrezkoak dira, hain justu, arriskutsuak ez direnak», nabarmendu du Araolazak.

«Kasu batzuetan, arrisku txiki-txiki bat egon daiteke, norbaitek zure izenean zerbait egitea; baina hondarrekoa da», esan du Codesyntaxeko kideak. Kontrara, pribatutasuna da kezka, nagusiki. «Ezagutzen gaituzte, eta informazio oso pribatua dakite gutaz». Jakin dezakete, adibidez, herriko udal webgunean sartu den horrek halako kreditu txartel zenbakia eman duela hurrengo egunean; edo sintoma batzuk bilatu dituen hark farmazia gertukoenaz itaundu duela gutxi geroago. Zenbat eta zabalkunde handiagoa, jarraipena egiteko orduan eta ahalmen handiagoa izango dute cookie ekoizleek. «Gure webgunean cookie bat jartzen badugu, ez dugu asko jakingo. Baina operadore handiek —Google, Facebook, Twitter...— joaten garen beste hainbat webgune eta zerbitzuetara jarrai diezagukete».

«Gure webgunean cookie bat jartzen badugu, ez dugu asko jakingo. Baina operadore handiek —Google, Facebook, Twitter...— joaten garen beste hainbat webgune eta zerbitzuetara jarrai diezagukete»

GARI ARAOLAZACodeSyntaxeko kidea

Eta hedabide digitalek? Ez dirudi enpresa handien baliabide eta hedapenik behar dutenik cookie-ez aprobetxatzeko. Angeriñe Elorriaga EHUko Ikus-Entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko irakasleak xehatu du zer informazio eskuratu dezaketen. «Nondik konektatzen garen, zer ordutan, zer motatako gailuetatik, noiz dagoen trafikorik handiena, zer orri bisitatzen diren gehien, zenbat bisitari berri dauden, zenbat errepikakor...». Big data-rekin zerikusia du, zehaztu duenez. «Big data, berez, ez da erabilgarria; erabilgarria da smart data bihurtzen denean. Hau da, informazio hori guztia garbitzen denean, eta enpresak interesatzen zaizkion datuei erreparatzen dienean».

Datuok gauza mordo baterako erabiltzen dituzte hedabideek, Elorriagaren esanetan. Batetik, nabigazioa pertsonalizatzeko. «Informazio horrekin edukia doitzeko aukera daukate. Gailu ezberdinetatik sartzen garenean, gailuak gordeta dituen cookie-en arabera, erabiltzaile bakoitzak ikusten duen edukia desberdina da. Interesgarriagoa izateko egiten dute, eta guk gero eta denbora gehiago irauteko webgunean. Hori nahi dute hedabideek: denbora gehiago egotea, eduki gehiago kontsumitzen». Bestetik, publizitatea segmentatzeko funtsezkoak dira, Araolazak nabarmendu duenez.

Datuen arrastoan

Arau aldaketa batek eragin du harpidetzak ezartzea. Iaz, cookie-en baimenekin lotutako berrikuntza batzuk onartu zituen Datuak Babesteko Europako Batzordeak, eta, horietan oinarrituta, bere jarraibideak egokitu zituen AEDP Datuak Babesteko Espainiako Agentziak, uztailean —sei hilabeteko tartea ezarri zuen aldaketak inplementatzeko; aurtengo urtarrilaren 11n bukatu zen epea—. Araudiaren arabera, erabiltzaileak libreki eman behar du baimena; hau da, cookie-ak ez onartzeak ezin dio galarazi webguneak eskaintzen dituen zerbitzuetarako sarbidea. Hori horrela, beti egon behar da alternatiba bat cookie-ak baimentzeko aukeraz gain, baina, batzuetan, alternatibak ez du zertan doakoa izan, erakundeak argitu duenez. Aukera hori ordainpeko ipintzen hasi dira hedabide batzuk; tartean, Hego Euskal Herriko zenbait.

Zer galtzen du hedabide batek erabiltzaileak cookie-rik gabe nabigatzea erabakitzen duenean? Ba al dute beste biderik datuok eskuratzeko? Elorriaga: «Nahiz eta cookie-ak desaktibatu, web analitikaren bitartez lortzen dituzte datuak. Hedabide guztiek aztertzen dute zer gertatzen den euren webgunean. Eta hori cookie-en bitartez lor daiteke, edo analitiken bitartez». Zein da, baina, bi iturrien arteko ezberdintasuna? «Analitikaren bitartez lortzen ditugun datuak gordinagoak dira, ez hain pertsonalizatuak», zehaztu du Elorriagak.

«Nahiz eta cookie-ak desaktibatu, web analitikaren bitartez lortzen dituzte datuak. Hedabide guztiek aztertzen dute zer gertatzen den euren webgunean»

ANGERIÑE ELORRIAGAEHUko Ikus-Entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko irakaslea

Harpidetzak sustatzeak motibazio bera du, irakaslearen berbetan: ez hainbeste dirua lortzea —izan ere, hedabide batzuek oso diru gutxi eskatzen dute cookie-ak desaktibatzeko—, baizik eta datuak erdiestea. Datu are pertsonalizatuagoak, gainera, Elorriagak azpimarratu duenez. «Cookie-n bitartez ez dira datu pertsonalak gordetzen. Baina harpidedunek datu pertsonalak ematen dituzte: adina, sexua, bankuko datuak, bizitokia...». Hortaz, datu iturri bezala interesgarriagoak zaizkie harpidetzak. «Marketinean, zenbat eta datu pertsonalizatuagoak izan, orduan eta kanpaina eraginkorragoak izango dira. Ez da gauza bera kanpaina masiboak egitea, edo kanpaina oso segmentatuak, oso-oso ondo zuzenduak segmentu eta publiko konkretu batzuetara».

Nolanahi ere, etekin horiek bigarren mailakotzat dauzka Elorriagak, datu pilaketaren beste erabilera batzuen aldean. «Benetan kezkagarria zera da, datuak garela, zenbaki batzuk, eta portaera patroiak sortzen direla: hau da, etorkizuneko portaerak aurreikus daitezke, eta egoera horretarako prestatuz joan. Nola sustatu ahalko ditut bisitak? Hor atzean marketin estrategia bat dago».

Arriskuak txikitzea

Saihetsezinak dira cookie-ak, baina askotarikoak izan daitezke horien inguruko jokaerak. Tokikom erakundearen parte diren hedabide digitaletan, cookie-ak erabiltzen dira, bai, baina mugatuta, Joxe Rojas IKT eta Komunikazio arduradunak esplikatu duenez. «Baliabide tekniko gisa erabili izan ditugu orain arte». Erabiltzaileari esperientzia errazteko eta edukiak pertsonalizatzeko balio diete: esaterako, webgunean sartutako datuak gordetzeko, orrira sartzen diren bakoitzean pasahitza ipini beharrik ez izateko. «Baina ez dugu egiten cookie-en erabilera intentsiboa, ez dugu haietatik informaziorik ateratzen».

«Orain, zalantza handiak ditugu Googleren zerbitzuen erabilerarekin, badakigulako cookie-en erabilera masiboa egiten dutela eta hainbat datu irabazten dituztela»

JOXE ROJASTokikomeko IKT eta Komunikazio arduraduna

Etika kontua da, onartu duenez. «Gure DNAn irakurlearekiko konfiantza eta gertutasuna dago, eta uste dugu horren barruan sartzen dela erabiltzaileak argi eta garbi jakin dezan zer informazio daukagun». Gauzak horrela, jakin nahi dituzten datuak irakurleei galdetzen dizkiete zuzenean, zerbitzua hobetzeko xede hutsarekin: papereko aldizkariren bateko bazkideei, argitalpena etxera bidaltzeko beharrezko informazioa itaunduta; eta, edukiak pertsonalizatzeko, zuzenean galdetuta euren gai gustukoenen inguruan. «Baina ez ditugu erabiltzen erabiltzaileen profil zehatzak egiteko».

Horrek ez du arriskua erabat ezabatzen, ordea. Izan ere, webgunean publizitatea sartzeko edo irakurleak zenbatzeko erabilitako programak cookie ekoizle izaten dira. «Orain, zalantza handiak ditugu Googlen zerbitzuen erabilerarekin, badakigulako cookie-en erabilera masiboa egiten dutela eta hainbat datu irabazten dituztela». Azaldu duenez, webgunean publizitatea sartzeko, sistema estandar edo onartu bat behar dute —batez ere agentziekiko eta iragarle handiekiko harremanetarako—, baina ezin dute jo ordainpekoetara, garestiegiak direlako, eta iragarki prezioak asko puztuko liratekeelako; hori horrela, Googleren zerbitzua erabiltzen dute, eta enpresa berekoa da, halaber, bisitak neurtzeko programa; doakoak dira, baina trukean datuak erauzten dituzte. «Saiatzen gara pribatutasun maila handiena erabiltzen. Publizitaterako ez dugu behar maila horretako segmentaziorik, eta konfigurazio panelean amatatu egiten ditugu erabiltzailearen generoa, nabigazio historia, kokapena eta horrelakoak detektatzeko aukerak. Adibidez, Azpeitiko [Gipuzkoa] webgunean sartzen den erabiltzaileari Azpeitiarekin lotutako iragarkiak erakustearekin nahikoa daukagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.