Hainbat istorio biltzen ditu Donostiako kaiko arrapalak. Garai bateko zein gaur egungo bizilagun askok bertan igaro dituzte udako arratsalde eta iluntzeak. Batzuk uretan bainatzen, besteak arrapalan eguzkia hartzen, eta txikienak txakurtxoaren jokoan, bertatik igarotzen zirenei txanpon bat uretarako botatzeko eskatuz diru pixka bat lortzen. Orain, Eusko Jaurlaritzak hesi bat jarri du hori erregularizatzeko. Eusko Jaurlaritzak aditzera eman duenez, segurtasun arrazoiengatik itxi da arrapala. Hala ere, ez dute informazio gehiago eman. Hori ikusirik, uztailaren 29an, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak elkarretaratzera deitu zuen, Kaiko arrapala ez pribatizatu! lelopean. Donostiako beste hainbat elkarte eta mugimenduk ere bat egin zuten deialdiarekin: Bizilagunekin, Parte Zaharreko eta Karmengo jai batzordeak, Parte Zaharra Aske, Herria elkartea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Orixe ikastolako guraso elkartea, Arrano Beltza elkartea, Kresala elkartea, Sortu, GKS eta Ernai.
Elkarretaratzean, auzotarrek, auzoetan, kaian eta kaleetan jasaten duten pribatizazioaren eta kolonizazio prozesuaren azken kapitulua arrapalarena dela salatu zuten. Horrekin batera, Parte Zaharreko bizilagunentzat, uda garaian hirian gelditzen den arnasgune txikietako bat dela ere azpimarratu zuten, eta gaineratu,kaia legez babestuta dagoela ondare material eta immaterialean. «Gure ustez, ondare materiala arretaz zaindu behar den bezala, jarduera sozialak ere modu egokian babestu eta zentzuzko eran egokitu behar dira», adierazi zuen Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.
Bizilagunak, hesiaren aurka
Amagoia Lopez (Donostia, 1978) kaiko bizilaguna da, eta uste du azken gertakarien bidez publikoa behar lukeen arrapala pribatizatzen ari direla. «Guk argi dugu arrapala ontziak itsasoratu eta ontziratzeko lekua dela, baita ikastaroak abiatzekoa ere, baina uste dugu denona dela, eta denok erabili beharko genukeela», adierazi du Lopezek.
Kaiko arrapalak urte mordoa daramatza bertan. Bizilagunak esan duenaren arabera, txikia zenean ontziak igo eta jaisteko gurdi handi bat zegoen, txalupak bertan pintatzen zituzten, eta ohitura mordoa zeuden.
Gainera, bertakoentzat oso leku garrantzitsua dela nabarmendu du: «Denok ikasi dugu bertan igeri egiten, guk, gure seme-alabek eta baita gure gurasoek ere. Betidanik esan izan dute arrisku puntua duen gunea dela, baina, hori jakinda ere, guretzat oso berezia da».
Kaia erabiltzen duten bizilagun zein enpresa pribatuak harremanetan jartzeko, lantalde txikiak sortu dituzte auzotarrek, eta helburua da denen arteko elkarbizitza sortu eta denen erabilerarako izatea, bai auzotarrentzat, bai Nautikoko txalupentzat, bai eta ikastaroentzat ere.
Hori ikusirik, Lopezi ez zaio alternatibarik bururatzen, eta egoera oso zaila dela uste du. «Pena handien ematen didana da bertakoak ezin garela inon egon. Belaontzi mordoa daude, eta, orain, kaia ez da arrantzaleen portu bat, haiek ez daudelako. Esaten digute portua txikia dela, eta bai, txikia da, baina hala ere, Nautikoko ontzi pila bat sartu nahi dute, eta oretaduan, noski, txikia geratzen da. Donostiako herritarrok ere nonbait egon behar dugu».
Bizilagunak behin eta berriro azpimarratu du auzotarrei ere ez zaiela gustatzen gunea gaizki erabiltzea, besteak beste, kaiko puntetatik saltoka ibiltzea, edota igeri egin ezin den lekuetan igeri egitea. «Guretzat garrantzitsuena arrapalako gune hori denon erabilerarako izatea da. Badakigu nahiko masifikatua dagoela, baina ez dugu uste irtenbidea ixtea denik. Donostiako herritarrok egoteko gune bat nahi dugu, ez besterik».
Hirugarren aldiz itxita
Ez da lehenengo aldia kaiko arrapala itxita dagoena. 2020ko udan topatu zituzten lehen aldiz hesiak auzotarrek. Pandemia egoera zela eta, jende pilaketak eragozteko itxi zutela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, haizearekin erori egiten ziren hesiak galerna zegoenean, eta hainbat bizilagun kexatzen hasi ziren horregatik. Iazko ekainean, berriz ere itxita topatu zuten arrapala, ontziak ontziratzeko eta lehorreratzeko bakarrik zela jartzen zuen kartel batekin. Hala ere, Klub Nautikoak eskaintzen zituen ikastaroek bertatik irteten jarraitzen zuten, eta ikastaroetan parte hartzen zutenen senideek behin baino gehiagotan arrapalaz disfrutatzen zutela salatu dute hainbatetan auzotarrek. «Orain, itxitura dago, baina erdian irekita egoten da. Jendea aldapan gora eta behera ibiltzen da, eta gu egon ere bertan egoten gara. Oraingoz, ez digute ezer esan», azaldu du Lopezek.
Orain arte, Eusko Jaurlaritzak ez diete arrapalaren inguruko azalpenik eman bizilagunei, eta, Eneko Goia Donostiako alkateakesan duenaren arabera, ireki eta itxi egingo da hesia; ez dute betiko itxiko.
Arrapala hirugarrenez itxita
Donostiako kaiko arrapala ixteko hesi bat jarri dute. Hori ikusirik, auzotarrek euren kexa adierazi dute, denena den gunea pribatizatzen ari direla azalduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu