Turismoa

Arrantzatik aisialdira

Jendeak uda amaieraz gozatzeko gogoa dauka Algortako Portu Zaharrean: badaude hondartzara joan direnak, baita errugbira jokatzeko bildu direnak ere. Tabernetako mahaiak ere bete dira.

Algortako Portu Zaharreko etxeak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Getxo
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Kale batetik bestera,paisaia aldatu egiten da Algortan (Getxo, Bizkaia). Muxikebarri kultura zentroa atzean utzita, aldapan behera eginez, ez da eraikin alturik ikusten, ez dago errepiderik, ez dago zaratarik, antzinako etxe zuri eta txikiak baizik. Algortako Portu Zaharra da.

XVII. eta XVIII. mendeetako etxeak dituen auzoa da Algortako Portu Zaharra. Antzina, arrantzale portua izan zen, baina aisialdirako gunea da gaur egun.

Kaleak estuak eta aldapatsuak dira. Askotan, bertako etxeek itsasoa desagerrarazten dute; kresal usainarengatik, hala ere, itsasoaren presentzia nabarmena da bazter guztietan. Landarez apainduta dagoen etxe batean dago Julio Garcia. Etxea garbitzen ari da, lurrera erori diren adartxo eta hostoak jasotzen. Bere bigarren etxebizitza den arren, urte erdia baino gehiago igarotzen du han Garciak: «Asteburuero nator, eta udan hiru hilabetez egoten naiz». Giro «lasaia» dagoela adierazi du; txoriak ere ez dira entzuten.

Etxe guztiek dute euren izena sarrera ondoan dagoen xafla batean idatzita. Txalupa izena du batek, eta arrantzaleen garaia gogora ekarriz, sarez eta arrantza egiteko erremintaz dauka apainduta etxeko sarrera. Horren ondoan dago Kalimotxoaren etxea: bertan nahastu omen zituzten ardoa eta Coca Cola lehen aldiz. Kolore zuriko etxeak diren arren, guztiek dituzte atea eta leihoak beste kolore batez margotuta. Portu Zaharraren erdiko plazan kolore berdea da nagusi. Han dago Arrantzale taberna; eta hango langilea da Aitor Libano. Algortarra da, beraz, ondo ezagutzen du Portu Zaharra: «Batez ere arkitekturak egiten du zonalde hau erakargarri». Gero eta turista gehiago joaten direla azaldu du, baina bertako jendea ere badagoela. Libanok esan duenez, plaza horretan dago «argazkietan gehien agertzen den munduko txakurra». Izan ere, taberna gaineko etxean txakur bat dago, eta jende askok argazkia ateratzen dio, besoarekin egiten duen mugimendua gustatzen zaielako.

Portu Zaharreko kaleetan galtzea erakargarria den arren, beheko aldetik ikusten den paisaia gustatu egiten zaio Miriam Ruiz bilbotarrari. Toki «miresgarria» iruditzen zaio; horregatik, portuaren argazkiak ateratzen ari da, gero Whatsappeko profilean jartzeko. «Egunero-egunero saiatzen naiz etortzen, goizean, edo bestela, lanetik irteten naizenean», adierazi du Ruizek. Nahiz eta Bilbokoa izan, Portu Zaharraren parte dela sentitzen du. Han paseatzea gustuko du, edo garagardo bat hartzea, edo, besterik gabe, bertan jesarrita egotea, ingurunea miresten: «Hemen erlaxatu egiten naiz, eta gero hobeto bueltatzen naiz etxera». Oporretako azken eguna du Ruizek, eta hura gozatzen ari da. Hala ere, ziur dago lan egin arren, hurrengo egunetan ere joango dela.

Jendea hara eta hona dabil itsas ondoko bidean: batzuk korrika, beste batzuk paseatzen, eta beste batzuk bizikletan. Azken hori aukeratu du Goio Palmerok: «Maskararekin paseoa ematen badut, ito egiten naiz; nahiago dut bizikleta hartu eta nahi dudanean gelditu eta deskantsatu». Itsasoaren ondoko banku batean dago jesarrita Palmero, bere herri «kuttunari» begira. Duela 40 urte, Espainiatik etorri zen, eta ez dauka hemendik mugitzeko asmorik: «Beste hainbat toki bisitatu ditut, baina txoko honek duen xarma izugarria da». Pandemia dela eta dena mugatuago dagoen arren, giroa ikaragarria dela dio Palmerok: «Jende askok gustuko du hemengo tabernetara etortzea, eta itsasgora dagoenean, jendeak portutik uretara salto egiteko ohitura dauka».

Bankuan ez, baina olatu hormaren amaieran jesarri da Lourdes Unzueta, bere paseoarekin jarraitu aurretik eguzkiaz gozatzeko: «Normalean, Azkorri hondartzatik etortzen naiz, itsaslabarretik, eta Ereaga hondartzara joaten naiz». Bat dator Palmerorekin esatean giro alaia sortzen dela jendea portuko eskaileretan batzen denean.

Kirola egin, garagardo bat hartu zein bainu bat hartu; guztiek argi dute oporrak amaitzeko toki ezin hobea dela Portu Zaharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.