Eguraldi kaskarra zegoen atzo Lekeition, baina eguerdirako atertu, eta jende andana bildu zen San Pedro egunean. Kaxarranka dantzaldia izan zen herritar gehien bildu zuen ekimena. Asier Uskolak dantzatu zuen, ohitura zaharrek agintzen duten legez: zortzi mutilek heldutako kaxa gainean; eta alkandora, praka zuriak eta gerriko gorria soinean, eta xistera eta banderatxoa eskuan zituela.
Lekeitioko jai ezagunenak irailean ospatzen direnak badira ere, sanantolinak, lekeitiar askok nahiago izaten du San Pedro eguna. Arbasoengandik zuzenean jasotako ospakizuna antzezten delako izango da, agian.
Izan ere, itsasoarekiko lotura hein batean galdu bada ere, arrantzale munduko tradizioak jarraitzen dituzte sanpedroetan lekeitiarrek. Kaxarrankak arrantzale kofradiako buruaren aldaketan du jatorria. Kofradiako buruak kofradia kudeatu eta diru kontuak antolatzen zituen, eta arrantzaleek aukeratzen zuten. Eta hurrengo egunean, ekainaren 30ean, buru berriaren etxera eroan ohi ziren kofradiako ondasunak, eta etxe aldaketan dantza egiten zen diru kutxaren gainean.
Goiz hasi zen atzo eguna Lekeition. Lehen eguzki izpiak irten bezain laster, dei eittekuak hasi ziren kalez kale. Antzina arrantzaleak esnatzea zen dei horien helburua, portura joan, ontzian sartu eta itsasora zitezen.
Santa Maria elizako meza nagusiaren ostean, San Pedroren omenezko prozesioa egin zuten, herriko musika bandak lagundurik. Urtero legez, kilin-kalakoa egin zuten San Pedroren irudiaren parean. Arrantza sasoia ona izan dadila eskatzen dute horrela lekeitiarrek, santuaren irudia uretara botatzeko keinua eginez.
Bitartean, kofradiaren egoitzaren aurretik segizio txiki bat atera zen, txistulariei segika. Antzina kontu liburuak gordetzeko erabiltzen zen kutxa gainean Uskola zihoan, kaxari eusten zortzi mutil gazte, eta beste horrenbeste arraunak lepoan kutxa inguratuz. Taldetxoak geldialdiak egin zituen leku jakinetan, San Pedroren irudiaren parean lehenengo, eta kofradian gero. Lekeitiar ugari zein kanpotik etorritako asko bildu ziren kaxarranka ikustera. Txalo eta irrintzi artean dantzatu zituen Uskolak zortzikoa, arin- arina eta fandangoa. Ez da lan erraza kaxa gainean oreka mantentzea, baina trebezia handia erakutsi zuen gazteak. Prozesioaren azken geldialdia, berriz, udaletxe alboko plazan izan zen.
Andrazkoak ere dantzan
Kaxarrankako protagonistak gizonezkoak badira ere, andrazkoen aurreskua ere dantzatu zen atzo Lekeition. Herriko Etorkizuna dantza taldea izan zen ekimena antolatzearen arduradun, eta kaxarranka kofradia parean zen bitartean, herriko plazan aritu ziren andrazkoak horren ezaguna ez den doinupean dantzan. Ez zen kofradian besteko jendetza bildu, baina ikuskizunaz gozatu ziren bertaratu zirenek.
Bederatzi neskak ilaran hasi ziren dantzan, zapi zurien bidez eskuak loturik. Dantza egin ahala, jende artean mutilak bilatu eta eurekaz plazara irtetera gonbidatzen zituzten. Bakoitzarentzat bikotea aurkitutakoan, jota dantzatu zuten elkarrekin. Emakumeak fin, baina gizonak ere eskas ez, txalo eta barre artean, eta biribilketan amaitu zuten dantzaldia.
Arratsaldeko herri daborrada ere garrantzitsua izan ohi da Lekeitioko jaietan. Ikastola aurrean hasi zen, eta Aittitta Makurra txarangaren esku egon zen berau alaitzea.
Baina ez dira oraindik lekeitiarren jaiegunak amaitu. Gaur, San Pedro Txiki eguna dela eta, musika, buruhandiak eta Kilin-Kala igeri lehiaketa egongo dira. Bihar, San Pedro Baltza eguna ospatuko da, eta mezaz, umeentzako jolasez eta pilota partidez gozatzeko aukera egongo da.
Ezarian. Kaxarranka Lekeition
Arrantzaleen herrian, ohitura zaharrak
San Pedro egunean egin ohi dutenez, kaxarranka dantzatu zuten atzo Lekeition. Azken urteetan bezala, Asier Uskolak dantzatu du kutxa gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu