Udako proposamenak

Arrantzaleen eta saregileen omenez

Arrantzaleak eta saregintzan aritutako emakumeak oroitzeko eguna da gaur Donostian.

2022ko arrantzale eta saregileen eguna. IRUTXULOKO HITZA
2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Donostiako Karmengo jaiek urteroko forma hartuko dute gaur, 1927. urtean hasi baitziren Gipuzkoako Arrantzale Zaharren Omenaldia egiten; aurten 97. urtez ospatuko dute, beraz, kaian. 2011n, gainera, sareak egiten aritutako emakumeak gehitu zituzten omenaldira, eta hala egiten jarraitu dute geroztik. Aurreko urteetako molde berean hasiko dute eguna: Donostiako Udalak eginen die lehenbiziko harrera gonbidatuei; udaletxean bertan elkartuko dira.

Hasierako agurra aditu ondotik eta kontu zaharrak oroitu eta gero, dantzariak izanen dituzte esperoan. Udaletxeko ekitaldia bukatuta, kofradia itsas etxera joanen dira hamaiketakoa egitera, eta bertatik abiatuko da itsasontzi bat Karmengo amabirjinarekin, otorduaren ondotik. Prozesioa itsasontziz eginen dute hasieran, eta lurrera iritsitakoan portuko San Pedro elizara joanen dira, arrantzaleen eta saregileen omenezko meza entzutera. Elizatik ateratzerako, opari bat izanen dute: Kresala dantza taldeko dantzariek hainbat dantza dantzatuko dizkiete. 

Guztira, 322 lagun omenduko dituzte, baxurako arrantzaleak eta saregileak, 70 urtetik goitikoak, nahiz eta guzti-guztiek ezin izanen duten bertaratu. Agertuko direnek, dena dela, presente izanen dituzte egun osoan. Omenaldi eguna itsasoan bizi izandakoak oroitzeko baliatzen dute urtero, arrantzale anitzek ez baitute elkar ikusi lana utzi zutenetik. Hala, gustura aritzen dira bataren eta bertzearen kontuak aditzen. 14:00etan, goizekoak eginda, Gaztelubide elkartera joanen dira bazkaltzera, eta omenduen oroitzapenek eta tertuliek gidatuko dute otordua. 

Baxurako arrantzaleak

Baxurako arrantzaleek kostaldetik gertu egiten zuten arrantza, ontzi txiki edo ertainetan. Txalupa jebeek beti izaten zuten familiako emakumeren bat sarea konpontzen. Jabeen premiaren arabera soldata baten truke lan egiten zuten andre haiek. Sarea apurtzen zenean, gizonek soka zuriz erdi konpontzen zuten itsasoan bertan. Apurketa txikiak zirenean, ez zen traina gelditu beharrik izaten: emakumea sartzen zen barrenera. 1960ko hamarkadan saregileek lan andana izaten zuten, antxoa garaian itsasontzi kopurua anitz handitzen zelako; asteburuetan bereziki. Gainera, eguraldia txarra bazen, txalupak binaka edo hirunaka joaten ziren kaira, eta lana ere bikoiztu egiten zen. 

Urte luzez arrantzaleak soilik omendu dituzte, baina, gaur egun, saregileek presentzia handia dute oroimen egunean. Karmengo jaietako egitaraua jai batzordeak antolatzen du, baina jende anitzek hartzen du parte egun osoan, baita aurretiko lanean ere. 

Omenaldi egunaz gain ekitaldi gehiago egonen dira portuan: artisau azoka, Aita-Mariri lore eskaintza, bertso poteoa, muxikoak eta erraldoiak. Musikari dagokionez, 18:00etan Pasai txaranga izanen da, eta, ondotik, Itzal erromeria. 00:00etan amaierako trakarekin bukatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.