Unai Basurko. 'Pakea Bizkaia' ontziko kapitaina

«Arrantzaleek berriz ere belaz arrantzatzen hasi beharko lukete»

Antartikara sei hilabeteko joan-etorria egin ondoren, igandean itzuli zen etxera 'Pakea Bizkaia' ontzia. Gizakiaren eragina izan baino lehen itsasoko biodibertsitatea nolakoa zen neurtu dute Basurkok eta tripulazioak, eta, orain, emaitzak erakutsiko dizkiete haurrei.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2013ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Bizkaia Pakea itsasontzia oraindik erabat hustu gabe dauka Unai Basurko kapitainak (Portugalete, 1973). Bulego sarreran, azken bidaian behar izan dituen elikagai, liburu eta besterekin betetako kutxak daude. Igandean itzuli zen Antartikara egin duen espediziotik, eta jarraipena emango dio bere hezkuntza programari. Euskal Herriko haurrei itsasoarekiko maitasuna eta errespetuaren harra sartu nahi die, eta, horretarako, dokumentu eta lagin ugari bildu ditu kontinente izoztuan. Horregatik, sei hilabeteko bidaiaren inguruan balorazio «oso ona» egin du. «Orain arteko espedizioekin alderatuta, onena izan da, eta hori aurrekoak ere onak izan zirela». Gaur bertan, lehen ikasleak joango zaizkio Getxoko (Bizkaia) kirol portuan daukaten bulegora.

Lehorrera itzuli, eta ikasleen bisita jasotzen hasiko zara gaur. Atsedenerako tarterik ez daukazu.

Hala da. Itsasontzia ikusiko dute, eta, ondoren, bulegora etorriko dira bidaiaren dokumentala ikustera. Horrela arituko gara ekainera arte, egunero.

Itsasoarekiko maitasuna helarazi nahi diezu haurrei. Nola?

Ezagutzen duguna zaindu eta maitatu egiten dugu. Beraz, haurren irudimena itsasora zabaltzea da asmoa. Itsasoarekiko jarrera iraunkorra bideratzen saiatzen gara, itsasoa oso-osorik ulertuta. Beraz, eguneroko ekintzek itsasoan daukaten ondorioen berri ematen diegu, eta jarrerak bideratzen saiatzen gara. Biodibertsitatearen berri ematen diegu, era horretan, bizi diren ingurunea errespetatzen ikas dezaten.

Eta nola erantzuten dute?

Oso ongi. Ikustekoa da; hunkituta eta ilusionatuta irteten dira ikastarotik. Baina, oraindik, asko dago egiteko, haur asko kontzientziatuta baldin badago ere, beste askok plastikoak itsasora botatzen baitituzte, bi aldiz pentsatu gabe.

Euskaldunek harreman estua izan dute betitik itsasoarekin. Hezkuntza proiektu hau harreman horren galerari aurre egitera al dator?

Bai, duda barik. Euskal Herrian mendeetan zer izan garen begiratu besterik ez dago. Balea ehizatzera Ternuara joaten ginen, konkistatzaileak egon dira, edo nabigatzaileak. Historikoki, harreman estua izan dugu itsasoarekin. Esan daiteke aberastasuna bertatik etorri izan dela, eta, atera behar izan dugunean, itsasoz egin dugu ihes. Beraz, begirada hori berreskuratu behar da.

Ildo horretan ulertu behar da Juan Sebastian Elkano, Andres Urdaneta eta Miguel Lopez Legazpi nabigatzaileei egin diezuen omenaldia?

Bai, haiek egindako lana berreskuratu nahi izan dugu, gazteek ere haien lana ezagut dezaten. Izan ere, mundu osoan ezagunak dira, eta askotan iruditzen zait hemen ez direla asko gogoratzen, eta tristea da.

Baina zuen espedizioa haurren hezkuntzara bideratzeaz gain, ikerketarako tartea ere izan duzue.

Hainbat ikerketarekin bat egin dugu; batez ere, EHUrekin. Ur laginak hartu ditugu, mikroplastikoen arazoa konpontzeko. Arazo handia da ozeanoetan. Plastikozko molekula txikiak dira, hau da, itsasora botatzen diren plastiko handien arrastoak. Beraz, nabigazioak utzi digunean, sare bat bota, eta laginak bildu ditugu.

Nola ikusten duzu itsasoa?

Itsasoan plastiko asko dago, eta hori da, nire ustez, egoerarik dramatikoena. Laginak hartzen aritu gara, eta, Atlantikoaren erdian, horien aztarna ugari bildu ditugu. Plastiko eta mikroplastiko asko dago arrainek jaten dutena, eta hori gure elikadura katearen barruan sartzen da. Beraz, plastikoen kontua kezkagarria da. Are gehiago, Ipar Pazifikoan, jada irtenbide zaileko kontua baita. Bestalde, itsasoan nabarmen larria den beste egoera bat espezien desagertzea eta kutsadura da.

Gizakiaren eta itsasoaren arteko harremana gertutik ezagutu duzu Ipar Lurmuturrean, Groenlandia-Ternuan eta Antartikan egindako espedizioetan. Bien artean orekarik badago?

Gizakiaren eta ozeanoaren artean, gaizki ulertutako harreman bat egon da. Gehiegi ustiatu da itsasoa, gutxi zaindu, eta sekula amaitzen ez den baliabide bat zela pentsatu izan dugu. Bada, justu kontrakoa izan behar duela iruditzen zait. Gu ez gaude itsasoa ustiatzearen aurka, alderantziz. Uste dugu zaindu egin behar dela, haren ziklo eta denborak errespetatuz, eta, ahal den heinean, haren baliabideak aprobetxatu behar dira, baina zainduz eta errespetatuz. Eta, orain arte, ez da horrela izan.

Horregatik egin dituzu espedizioak ia ustiatu gabeko lekuetara?

Bai. Saiatu gara biodibertsitatearen ikuspegitik aberatsak diren lekuak bisitatzen. Orain artekoetan, aberastasun hori jaso dugu, baina Antartika munduko lekurik birjinenetako bat da. Eta hori beti garrantzitsua da konparazioak egiteko. Izan ere, gizakiaren eraginaren aurretik biodibertsitatea zein egoeratan zegoen esaten digute leku horiek.

Hurrengo bidaia buruan daukazu?

Ez. Datorren urtera arte, hezkuntza ikastaroekin ibiliko gara, eta, ondoren, ikusiko dugu zer egin.

Ingurumenarekiko kontzientziazioaz gain, Pakea Bizkaia-k euskal kultura ere zabaldu du.

Bai, hala da. Eta esan dezaket Xabier Urresti espedizioko kameralariak Antartikan egin den lehen aurreskua dantzatu duela [kar, kar]. Diasporakoekin ere elkartu gara, baita dantzari taldeekin ere. Eta hainbat lekutan, dantza ikastaroak ere eman ditugu. Oro har, oso polita izan da.

Nolakoa izan da diasporakoekin elkartzea?

Oso hunkigarria izan da guretzat, eta iruditzen zait haientzat ere horrela izan zela. Aurten, Hego Amerikara joanda, garrantzitsua iruditu zitzaigun haiekin elkartzea, Euskal Herriaren zati bat hara eramatea. Argentinan, Txilen eta Uruguain egon gara, eta berezia izan da. Izan ere, ez da gauza bera euskal festa batera hegazkinez joatea edo Pakea Bizkaia-rekin.

Pakea Bizkaia-k, azkenik, asmoen artean dauka bela sustatzea ere. Zein traba ditu kirolak orain?

Bela ohikoago bihurtzea nahi dugu, eskuraerrazagoa izatea. Eta, horretarako, gobernu zentralak bultzatu behar ditu neurriak, denentzako kirola izan dadin: zergak murriztuz, zirkulazioa erraztuz eta orain arteko zailtasunak kenduz. Itsasoari harresiak kendu behar zaizkio. Izan ere, sekula ez da ahaztu behar gure historiaren parte dela. Amerikara belaz joaten zen, baita Ternuara ere. Beraz, herri gisa, jakintza hori bultzatu beharrekoa da. Gainera, erregaia oso garesti dago, eta berriz ere belarekin arrantzatzen hasi beharko zuten gure arrantzaleek. Izan ere, baxurako arrantzan, 200 tona erregai gastatzen dituzte. Beraz, hori murriztu beharrekoa da, ekologia eta ekonomia ikuspegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.