Arrantza Askearen Mugimenduko kideak

Jose Maria Fuente Herrero eta Jon Ugartemendia Bravo: «Arrantza debekatzea tradizioa debekatzea da, eta gero ezingo da berreskuratu»

Pasaiako Portuak debekatu egin du arrantzaleek portuan arrantzatzea, eta herritarrek Arrantza Askearen Mugimendua sortu dute beren kexak adierazteko.

Jose Maria Fuente Herrero eta Jon Ugartemendia Bravo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Jose Maria Fuente Herrero eta Jon Ugartemendia Bravo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2025eko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Biek ikasi zuten txikitan arrantzan; portuan batak, eta errekan bertzeak. Haiekin egin zuten bezala, seme-alabekin joaten dira orain arrainen bila. Pasaiako Portuak, ordea, debekatu egin die portuan arrantzatzea, eta herri mugimendu bat osatzea izan da erantzuna: Arrantza Askearen Mugimendua. Talde horretako kideak dira Jon Ugartemendia Bravo (Usurbil, Gipuzkoa, 1978) eta Jose Maria Fuente Herrero (Donostia, 1963). 

Zuen aurkako lege bat sortu du Pasaiako Portuak?  

JON UGARTEMENDIA: Pasaiako Portuak otsail erdialdean abisua jarri zuen bere webgunean: martxoaren 1etik aurrera portuen araudiko 64. legea aplikatuko zuela. Artikulu horrek esaten du debekatuta dagoela portuan bigarren mailako jarduerak egitea baimenik gabe: bainatzea, arrantzatzea, barbakoak egitea... Araudi hori 1976. urtean egin zuten, eta geroztik ez dute aldatu. Bi galdera nagusi dauzkagu: bata, zergatik ez den legea berrikusten edo berritzen, eta, bestea, orain arte aplikatu ez bada zergatik aplikatu duten orain. Gainera, ez diote inori galdetu, eta portuak ez du beste irtenbide posiblerik bilatu. 

Harroketara joatea izanen da irtenbidea... 

UGARTEMENDIA: Bai. Debekatu dutena portuan arrantzatzea da; alegia, harroketara joatea baimenduta dago. Kontua da gu biok, adibidez, arazorik gabe joan gaitezkeela harroketara, baina gure seme-alabekin, mugitzeko gaitasuna mugatua dutenekin edo adinekoekin ezin garela joan. Portuan edonork arrantzatu zezakeen; hortik kanpora, zailagoa da jende askorentzat, eta ez da bidezkoa. Portuan arrantzatu ahal izatea, horixe eskatzen diegu. 

Eta kasu egin dizuete? 

UGARTEMENDIA: Ekitaldi bat egin genuen martxoaren 23an, manifestazio bat barne. Arrantzale batzuk haien testigantzak kontatzera etorri ziren, eta kontu asko atera ziren. Munduko arrantza txapeldunak ziren batzuk, eta argi esaten zuten portu txikietan ikasi zutela arrantzan, ezinbestekoa dela leku horietan hastea. Adineko gizon batek aipatzen zuen hura egunero-egunero jaisten zela portura arrantzara eta orain ez zekiela zer egin. Kontuak berdin-berdin jarraitzen du. 

Sinbolikoki eta kulturalki galera handia izanen da, orduan?

JOSE MARIA FUENTE: Noski. Nik txikitatik egin dut arrantza, eta Euskal Herrian jende asko dago denbora librean portura joaten dena. Portu batean sortua naiz, eta han hezia. Ziur asko, arrantzaleei traba egin izango genien maiz, ume txikiak baikinen eta haien inguruan ibiltzen ginen, baina ulertzen zuten, eta ez ziren sekula kexatu. Arrantza debekatzea tradizioa debekatzea da, eta gero ezingo da berreskuratu. Non ikasiko dute haurrek arrantzan? Hondartzan? 

Zer lege urratzen duzue, bada? 

FUENTE: Esaten dute arrantza kirol zikina dela, eta zabor asko sortzen duela, baina aitzakia bat da hori.

UGARTEMENDIA: Beste hamaika kirol bururatzen zaizkit zabor gehiago sortzen dutenak. Hobetzeko modua badago, noski: irtenbide bat bilatu daiteke zabor gutxiago sortzeko, eta ondo iruditzen zait hori. Baina ez dut ulertzen zergatik debekatu duten arrantza bakarrik. Debekua ez da irtenbide bat. 

FUENTE: Egin dutena mehatxu bat da, oraindik ez baitute isunik jarri. Mehatxu egin digute 200 euroko isunak jarriko dituztela, eta portua huts-hutsik dago orain. Alegia, ez da inor joan portura arrantzaleren bat salatzera; zergatik aplikatuko dute legea ez bada salaketarik egon? Ez badu inork salatu zikinak garela? Guk badakigu ezin dela arrantzalerik molestatu, eta ongi iruditzen zait inor molestatzen ari bada hari salaketa jartzea, baina guk ez dugu molestatzen.

Baina portuak erraten du traba egiten duzuela.

FUENTE: Portuak esaten du Pasaiako Udalak salaketa jarri duela, baina alkatearekin egon ginen, eta esan ziguten haiek ez dutela salaketarik jarri. Uste dut gelditu egingo dutela mehatxuen afera hori guztia; ez dut uste tradizioa debekatuko dutenik azkenean: ez dute lortuko. Terapeutikoa da, gainera. Berrikus ditzatela legeak eta zorroztu ditzatela, beharrezkoa bada, baina ez dezatela debekatu arrantza.  

Uste dut etorkizunerako prestatzen ari direla. Iruditzen zait hemendik urte batzuetara lege batzuk aterako dituztela eta guztiok eduki beharko ditugula bai asegurua eta bai baimena. Jakin nahi dute non, zenbat eta nola arrantzatzen dugun; aplikazio bat sortu dute arrantzaleok jarri dezagun non ari garen arrantzatzen eta zer arrain hartu dugun. 

Eta erabiltzen duzue? 

UGARTEMENDIA: Ez. Arazoa da ez dugula informazio argirik, ez digutela zuzenean ezer jakinarazten. Zurrumurruak dira, batek ikusi dituenak eta beste bati esan dizkiotenak. Badakigu portuak debekatu egin duela martxotik aurrera arrantza egitea, baina ez dugu ez argudiorik, ez irtenbiderik. Batzuek diote portuko parte batzuetan arrantzale batzuk arrantzan ari direla; beste batzuek, berriz, isuna jarri dietela. Beldurra eta kezka, horixe eragiten ari dira. Nola izango diogu, bada, beldurra tradizioari? 

FUENTE: Ez da Pasaian bakarrik gertatzen, noski. Urteak daramatzate Hondarribian [Gipuzkoa] ere arrantza debekatu nahian, eta jakin dugu Getarian [Gipuzkoa] ere ari direla jendea salatzen. Horregatik sortu dugu Arrantza Askearen Mugimendua, ez delako kontu indibiduala, eta erantzun kolektiboa behar dugulako. Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordearen deiaren esperoan gaude: harekin hitz egin nahi dugu kontu horiek denak azaldu diezazkigun. Kontua argitzen ez bada eta portuan arrantzatzeko debekuak indarrean irauten badu, badakigu zein izango den hurrengo plana. Prestatzen ari gara dagoeneko.

lotsabako

Arrantzarako leku bat?
UGARTEMENDIA: Pasaia. FUENTE: Getaria.

Arrain bat?
UGARTEMENDIA: Txipiroia. FUENTE: Lupia.

 

Arrantzarako hilabeterik onena?
BIEK: Urria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.