Zeruan hodeiak daude itsasoan txalupak, zapatak guztiz bustiak gorputz osoa dardarka. Neguko eguraldia dago eta uda oraintxe hasi da, trumoiak sumatzen dira itsasertz honetan...». Non ote dira 90eko hamarkadan abesti horiek sortu zituzten zazpi gazte haiek? «Hemendik ikusten zaitut etortzen zaren moduan, beldurra ematen didazu ikusten zaitudanean...». Hainbat plazatan abestu zuten Zortzi orduko ekaitza izeneko abesti hori plazaz-plaza kantatu zuten hainbat urtetan.
Sekulako arrakasta izan zuen Sorotan Bele taldeak. Bazter guztietan entzuten ziren euren abestiak. Edonor dantzan jartzen zuten abesti haiek. Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Lezoko (Gipuzkoa) zazpi gaztek sortu zuten taldea: Mikel Errazkin, Mikel Izulain, Gorka Sarriegi, Urbil Artola, Ixiar Amiano, Ritxi Salaberria eta Aitor Etxaniz ziren. Berritzaileak izan ziren, zelta ukituko musika sortzeagatik. Flautak, biolina, gitarrak, pianoa, baxua eta bateria nahastu zituzten, folk ukituko rock musika sortuz.
Sorotan Belen taldekide ziren Mikel Izulain biolinista (1974, Lezo), Ixiar Amiano pianista (1974, Lezo) eta Gorka Sarriegi abeslaria eta gitarrista (1973, Hondarribia) elkartu ditu BERRIAk, hamazazpi urteren ostean. Bakoitzak bere sorlekuan jarraitzen du, eta nork bere bizitza osatu du. Badute ezaugarri komun bat: amatasuna edo aitatasuna. Amianok Lezon jarraitzen du, eta egun langabezian dago. «Urtarrilean ama izan nintzen. Astebete lehenago lan egiten nuen enpresa itxi egin zuten, eta orain, amatasun baimena amaituta, langabezian nago. Dena den, egun osoa okupatuta edukitzen dut, ez nago geldirik, eta egia esan, gustura nago», kontatu du.
Izulainek lau eta zazpi urteko seme-alabak ditu, Lezon bizi da, eta Donostian egiten du lan: «Enpresa zientzietako ikasketak egin nituen Sorotan Belek iraun zuen denbora tarte hartan. Gero, hiru urtez, auditoriako ikasketak egin nituen; eta beste hiru urtez Iruñan aritu nintzen, ikasten eta lanean. Orain, hamar urte daramatzat Donostian lanean, auditoriako kontuetan». Sarriegik ere gauza mordoa egin du urteotan, eta, Amiano bezalaxe, mutiko baten guraso izan da aurten. «Hondarribiko kirol kaian hasi nintzen lanean, eta hamar urte eman nituen han. Gero, hori ere amaitu egin zen. Burdindegi batean beste urtebetez egon nintzen, eta, langabezian nagoenez, ikasten ere jarraitu dut. Ingeleseko ikasketak egin ditut, eta urpeko igeriketako profesional titulua eskuratu berri dut. Orain, enplegu batetik deitzeko zain nago», azaldu du.
Denek Lezo eta Hondarribian jarraitu arren, elkar oso gutxi ikusten dutela diote. «Mikelek eta biok badugu harremana: Lezokoak garelako eta, batez ere, lehengusuak garelako. Baina besteak apenas ikusten ditudan», esan du Amianok. Sarriegik, berriz, Hondarribian jarraitzen du: «Urbilekin badut harremana, eta Ritxirekin ere topo egiten dut tarteka. Gainontzekoekin, batere ez». «Horren hurbil dauden bi herri izateko ez gara askotan topatzen egia esan», erantsi du Izulainek. Baina gutxitan, oso gutxitan elkartzen diren arren, elkar ikustean agerian uzten dute euren artean badagoela laguntasuna, eta berehala hasten dira elkarrekin bizitako momentuak eta pasadizoak partekatzen.
Hamazazpi urte igaro dira Sorotan Beleren ibilbidea amaitutzat eman zutenetik. Gizondu eta emakumetu dira, eta, egun, beste ikuspuntu batetik ikusten dute taldean bizi izandako esperientzia. Zorte handia izan zutela diote aho batez. Izan ere, bilatu gabe eta ahalegin handirik egin gabe iritsi omen ziren gailurrera. Txomin Artolaren laguntza izan zuten lehen maketa grabatzerakoan, Urbil Artolaren aitarena. Eta lehen bi diskoak, berriz, Elkar argitaletxearekin grabatu zituzten. Horri esker, ez zuten grabazio batek dakarren lanik hartu beharrik izan. «Oso naturala izan zen dena», dio Sarriegik: «Ez genuen espero jende aurrean jotzea lortuko genuenik ere. Maketa grabatu genuen, tabernetan zabaltzeko, beharbada nonbaitetik deituko gintuztelakoan, baina besterik gabe». Diotenez, hasiera haietan ez ziren ezta musikariak ere, musika ikasleak baizik.
Kolpera, sekulako arrakasta izan zuten. Bigarren kontzerturako, sekulako jendetza hurbildu omen zela dio Amianok: «Artean, sei abestiko maketa baino ez genuen. 'Beste bat! Beste bat! Beste bat!', oihukatzen zigun publikoak, eta guk abestiak errepikatu egiten genituen». Hamasei eta hamazazpi urte baino ez zituzten, orduan, hiru lagunek. Gaur egun atzera begiratu, eta nahaste borraste bat ikusten dute diote. «Nik uste dut oso gazte harrapatu gintuela. Egin beharra zegoen, eta egiten genuen», dio Izulainek. «Nik, behintzat, ez nekien non nengoen sartuta; ez genuen kanpoko perspektiba bat non geunden ikusteko. Ez nekien zein dimentsio zuen hark», kontatu du Sarriegik.
Lehen maketa Euskadi Gazteako II. Maketa Lehiaketara aurkeztu zuten, eta irabazi egin zuten. «Handik aurrera hasi ziren irratian entzuten gure abestiak», azaldu du Sarriegik. Gero, 1992an, lehen diskoa kaleratu zuten, eta nonahi entzuten ziren orduan, euren abestiak. Amianok dioenez, «azkenerako Sorotan Huele deitzen ziguten». Bakoitzak bere erara bizi izan zuen garai hura, eta, Izulainek kontatu duenez, berak, lotsatuta: «Leku guztietan entzuten zen gure musika, eta lotsatu egiten nintzen. Tabernatik ateratzen nintzen jartzen bazuten».
Oso gazteak izan arren eta halako nahasmen batean sartuta egon arren, oroitzapen politak dituzte, batez ere, hiru lagunek: kontzertuak, afariak, bidaiak eta beste mila momentu. Familia bat osatu zuten, eta sei urte arrakastatsu partekatu zituzten.
Mikel Errazkin, jarraibide
Zazpi gazteen nahasmen hartan, bazen pieza garrantzitsu bat; taldea aurrera bultzatzen zuen motorra: Mikel Errazkin. Taldekide oso garrantzitsua izan zen Sorotan Bele taldearen ibilbidean. Txilibitua jotzen zuen, eta partaide bat gehiago zen. Baina ez nolanahikoa. «Oso konstantea zen bere lanean eta asmoetan. Denok mugitzen gintuen motorra zen», azaldu du Amianok. Sarriegik dioenez, «beti aurrera jotzeko ideiak zituen Mikelek. Gure gaztetasuna, nolabait esateko, nebulosa modukoa zen, dena nahasten genuen. Mikelek, ordea, oso argi zeukan zer nahi zuen, eta berak zuzentzen gintuen. Modu onez beti, baina berak gidatzen gintuen».
1994an, entsegua zuten egun batean, kolpe handia jasan zuen taldeak. Mikelek tronbosi atake bat jasan zuen. Oso gogoan dute egun hura hiru lagunek. Sarriegik kontatu duenez, «oso gogoan dut egun hura. Entsegua genuen, eta eskerrak horri. Haren zain geunden, eta ez zen agertzen, ez zen agertzen...Haren etxera joan ginen bere bila, eta horri eskerrak konturatu ginen, ziur aski, Mikeli gertatzen ari zitzaionaz. Tronbosiak jota zegoen, eta ospitalera eraman zuten». Amianok eta Izulainek ere ez dute ahaztu egun hura: «Gogoan dut oso berandu etorri zirela. Lezon genuen entsegua. Hondarribikoak ez ziren oso puntualak izaten; egun hartan, ordea, bereziki berandu zebiltzan, eta kezkatzen hasi ginen. Iritsi zirenean kontatu ziguten Mikeli gertatutakoa. Oso gogorra izan zen», azaldu du Amianok. Egun hartatik aurrera, Errazkin esku bat mugitu ezinda gelditu zen. Ondorioz, instrumentua jotzeari utzi behar izan zion. Hala ere, aurrera egin zuen, eta konposatzen jarraitu zuen. «Mikelek garbi zeukan musikatik bizi nahi zuela, et,a bizi izan zen bitartean, lortu zuen nahi zuena», dio Izulainek.
Hitz onak baino ez dituzte Mikel Errazkinen inguruan. Gaixorik egon arren, sekulako indarra zuela diote, eta beti lortzen zuela aurrera egitea. «Kristoren indarra zuen. Edozein oztoporen aurrean beti aurrera egiteko indarra zeukan», iritzi du Amianok. Sarriegik kontatu duenez, «Mikel beti izan zen aurrera egitekoa, arazoak gainditzearen adibide garbia. Hasi ginenean ere oso garbi zeukan zer nahi zuen, taldean».
Beste bi urtez sei lagunek jarraitu zuten musika egiten, eta Errazkinek konposatzen jarraitu zuen. 1996ko azaroaren 30ean eman zuten taldearen azken kontzertua, Irungo Amaia antzokian. Sei urteko ibilbidearen ostean, bihurgune batera iritsi ziren taldekideak. «Erabaki bat hartu beharra zegoen. Denok ardura berdina hartu behar genuen, baina denok ez genuen berdin ikusten nola jarraitu. Batzuek beste bide bat hartu genuen», azaldu du Amianok. Horrela amaitu zen sei urteko ibilbidea, eta taldekide bakoitzak bere bidea hartu zuen. Gorka Sarriegik, esaterako, ibilbide berri bati ekin zion, bakarlari moduan. 2001ean, disko bat argitaratu zuen, bere izen berekoa. Ez zen asko luzatu, baina, ibilbide hura. «Musika utzi egin nuen, lanean hasi nintzelako, batetik, eta fakturak ordaindu beharra zegoelako, bestetik. Hilero diru,sarrera bat beharrezkoa da. Musika mundutik bizitzea oso zaila da, eta, gaur egun, are zailagoa. Ez dut esaten musika guztiz utzi dudanik, zeren oraindik ere tarteka jotzen dut gitarra. Urbil Artolarekin eta Irungo beste lagun batekin biltzen naiz tarteka, eta elkartzekotan jarraitzen dugu».
Sorotan Beleren ibilbidea amaitu eta gutxira, izan zuen proiekturik Izulainek ere. Talde bat sortu zuen bere taldekide izandako Urbil Artolarekin eta Ritxi Salaberriarekin, eta Aitor Furundarena akordeoi jotzailearekin: «Patxi Kaleko taldea sortu genuen, eta tabernetan-eta egiten genituen kontzertuak. Bi edo hiru urte iraun zuen». Gero, Easo abesbatzan abesten hasi zen, Donostian. Han egin zituen beste sei edo zazpi urte. «Alaba jaiotzean, utzi egin nuen. Oraindik, deitzen didate tarteka. Aurten, esaterako, prestatu dugu Musika Hamabostaldirako kontzertu bat».
Musikatik gehien urrundu dena Amiano izan da. Hasieran pianoa jotzen jarraitu zuela dio, baina egun ezta hori ere. «Nire aitak elizan organoa jotzen du, eta garai batean joaten nintzen berarekin. Sekulako plazera izaten zen organoa jotzea elizan, baina orain, esan bezala, ezta pianoa ere. Pentsatzen dut hasiko naizela berriro pianoa jotzen, baina oraingoz, alboratuta daukat».
Sorotan Bele, betirako
Egun, badira urte askoren ostean berriro elkartu diren taldeak. Duela urte batzuk egin zuten elkartzeko saialdi bat Sorotan Belekoek ere. Birritan elkartzera iritsi ziren entseatzeko, baina ez zuen funtzionatu. Aurrerantzean ere, zaila ikusten dute berriro elkartzea: «Ez da erraza denok berriro elkartzea. Denok oso argi eduki behar dugu, edo ez du funtzionatuko», azpimarratu du Sarriegik. Izan ere, bakoitzak bere bizitza eratu du, eta oso zaila da denek helburu berdinak izatea. Iritzi beretsukoa da, Izulain ere: «Aurrerantzean ez dut uste posible denik berriro elkartzea. Gainera, orduan musika ikasleak ginen, eta ez genuen ondo jotzen. Beraz, pentsa orain. Urte asko dira batzuek instrumenturik jo ez dugula... Elkarrekin jotzen gozatuko genuke, noski, baina hortik ondo egitera...», jakinarazi du.
Musikariak elkartu edo ez, Sorotan Beleren abestiak hor geratuko dira betirako. Euren musikak beti edukiko du bere tokia euskal musikagintzaren historian. «Esaten da pertsona batek bere bizitzan hiru gauza egin behar dituela: liburu bat idatzi, arbola bat landatu eta guraso izan. Guk liburua ez dugu idatzi, bainoa disko bat ere bada zerbait, eta hori betirako hor geratuko da. Egia esan, sekulako harrotasuna ematen dit horrek. Jakitea horretan parte hartu dugula eta aztarnatxo hori utzi dugula... sekulakoa da», dio Sarriegik.
Non da? Sorotan Bele (II)
Arrakasta, heldutasunetik ikusita
Maketa bat eta hiru disko kaleratuta, duela hamazazpi urte bukatu zen Sorotan Bele taldearen oholtza gaineko jarduna. Gaur egun, beste ikuspuntu batetik aztertzen dute taldekideek orduan bizi izandako esperientzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu