ATZEKOZ AURRERA

Arrakasta ez da domina bat

Nazioarteko parabadminton txapelketa jokatzen ari dira Gasteizen, Aranalde kiroldegian. Antolatzaileek adierazi dute babes handiagoa behar dela kirol egokitua «ikusarazteko».

Garaiera txikiko jokalarien arteko badminton partida bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Espailoian paratutako aldapa gorrixkatik gurpil aulkiarekin igotzen ari diren Indiako bi neska Gasteizko Aranalde kiroldegirantz doaz. Goizeko hamarrak dira, eta jende gutxi dabil kalean; kiroldegiaren barrualdean, ordea, mugimendu handia sumatzen da. Korridoreak jendez lepo daude: hanka bakarraren gainean korridoreetan beroketa ariketak egiten dagoen gazte japoniarra; gurpil aulkian eserita eta entrenatzailearen laguntzarekin besoetako luzapen ariketak egiten ari den Zeelanda Berriko kirolaria; hanketako protesia hormaren kontra jarri eta lurrean eseri den Malaysiako gaztea; beso bat falta duten Taiwan etaAmeriketako Estatu Batuetako bi mutil txapelketa noiz hasi zain.

Gasteiz nazioarteko parabadmintonaren topagune bilakatu da asteon, Spanish Para-badminton International delako lehiaketa ari baitira egiten hiriburuan. Datorren urtean Parisen ospatzekoak diren Paralinpiar Jokoetarako puntuagarria da txapelketa, eta munduko jokalari onenak ari dira parte hartzen. Finalaurrekoak izan ziren atzo, eta gaur izango da finala.

Goizean goiz, jokalariek beroketa ariketak egin, eta segituan abiatu zuten txapelketa. Erraketak poltsetatik atera, luma bolak hartu, eta epaileak agindutakoan ekin zioten jokatzeari. Txanda bakoitzean, bost partida. Jokalarien maila funtzionalaren arabera antolatuta, sei modalitatetan lehiatu ziren: goiko edo azpiko gorputz adarretako desgaitasunak zituztenak,gorputz enborrean mugikortasun arazoak zituztenak, garaiera txikikoak...

Beste koska bat

«Maila oso handia dute denek», nabarmendu zuen Dina Abouzeid Sariñeña txapelketako zuzendariak. «Ohiko kirolari baten exijentzia handia bada, pentsa kirol egokituan. Egunero lau ordu entrenatzen dira», gehitu zuen zuzendariak. Badmintonean, indarra da giltza; teknika izatea eta, batez ere, mugimenduetan azkarra izatea da gakoa, Abouzeidek azaldu zuenez. «Egunero entrenatzen dira, funtsezkoa baita fisikoa lantzea eta pistan lan asko egitea. Baina beste koska bat egin behar dute gora: protesia edo aulkia ongi menderatu behar dute, gorputz adarrik gabe jokatzen ikasi...».

Pistara atera aurretik, batera eta bestera zebiltzan jokalariak eta entrenatzaileak, eta baita antolaketan boluntario gisa lanean ari zirenak ere. Antolaketan laguntzeko eskaini ziotenean, ez zuen zalantzarik egin Marian Birunbralesek. Haren ustez, nork bere mugak gainditzeko egiten duen ahaleginagatik bakarrik merezi du irabaztea. «Arrakasta ez da neurtzen lortutako dominengatik bakarrik», esan zuen.

Atearen bestaldean, bata bestearen ondoan nahasturik, hamaika gurpil aulki ikusten ziren. Barrura sartu zen neska gazte bat, ohiko gurpil aulkia utzi eta kiroletako aulki bat hartzeko. «Ez dute inoren laguntzarik behar, bainagure betebeharra da espazioak haientzat egokitzea», ohartarazi zuen Abouzeidek. Gela horretatik gertu, antolatzaile baten azalpenak adi entzuten, Hugo eta Ian 13 urteko badminton jokalariak. Beren burua eskaini zuten laguntzeko: «Azterketa asko ditugu, baina animatu gara». Boluntarioen lana garrantzitsua izanik ere, kirol egokituak instituzioen babes handiagoa behar duela esan zuen Abouzeidek. «Ikusgaitasuna behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.