Zarauzko Arraio irrati libreak bost urte beteko ditu hilaren 20an. Hori dela eta, urteotan irratian lanean jardun dutenek bost eguneko egirataua antolatu dute, urteurrena ospatzeko.
Bihar hasiko dituzte ospakizunak: goizeko 11:00etan Arraio Irratia kalera irtengo da, irratsaio berezi bat egiteko. Musika plazan egingo dute programa, eta, gainera, FM bidez emitituko dute, 99.3 frekuentzian. Arratsaldean, 19:00etan, Fernando Rojok bidaia berezi baten kontaketa egingo du Bitakora kaiera saioan.
Datorren ostiralean, hilaren 20an, azken bi hilabeteetan antolaturiko areto futbol txapelketaren finala jokatuko dute, Poligonoan (18:30).
Hilaren 21ean, berriz, irrati libreen topaketak izango dira Putzuzulo gaztetxean. Euskal Herriko hainbat irrati libretako kideak elkartuko dira, euren esperientziak azaldu eta trukatzeko. 14:00etan, bertso bazkaria izango da, Xabier Silveira, Jokin Uranga eta Fredi Paia bertsolariekin. Ondoren, Orioko Bonbo Tronpeta txarangarekin kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar. Amaitzeko, gauean kontzertua izango da, Putzuzulon bertan. Taldeak honakoak izango dira: Dirtaa, Gabba Gabba Hey eta AZ/DZ.
«Herriaren irratia» izateko bokazioz jaio zen Arraio Irratia Putzuzulo gaztetxean, 2006. urtean. Hasieratik irratia Internet bidez entzuteko aukera eman dute, eta gaur egun ere hala egin daiteke, www.arraio.net webgunean.
Komunikazioa
Arraio Irratia 5. urteurrena ospatzen hasiko da bihar
Hilaren 21ean irrati libreen topaketa egingo dute Zarautzen, «esperientziak trukatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu