ATZEKOZ AURRERA

Arrain artean, zulaketan

Mantentze lanak egiten ari dira Donostiako Aquariumean: Kaliforniako Aquatic Solutions enpresa kontratatu dute horretarako, eta azaro amaiera bitartean iraungo dute lanek.

Urpekari bat, Donostiako Aquariumeko tunelean mantentze lanak egiten. GORKA RUBIO / FOKU.
Maialen Unanue
Donostia
2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Tipo horrek martetarra dirudi kaskotzar horrekin!», egin du oihu ume batek. Urpekari bat dago Donostiako Aquariumean, zulagailu bat hartuta: ur azpiko tunelean ari da lanean, linterna batekin. Erdi ezkutatuta dago, zementuzko arrokak zulatzen ari baita ozeanarioaren beheko aldean: burbuila pila bat ateratzen dira tresnari eragiten dion aldiro. Jo eta su ari da lanean, baina, inguruan jendea begira duela ikusiz gero, eskuarekin agurtzen ditu, eta argazkietarako jarri ere egiten da.

AEBetatik, Kaliforniatik, iritsi da Donostiara Aquatic Solutions enpresa. Drew Anderson biologoa ari da sei laguneko taldea zuzentzen: biologoak, eraikuntzako profesionalak eta urpekariak. Aquariumeko goiko aldean dago Anderson —Donostian dagoen bitartean Ander izango dela dio—, ozeanarioko uretarako sarbidea dagoen lekuan. Bi monitore ditu parean, eta lanean ari den urpekariarekin hitz egiten du handik.

«Akuario honetan arroka dezente daude paretetan, baina ez paretetan bakarrik, eta leku guztietan gauza bera egin behar dugu: arrokak hautsi, eta barruan dauden barrak garbitu behar ditugu, herdoilduta baitaude», azaldu du Andersonek. Urpekariek arrainak dituzte inguruan: bisiguak, itsas sugeak, manta arrainak, marrazoak... 42 espezietako 5.000 arrainetik gora daude Donostiako Aquariumean.

«Umeari urpekaria hor barruan ikusteak eman dio atentzio handiena», esan du Aitor Badiola Urkidik. Ez da bakarra. Halaxe esan dio aitona batek bilobari: «Etorri, marrazoak ez dituzu ikusi oraindik!». Eta umeak erantzun: «Baina urpekaria bai!». Eta korrika abiatu da harengana. Tuneletik pasatzean, hantxe pilatzen dira haurrak, hormari nekez heltzen, hanka puntetan.

Arrainen ongizatea

Auzokoa obra zaratatsuetan murgildu balitz bezala dabiltza arrainak: urpekariaren ingurura gutxi batzuk baino ez dira hurbiltzen, eta tunelaren bigarren zatian dabiltza igerian gehienak, zaratatik iheska. Dena den, Andersonek nabarmendu du lan egin bitartean arrainak «askorik ez estresatzen» saiatzen direla, eta adi egoten direla haien portaerari. «Uraren kalitateari eusten saiatzen gara: urpekariek xurgagailu bat dute erremintaren parean, eta horrek xurgatzen du puskatutako zementua».

Lau orduko bi txanda egiten dituzte urpekariek: bat goizean eta bestea arratsaldean. Eskafandra bereziak dituzte, ur azpian eroso lan egiteko. «Lehorrean zein urpean hobeto lan egiten da burua busti gabe», esan du, barrez, Andersonek. Lau kable dauzkate eskafandrari lotuta: bat zementua xurgatzeko, bestea bideorako, beste bat Andersonekin hitz egiteko, eta laugarrena urpekaria zein sakoneratan dagoen neurtzeko.

1998an ireki zuten Aquariuma, eta Amalia Martinez de Murgiak azaldu du mantentze lanak egiteko sasoia iritsi zaiela: biologo arduraduna da, eta aurrez ezagutzen zuen Anderson. «Munduko aditurik onenen esku utzi dugu lana, eta horrek bermatzen digu ondo aterako dela dena». Biomasa «aberatsa» du Aquariumak, haren esanetan, eta gertutik ari dira aztertzen amerikarren lana, arrainei ahalik eta gutxien eragiteko: «Oso fin ari dira».

Halako lanak egiten dituen enpresa «bakarra» da Andersonena. Donostiako Aquariuma «oso polita» dela uste du Andersonek: «Europako politenetako bat da, gehien gustatzen zaizkidanetako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.