'Around the World in 80 Days', Canneseries jaialdian

Sail Ofizialean, hamar telesail egongo dira lehian. Gaur hasiko da Canneseries; Mipcom azoka egingo dute bertan astelehenetik aurrera

Alemaniako, Frantziako eta Italiako telebista publikoek batera ekoitzi dute Around the World in 80 Days telesaila. BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Cannes (Okzitania) da zinema jaialdi distiratsuenaren hiria. Han egiten dute ere Mipcom, telebistako ekoizleentzako azokarik garrantzitsuena. Eta laugarren urtez, Canneseries telesailen jaialdia egingo dute, gaur hasi eta hilaren 13ra bitartean. Lehiaz kanpo, estreinaldi arranditsu bat egingo dute igandean: Around the World in 80 Days. Jules Verneren eleberrian oinarrituta, aurrekontu handiko telesaila ekoitzi dute Alemaniako, Italiako eta Frantziako telebista publikoek (The European Alliance sarearen bidez). Gainera, beste herrialde batzuetako ekoizleak batu zaizkie proiektura. David Tennant aktoreak jokatzen du Phileas Fogg abenturazale protagonistaren rola. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hemendik aste batzuetara ikusi ahalko da, France Televisions taldeko kateren batean.

Canneseries jaialdiko Sail Ofizialean, berriz, hamar telesail egongo dira lehian: Awaje (Serbia), Christian (Italia), Countrymen (Norvegia), Dreams of Alice (Errusia), Limbo... hasta que lo decida (Argentina), Mister 8 (Finlandia), Sad city girls (Israel), The Allegation (Alemania), Totems (Frantzia) eta Unknowns(Israel). Formatu laburreko kategorian, beste hamar lan lehiatuko dira.

Lehiaz kanpo, Phileas Foggen mundu biraren gaineko telesailaz gain, Gomorra telesailaren azkeneko denboraldia aurkeztuko dute, Validé telesailaren bigarren denboraldia ere bai, eta Alemaniako Sisi estreinatuko dute—XIX. mendeko Bavierako Isabel printzesaren ingurukoa—.

Cannesko aretoetako proiekzioez gain, jaialdia Internet bidez ere zabalduko da. Hilaren 13an amaituko da jaialdia, sari banaketarekin.

Euskal ekoizleak Mipcomen

Sasoi berean egiten dituzte Canneseries telesailen jaialdia eta Mipcom azoka. Telebista industriaren ehunka ekoizle bilduko dira astelehenetik aurrera Mipcomen —iaz, osasun larrialdiaren eraginez, ekoizleen arteko harremanak Internet bidezkoak izan ziren—.

Euskal Herriko zenbait ekoiztetxe Basque Audiovisual erakusmahaian izango dira, eta askotariko bilerak egingo dituzte beste herrialde batzuetako profesionalekin datorren astean. Edonola ere, edizio digitala ere izango du azokak.

Azokaren barne, CBS eta Nickelodeon kateek Star Trek: Prodidgy animaziozko saioa estreinatuko dute; Variety Vanguard saria Anders Jensen Nordic Entertainment taldeko zuzendariari emango diote; eta askotariko hitzaldiak egingo dituzte, astelehenetik ostegunera. Ohiko moduan, MIP Junior azoka ere egingo dute, haur eta gazteentzako edukiei bideratua; asteartean emango dituzte International Emmy Kids sariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.