Aroaren berbaroak

Kepa Dieguezek biziberritu egin du eguraldiaren inguruan mintzatzeko duela hogei urte sortutako bloga. Eguraldiarekin lotutako euskarazko 6.100 hitz dokumentatu ditu hizkuntzalariak.

Kepa Dieguez hizkuntzalaria, astelehenean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kepa Dieguez hizkuntzalaria, astelehenean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
2024ko urriaren 10a
05:00
Entzun

Ari du. Ortzian jazotzen diren gertakizunen berri emateko euskarak galdu behar ez lukeen aditz jator baten inguruan idatzi du azken sarrera. Adibide batzuk ere paratu ditu: «euria gogotik ari du», «elurra mara-mara ari du», «lanberatzen ari du»... Kepa Dieguez (Bilbo, 1960) erreferente bat da aroaren berbaroetan, aditua, aitzindaria, eta horren lekuko da haren bloga: Etnomet.eus. Hizkuntzalariak oraintxe biziberritu du duela hogei urte sortutako ataria, eta, azken artikuluan, ari du-ri buruz ari den horretan, beste adierazpide bati ere egin dio erreferentzia: «Atera du eta hasi du adizkiak oraintsu arte arrunt samarrak izan dira euskaldunon ahotan. Tamalgarria izango litzateke galduko bagenitu! 'Eguzkia atera du', 'ilargia atera du', 'haizea atera du', edo 'euria hasi du' bezalakoak barra-barra erabili beharko lirateke ukitu magiko hori ez galtzeko. 'Borraska sartu du' esatea ez da oso egokia, euskal ikuskera galtzen delako. Hobe 'borraska atera du' eta 'enbata atera du'. Horrelakoek bizi gaitzatela, alajaina!».

Dieguez pasioz mintzatzen da eguraldiaren inguruko euskarazko herri lexikoaz. Txikitatik dago kateatuta altxor horrekin. «Betidanik izan dut eguraldiaren inguruko grina: euria, txingorra... Normalean eguraldi txarra esaten dena gustatzen zait. Beroa eta sargoria gorrotatzen ditut». Haren hitzetan, «eguraldi ona eta txarra» esamolde modernoak dira, urbanoak. «Baserritarrentzat, euria zen eguraldi ona». 

Euskal Filologia ikasten ari zela ekin zion sekula amaituko ez den ikerketa lanari: «[Resurreccion Maria] Azkueren hiztegia hartu, eta eguraldiarekin lotura zuten hitz guztiak atera nituen, banan-banan. Mila eta piko ziren. Euskaltzaindiak Euskal Herriko hizkeren atlasa ere utzi zidan, eta hor ere arakatzen hasi nintzen. Urtebete eman nuen hori husten eta datutegi batean sartzen. Orotariko Euskal Hiztegia ere baliatu nuen». Fenomeno atmosferikoen arabera sailkatu zituen hitzak, eta gerora tesiari heldu zion. Non aroa, han zangoa, halaxe abiatu zen, herriz herri, iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera, badaba, bekereke, egotaro, gauate, lausoro, mahumet, mukutu eta zirurika bezalako hitzak topatzera. Dagoeneko, 6.100 arotitz dokumentatu ditu: «Izozkil da topatu dudan azkenetakoa. Bizkaiko Berriatuko Asterrika auzoan dago jasota; urtarrila izendatzeko erabiltzen dute».

«Lozorroan»

Blogean zazpiehun sarrera baino gehiago ditu, eta azkenaldian «lozorroan» izan badu ere, berriztatu eta bultzada berri bat eman dio orain. Aste honetakoa bertakoa da azken sarrera, ari du-ri buruzkoa. «2004ko azaroaren 1ean sortu nuen bloga. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea da: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiaren inguruan, zer hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko... Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian iruzkinak egiteko gunea ere bada». Bidea oparoa izan da, eta ataria sortu eta lau urtera lehenengo liburua argitaratu zuen bertan idatzitako hainbat sarrerarekin: Eguraldia eta kultura euskaldunen artean.

AROAREN BERBAROAK - KEPA DIEGUEZ
 

Ordurako, tesia idazten ari zen. «Orotara, 4.300 hitz aztertu nituen tesian. Nik dakidala, ez dago munduan, ezein hizkuntzatan, nik egindako ikerlanaren parekorik, hizkuntza baten lexiko etnometeorologiko guztia aztertu duenik, alegia. Metodologia asmatu behar izan nuen. Marko teoriko bat ezarri eta hitzak sailkatu, interpretatzeko eta ondorioak ateratzeko. Orain beste hizkuntzetan ere erabili ahalko dute metodologia hori». Ikerlariak 2021ean aurkeztu zuen doktoretza tesia, eta iaz, beste pauso bat eman, eta liburu itxura eman zion ikerketa akademikoari: Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal Herrian barrena. «Hitzak istorio batean sartu nituen. Literatur lana izan da; saiakera nobelatu bat». Getxotik (Bizkaia) Eskiulara (Zuberoa), ehun herri baino gehiago agertzen dira liburuan. Protagonista bidaiari bat da, eleen eta esamoldeen bila ari dena, eta bilaketa horren kontakizuna egiten du hizkuntzalariak.

Lan oparo horrek ondorio nabarmen bat utzi du agerian: euskal lexiko etnometeorologiko oso aberatsa da. Edozein fenomeno izendatzeko aurkitu daitezke euskarazko hitzak. Inuitek elurra izendatzeko hitz mordoa daukaten sinesmenari erreparatu dio ikerlariak, zehazteko ideia hori «mitoa» dela: «Irakurri izan dut laurehun hitz dituztela elurra izendatzeko, baina ez da hala: dozena bat hitz izango dituzte; besteak konbinazioak dira». Euskaraz, berriz, elurraren inguruko corpusak 431 hitz ditu, euskalkien aldaerak aintzat hartuta. Elur malutek tamainaren araberako izenak dituzte —elur malkoa, elur luma, edur larrosa, txirkora, lapatxa...—, nolakoaren araberakoak —lanbera, pinporta...—,  edo maiztasunaren araberakoak —mara-mara, farra-farra, zara-zara edo txarpaleta—. Elurra bisutsa ere izan daiteke, haizearekin ari duenean, eta elurra joaten denean, berriz, lurmen geratzen dira soroak. 

Euriaren corpusa

Euriarekin lotutako corpusa da, alde handiz, ugariena: Dieguezek 1.100 hitz bildu ditu; zerrenda mardulena da, «itzela», hark dioenez. Haizearen inguruko fenomenoek ere makina bat izendapen dituzte euskaraz: bederatziehun bat hitz. Hego haizeari buruz bakarrik ehun hitz inguru jaso ditu; txoro haizea, haize fina, beheko haizea, erreka haizea, andraizea... 

«Euskaraz ere hitz elkarketa pila bat dago eta batzuetan fenomenoen arteko hitz elkarketak sortzen dira, nozio bat baino gehiago biltzen dituztenak. Horri olofrasia esaten zaio, eta euskal lexikoak adibide asko ditu. Bizkaian, adibidez, afrontua esaten dugu euria eta haizea aldi berean ari direla adierazteko». 

Hizkuntzalariak hitz kuttun propioen zerrenda ere badauka: bagurrina, enbata, abasusa, laparra, oskarbi... Gogokoenen artean kuku izerdia aipatu du. «Kortezubin [Bizkaia] euri xehe-xeheari deitzen diote kuku izerdia, kukuak ez duelako izerdirik egiten arrautzak erruteko, beste txori batzuek zaintzen dizkiotelako. Lei negarra edo kuku izerdia bezalako hitz poetikoen atzetik herri bat antzematen baita. Liluragarria da».

«Hizkuntza eta pentsamendua lotuta daude. Hizkuntzan komunitate baten ideologia dago, arima dago»

KEPA DIEGUEZHizkuntzalaria

Horixe da beste ondorioa: hizkuntzaren atzean mundu ikuskera bat dagoela. «Hizkuntza eta pentsamendua lotuta daude. Hizkuntzan komunitate baten ideologia dago, arima dago. Bermeon atun adurra deitzen diote euri mehe-meheari, ez behi adurra. Erabilera guztiz antropologikoa da». Nolako harremana dago hizkuntzaren eta pentsamenduaren artean? Dieguez galdera horri erantzuten ere saiatu da, eta argi dauka hizkuntzak kultura bat adierazten duela. «Lexikoa sinbolismoz eta metaforaz beteta dago, metonimiaz eta irudiz beteta. Oso irudimentsuak gara. Euskal lexikoak denetarik du edozein erreferentzia egiteko. Ez da ezer asmatu behar. Naturari, baserriari eta nekazaritzari lotuta dago, tokian tokiko kulturari. Inguruak errealitate bat baldintzatzen du eta islatzen du. Ez da berdina kostaldeko eguraldia edo barrualdekoa. Lainoen edo lanbroen inguruko hitzetan, esaterako, aldaketak nabariak dira».

Mundu ikuskera

Mendeetan islatu da hizkuntza herrien izaeran, kulturan, mundu ikuskeran... eta, hizkuntzalariaren ustetan, herri lexikoak, herri hizkerak ikaragarri laguntzen ahal dio meteorologiaren zientziari. Horixe du kezka nagusia, ez dagoela ekimenik ekarpen hori jasotzeko, eta esapide asko galzorian daudela. «Herri jakinduria zinez oparoa da, eta zientziak aintzakotzat hartu beharko luke. Lexikoa babestea gure kultura babestea da. Hitzak, esapideak eta eleak ondare bat dira. Kultura ez da soilik museo batean aurkitzen duguna; lexikoa ere gure kultura da, eta hitzak defendatu behar ditugu, gure altxorra dira. Lehen, baserri bakoitza behatoki bat zen. Hizkuntza kultur monumentu erraldoia da, iraunarazi beharrekoa, eta ez bakarrik liburuetan, baizik eta gure ahoan».

Galtzen ari den ondareaz eta kultur herentziaz gain, kalko semantikoena da hizkuntzalariaren beste kezka bat. Dieguez arduratuta dago kalko semantikoekin eta maileguekin: «Euskarak interferentzia asko ditu; sekulakoa jasaten ari da. Dibulgazio lana egin behar da, eta komunikabideek ere badute zeresanik horretan». Beti aipatzen du adibide bera kalkoez ari denean. «Maiz entzuten dugu 'zerua urdin dago', baina euskaraz oskarbi edo garbi dago da egokia. Zeruak ez du kolorerik; kontu antropologikoa eta filosofikoa da hori. Iparraldeko eta ekialdeko euskalkietan, lainotuta dagoela esateko erabiltzen da urdin hitza; hartara, kontrakoa esaten ari gara». Gaztelaniazko llueve a mares izendatzeko euskarazko hitz jator bat ere aipatu du. «Itsasoka esan genezake, baina euskaraz badago esamolde eder bat:'Ibaika ari du'». Ari du, berriz ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.