Aro berria, gazta berria

Urteko lehen azoka berezia egin dute Ordiziako Artzain Egunean, eta, hala, Idiazabalgo gazta denboraldia hasi. Garena jatetxeko Julen Baz eta Peli Perez de Anuzita sukaldariek zatitu dute gazta.

Artalde bat Ordiziako Kale Nagusia zeharkatzen, gaur goizean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Artalde bat Ordiziako Kale Nagusia zeharkatzen, gaur goizean. AITOR KARASATORRE / FOKU
ane insausti barandiaran
Ordizia
2025eko apirilaren 23a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Udaberriak hartu dio neguari lekua, eta, urtaroei jarraituz, ardiak ere badoaz, negua igaro duten larreetatik uda igaroko dutenetara. Horixe irudikatzen du, urtero, Ordiziako (Gipuzkoa) Artzain Egunak: artzainen laguntzaz ardiek mendez mende egin izan duten transhumantzia. Uzta dastatzeko garaia da orain: aro berriak ekarri duen gazta berria.

Ardi latxari, Idiazabalgo gaztari, gaztagileei eta, oro har, sektorean dabiltzanei gorazarre egiteko eguna izan da. Izan ere, asteazkeneroko erritua da askorentzat erosketa orgak hartu eta Ordiziako plazara joatea, azokan bertan erosketak egiteko. Gaurkoan, baina, azoka handiagoa izan da, lehen azoka berezia ospatu baitute. Ohiko produktuez gain, artisauen postuetan salgai izan dira gozoak, bitxiak, arropa...  

Goizean goizetik herria girotu dute dultzaina, danbor, trikiti eta pandero jotzaileen doinuek, eta Garagartza plaza berrehun abelburu ingururen erakusleiho bihurtu da. Latx arrazako aharien erakusketa-lehiaketa egin dute, eta baita ELE elkarteko bildotsen erakusketa eta ardien erakusketa-lehiaketa ere. Ardi moztaileen postuak haur ugari erakarri ditu. «Kaixo, nola duzu izena?», galdetu dio haur batek ardi bati, parez pare begira. Ardirik gabe ez dago ez esnerik, ez gaztarik. Transmisiorik eta belaunaldi berririk gabe, ordea, etorkizunik ere ez.

Plaza izan da, beste behin, azokaren bihotza. Ohiko tokian dago Goizane, Javier Arrieta eskultoreak gaztainondo zurez egindako emakume baserritarraren eskultura. Plazako arkuperako sarreran dago eserita, Kale Nagusira begira; urte osoan da azokan gertatzen denaren lekuko. Urte luzez baserrietatik azokara goizean goiz joandako emakumeak omentzea du helburu obrak. Haiek gabe ere ez legoke azokarik gaur.

11:00 gerturatu ahala hasi da jendea Kale Nagusiko bi aldeetan pilatzen, baina, gaurkoan, Goizane-k ez du artzainik edo ardirik ikusteko aukerarik izan; bista estali diote herritarrek eta bisitariek. Erlojuari begira daude etengabe, minutu batzuk atzeratu diren arren bai baitakite artaldea iristear dagoela. «Non daude? Ez dakit, berandu datoz...». Dultzaina eta danbor jotzaileak pasatu dira lehenik jendeak sortutako korridoretik, eta handik gutxira iritsi dira ardiak, bi artzainen atzetik. «Badatoz!». 1.500 ardi inguruk gurutzatu dute Alde Zaharra, multzotan banatuta.

Lehen azoka berezia egin dute gaur, baina gaurko egunak gutxi du berezitik Patxi Atienzarentzat. 41 urte daramatza Ordiziako azokan gaztak saltzen, eta gaur ere goizean goiz bertaratu da, postua txukun-txukun jartzera. «Guretzat beste azoka egun bat da gaurkoa, baina etortzen den jendearentzat, ez. Ohiko bezero asko oporretan daude, eta jendea, gaurko egunez, denbora-pasa etortzen da. Askotan, erostera baino gehiago, galdetzera».

Azoka nola aldatu den zuzen-zuzenean ikusi du Atienzak. Adibidez, oroitu du martxo ingurura arte arkume salmenta izaten zela lehen. Gaurkoa bezalako egunak gazta saltzaileentzat lagungarriak direla gehitu du: «Beste baserritar batzuek, barazkiekin-eta etortzen direnek, agian, esango dizute gaizki moldatzen direla, zailago dutela. Baina gu beti gaude hor, eta moldatzen gara oraingoz. Hori bai, jende gaztea falta da».

Zatitu dute gazta

Azokaz gain, Idiazabalgo gazta denboraldia hasi dute gaur, udaletxeko batzar aretoan egindako ekitaldian. Idiazabalgo gaztaren erregulartasunari loturiko kalitate sariak banatu dituzte: Marta Perez Loperena artzainari eman diote artzain gaztaren kategoriako saria, eta Goiburu gaztandegiari, berriz, gaztandegien kategoriakoa. ETB2ko Vascos por el mundo programa ere omendu dute, Idiazabalgo gazta munduan barrena ezagutarazten eta zabaltzen laguntzeagatik.

Garena jatetxeko sukaldariak gazta mozten, gaur, Ordiziako udaleko batzar aretoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Garena jatetxeko sukaldariak gazta mozten, gaur, Ordiziako udaletxearen batzar aretoan. AITOR KARASATORRE / FOKU

Gazta berria probatzeko unea iritsi denean, Garena jatetxeko sukaldariak arduratu dira hura mozteaz. Michelin izar bat eta bi Repsol eguzki ditu Dimako (Bizkaia) jatetxeak, eta ardikia kozinatzea da jatetxearen bereizgarrietako bat. Peli Perez de Anuzita eta Julen Baz sukaldariak izan dira bertan, eta lehenak gazta moztu bitartean hartu du hitza bigarrenak. Egiten duten lana eskertu die artzainei eta gaztagileei Bazek, eta nabarmendu du beraientzat gazta «oso berezia» dela. «Pentsa, tatuaje bat ere badaukat», esan du barrez, eta tatuajea erakutsi du.

Gazta moztu berria eskuetan hartu eta usaindu ondoren, zera gehitu du Bazek: «Usaindu dugu, eta honek transmititzen digu etorkizunerako begirada. Badaude belaunaldi gazteak, eta gu ere zeregin horretara batzen gara: Idiazabalgo gazta eta ardi latxa, ahal dugun neurrian, mundura zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.