Zeledon pertsonaia 1957. urtean sortu zen. Zalduondotik (Araba) Gasteizko jaietara zihoan landako gizona zen. Istorio baten arabera, iturri bat eskaini zien gasteiztarrei, jaietan ardoa isurtzen zuena. Pertsonaia horren omenez, Zeledonen jaitsiera asmatu zuen gasteiztar talde batek. Beste bertsio batzuek, halere, zenbait aldaketarekin kontatzen dute istorio hori. Edonola ere, ukaezina da gaur egun Zeledonpertsonaiak Gasteizko jaietan daukan garrantzia.
1957an, Jose Luis Isasi Montalban izan zen Zeledon, lehena, eta horrela aritu zen 22 urtez. 1980an, Iñaki Landak hartu zion lekukoa, eta 21 aldiz egin zuen Zeledonena. 2001ean, berriz, Gorka Ortiz de Urbinaren txanda iritsi zen. 29 urterekin sartu zen Zeledonen rolean, eta gaur, 51 dituela, agur esango dio: «Beti esan dut 21 urtez egongo nintzela, Iñaki Landa bezala. Ez ditut ez Landa, ez Isasi gainditu nahi», adierazi du Ortiz de Urbinak. 21 urte hauek «primerakoak eta oso politak» izan direla nabarmendu du, eta «harro dago» hainbeste urtean Zeledon izateaz.
Urteotan bizitakoak oroitzen hasi, eta une polit zein hunkigarriak ekarri ditu gogora Zeledonek. Izan ere, 50 urte bete zituen jaitsierak 2007an, eta Iñaki Landarekin zeharkatu zuen plaza, Isasi omenduz. Azaldu du berez asmoa zela Isasirekin berarekin gurutzatzea, baina, zoritxarrez, gaixorik zegoela: «Bi edo hiru hilabete geroago hil zen. Horregatik, tristura sentitu nuen, baina poz handia ere bai, Landarekin momentu hori bizi izanagatik». Azkeneko aldiz gurutzatuko du plaza gaur, eta momentu hori bizitzeko «irrikaz» dago. Halere, esan du «pena handia» emango diola Zeledon azken aldiz izateak.
Aitortza
Urte luze hauetan egindako lana aitortuko diote irailean, Urrezko Zeledoia jasoko du eta. Gasteizko hiriari ospe ona emateagatik eta zerbitzu ona eskaintzeagatik ematen da sari hori. Ortiz de Urbinak «pozaren bidea eta jaien emozioa» milaka pertsonari erakutsi diela argudiatu du Urrezko Zeledoien erakundeak. Harentzat, «ohore handia» izango da saria jasotzea.
Euskararen garrantzia ere azpimarratu du Ortiz de Urbinak: «Isasik eta Landak ez zekiten euskaraz; horregatik, polita iruditu zait nire arrastoa uztea». Harentzat, euskara garrantzitsua izan da.
Zeledon gisa, hizkuntzaren erabileraren bilakaera ikusteko aukera izan du, eta aurrerapausoak eman direla uste du: «Zeledon bezala hasi nintzenean, jendeak ez zidan euskaraz egiten normalean», oroitu du. Halere, azaldu du urteek aurrera egin ahala batzuetan bakarrik euskaraz eta beste batzuetan euskaraz zein gaztelaniaz egin duela, baina gaztelaniaz bakarrik inoiz ez duela egin. Ortiz de Urbinaren iritziz, «gauza asko egin dira euskararen alde». Adibidez, orain Zeledonen abestiak euskarazko bertsioa daukala gogorarazi du. 2015. urtean moldatu zuten abestia, Blusa eta Nesken Elkartearen eta Geu elkartearen ekimenez.
Aro baten amaiera
Gorka Ortiz de Urbinak 65. aldiz zeharkatuko du Andre Maria Zuriaren plaza. Urte berezia izango da harentzat, azken aldiz izango baita Zeledon. Urteotan euskarak izan duen garrantzia azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu