Musika, dantza eta bertsoak izango dira abuztuaren 30ean Izturitzen (Nafarroa Beherea). Jai giro horretan, euskara izango da oinarri nagusia eta garrantzitsuena, festaren protagonista izango baita. Euskal kulturak Arberoa eskualdeko Izturitze herria hartuko du, Artetxea euskal kultur elkartearen urteurrena ospatzeko. Duela hamar urte sortu zenetik, Artetxea euskal kultur elkartea eskualdeko arnasgunea izan da, euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko lekua. Beraz, elkartean egindako lana goratzeko baliatuko da ospakizuna, eta, aldi berean, hurrengo urteetan euskararen arnasgunea indartzeko metodo berriak planteatzeko.
Duela hamar urte hasi zen dena, herritarren bilkura batekin, hain zuzen ere. Izturitzeko adin guzietako euskaltzaleen talde bat elkartu zen herri erdiko lokal batean, helburu izanik elkarte bat sortzea herrian euskara eta euskal kultura zabaltzeko. Bilkura horretan egon zen Jon Oienart Artetxea euskal kultura elkarteko kidea, eta gogoan du zertaz aritu ziren: «Eztabaidak sortu ziren elkartearen zutabeen harira, baina euskararena zen zutabe sendoena». Urte horietan, herrian baziren antzoki txiki batzuk hutsik zeudenak, erabili gabe. Beraz, patronaje gela hutsik zegoenez, bertan erein zuten elkartearen hazia, gelaren jabe zen elkartearen onespenarekin.
Arnasgunea indartuz
Bilkura hori egin zenetik, elkartean hainbat ekintza antolatzen dira urtero: Yoga, arte martzialak, euskara kurtsoak, step-a, kantu taldea, euskara eskolak eta tailerrak, besteak beste. Gainera, eskualdeko laborariak lokalean elkartzen dira ostiralero, tokiko produktuen merkatua egiteko. «Gure baloreekin bat egiten duten printzipioetan oinarritzen gara, eta laborariek leku bat edukitzea bidezkoa iruditzen zitzaigun, ekoizpenak zuzenki saltzeko eta eskualdea biziarazteko».
Bakoitzak bere gogo eta interesen araberako ekitaldiak proposatzeko aukera du, baina gela euskarazko jarduera bat proposatu nahi dutenei utziko zaie bakarrik: «Euskara izan behar du ardatz», azaldu du Oienartek. Noizbehinka, Arberoako ikastolari eta herriko joaldunei utzi diete gela, adibidez.
Artetxea oasi moduko bat izan da, Arberoa eskualdeko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, baita euskararen presentzia indartzeko tresna bat ere, Oienarten ustez: «Hemengo errealitateak maleruski erakusten digu euskara ez dela karrikan hainbeste entzuten». Nahiz eta ikastola egon eta orain jende gehiagok jakin euskaraz, oraindik ez da hainbeste erabiltzen. Horri aurre egiteko elkarteak badu herritar multzo fidel bat ekitaldietan parte hartzeko prest: ezinbestekoak dira antolakuntzan laguntzeko eta sostengatzeko, eta, hala, basamortuan oasi txiki hori zabaltzeko.
Elkarteak egindako bideari harrotasunez begiratzen dio Oienartek: «Eboluzio polita izan du. Guk gure ekinaldiak antolatzen bagenituen ere, pixkanaka beste kide batzuek ere hainbat ekinaldi proposatu dituzte». Horrela, Artetxea handituz joan da poliki-poliki, eta orain zortzi kide ari dira lanean, etorkizunean euskara ardatz duten ekitaldi gehiago antolatzeko herrian.
Euskararen besta
Urtero ospatzen dute elkartearen urteurrena, baina besta berezia egingo dute aurten, abuztuaren 30ean. 19:00etan, Arberoako txaranga izango da, herritarrek dantza egin dezaten. Gero, 20:30ean, Tapia eta Leturia igoko dira oholtzara. «Aspaldi ez dute Iparraldean jo, eta uste genuen aproposa izan zitekeela gure bestan egotea, eta baiezkoa eman ziguten berehala», azaldu du Oienartek. Gauean, Andoni Ollokiegi izango da, 22:00etan, hain zuzen ere; urtero gonbidatzen dute elkartean urteurrenera, gela haren musikaz blaitzeko. «Ostatua izanen da, taloak, eta gau ona pasatzeko behar den guztia», esan du elkarteko kideak.
Nahiz eta elkarte «txikia» izan, ideiak lantzen jarraitu nahi du Oienartek: «Arnasgunea indartu nahi dugu. Azken urteetan sentitu da loratze bat egon dela: ikastolaren sorrera, elkartea, joaldun taldea…Halako pizkunde bat sentitzen da. Loraldi horretan, elkarteak badu garrantzia; ekitaldi puntualak egiten ditugu, baina jendea bertan ikusi nahi dugu».