Arnasguneak arnasguneen bila

Galesko ordezkari talde bat Euskal Herrian izan da asteon, euskararen arnasguneak babesteko egiten den lana ezagutzen. Euskalgintzako eragileekin batu dira, galesarentzat baliagarriak izan daitezkeen estrategiak partekatzeko.

Galesko ordezkariak, asteartean, BERRIA egunkariaren kanpoaldean, Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariarekin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Galesko ordezkariak, asteartean, BERRIA egunkariaren kanpoaldean, Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariarekin. MAIALEN ANDRES / FOKU
ane insausti barandiaran
Andoain
2024ko irailaren 14a
05:00
Entzun

Arnasa erraz eta eroso hartzeko tokiak dira arnasguneak; hizkuntzara ekarrita, hiztun kopuru handiko eremuak, hura bizirik mantentzeko funtsezkoak direnak —bereziki hizkuntza gutxituei dagokienez—. Euskal Herrian bezala, Galesen ere hizkuntzak baditu arnasguneak. Eta baita programa bat ere, eremu horietan hizkuntza biziberritzeko: Arfor du izena (itsasertza esan nahi du galesez). Asteon, Euskal Herrian izan dira programaren bueltan lanean ari diren zenbait ordezkari, euskararen arnasguneei buruz gehiago ikasi, eta etxean zer aplika dezaketen ikusteko. Arnasguneak arnasguneen bila ibili dira.

Zehazki, Galesko Gwynedd, Ceredigion, Ynys Mon eta Caerfyrddin konderriak barne hartzen ditu Arfor programak; gales hiztun kopururik handiena duten konderriak dira. Galesko Gobernuak finantzatu du, 11 milioi librako aurrekontuarekin. 2022an jarri zuten martxan, eta 2025eko martxoan amaituko da jarduna. Haren helburu nagusia, berriz, gales hizkuntzaren arnasguneak diren komunitateei esku hartze ekonomikoen bidez aurrera egiten laguntzea da.

Euskalgintzako hainbat eragilerekin bildu ostean iritsi ziren BERRIA ezagutzera eta haien proiektuaren berri ematera, astearte arratsaldean. «Kaixo» euskaraz esanez agurtu zuten erredakzioa; ondo ikasia zuten dagoeneko. Tartean zen Dyfrig Siencyn, gales hiztun gehien dituen Gwynedd konderriko Kontseiluko lehendakaria: «Arforren izenean elkarlanean ari diren Galesko lau konderrien ordezkariak gara. Gales hiztun gehien dituzten lau konderriak ordezkatzen ditugu, eta gure helburua da ekonomiaren bidez gales hizkuntza bultzatzea».

«Hori da gure bisitaren asmoa: ikustea zer ikas dezakegun zuengandik, eta gure ideiak ere zuekin erdibanatzea»

DYFRIG SIENCYNGalesko Gwynedd konderriko Kontseiluko lehendakaria

Galesaren egoeraren argazkia izateko, Elin Haf Gruffyd Jonesek eman ditu hizkuntzarekin lotutako datuak; Galesko Unibertsitateko Ikerketa Zentroko zuzendaria eta ELEN Europako Hizkuntza Berdintasun Sarearen lehendakaria da: «Galesen, gazteen %35ek darabilte hizkuntza; hori da hiztun gehien dituen adin tartea. Hala izan da azken 30 urteetan ere. Arazoa da, hamar urte geroago, pertsona horiek ez dutela galesa erabiltzen jarraitzen, eta portzentajea jaitsi egiten dela; beraz, ez dago jarraipenik».

Baina, zeintzuk dira horretarako arrazoiak? Hainbat hipotesi ditu Hafek: «Izan liteke jendeak Galesko eremu batzuetatik ihes egiten duela Ingalaterrara bizitzera; izan liteke, urteek aurrera egin ahala, jendeak hizkuntza gaitasuna galtzen duela, ez dutelako galesa hitz egiten familiarekin edo lagunekin, edo lantokian ez dutelako erabiltzen. Baina zenbakiak aldatu egiten dira Galesko eremu batetik bestera».

Ekonomia pizgarri

Arnasguneak jarri dituzte lehentasun gisa, gero gainerako eremuetara zabaltzeko helburuz. Eta, hiztun kopurua indartzeko, hizkuntzaren eta ekonomiaren arteko harremana dute jomugan. Zergatik? Bada, ikusi dutelako gazteek eta familiek galesaren arnasguneak diren eremuetatik ihes egiten dutela, eta hori dela, hain zuzen ere, gales hiztunen kopurua apaltzearen arrazoi nagusietako bat. Anwen Daviesek eman du azalpena, Arfor programaren koordinatzaileak: «Gazteek ihes egiten dute arnasguneetako beren bizilekutik unibertsitatera, beren gaitasunak eta anbizioak garatzeko. Nola lortu dezakegu haiek itzultzea, galesa bizirik mantentzeko? Ez da erronka makala».

Lan aukerak ez ezik, etxebizitza ere arazo iturri bilakatu zaie. 2020an egindako ikerketa baten arabera, herrialdeko etxeen ia %10 bigarren etxeak dira, eta horrek bertakoei etxebizitza aukerak murrizten dizkie. Hori ere bada ihes egiteko arrazoi bat. Horri aurre egiteko, 4. artikulua sortu dute, pertsona bakoitza jabe den etxebizitza bakoitzari zer erabilera ematen dion zehaztea eskatuko duena —etxe nagusia, bigarren etxea edo epe laburreko opor etxea—, horiek mugatzeko. Arfor programatik kanpo dago neurria, baina etxebizitza stocka handitzea du helburutzat, besteak beste, gazteen migrazioa saihesteko.

«Gazteek ihes egiten dute arnasguneetako beren bizilekutik unibertsitatera. Nola lortu dezakegu haiek itzultzea, galesa bizirik mantentzeko?»

ANWEN DAVIESArfor programaren koordinatzaileak

Ceredigion konderriko Ekonomia Ministroa da Clive Davis, eta azaldu du erronka dela ihes egiten duten horiei geratzeko arrazoiak ematea. Horregatik egiten dituzte inbertsioak bertako enpresetan: «Saiatzen ari gara jendeari erakusten badaudela aukerak itzultzeko. Badaude aukerak, badaude azpiegiturak, eta ez dute hirietara joan behar ondo ordaindutako eta kalitate handiko lanak lortzeko».

Era berean, nahi dute enpresek galesez funtzionatzea, eta horretarako ere ematen dituzte laguntzak. «Haien operazioetan eta kanpoko bezeroekin marketinean ari diren bitartean, galesa erabil dezaten nahi dugu», esan du Siencynek. Azken batean, Arfor eremuko komunitateen identitatea sendotzea nahi dute, hizkuntzaren erabilera eta ikusgarritasuna sustatuz.

Eragileekin bisitan

Euskal Herriko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko, bisitatu dituzte Soziolinguistika Klusterra, Euskalgintzaren Kontseilua, Etxepare Institutua… Hala esan du Siencynek: «Badugu zuen berri, badugu euskararen berri. Zuen egoera antzekoa da portzentajeei, zenbakiei edo kezkei erreparatuz gero». Ezberdintasunak ere nabarmendu ditu, ordea, galesarekin alderatuta: «Euskal Herrian hizkuntzarekiko konpromiso handiagoa duzue gurean baino».

Eta horren adibidetzat jarri du BERRIA. Euskarazko egunkari nazional bat egunero argitaratzea euskararen aldeko gihar horren adierazle da harentzat: «Guretzat pentsaezina da galesez egunkari bat izatea, ezin izango genuke egin; eta 60.000 irakurle izatea… Ez genituzke irakurleak izango, uste dut astekari bat eginez gero 5.000 bat ale saltzera soilik iritsiko ginatekeela».

Galesko ordezkariak BERRIAko erredakzioan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Galesko ordezkariak, asteartean, BERRIAren erredakzioan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Egoera politikoan ere ikusten dituzte ezberdintasunak. Ez baita indar berarekin lan egin behar denak norabide berean ari badira, edo ur-lasterraren kontra igeri egin behar bada: «Egoera politikoa oso ezberdina da. Espainiako Gobernua da zuen lana ahuldu nahi duena. Gure kasuan, Erresuma Batuko Gobernuari ez zaio gehiegi inporta gure egoera; ‘Galesek egin dezatela nahi dutena’. Baina, kontrara, Galesko Gobernuak galesa biziki babesten du; egin zezakeen gehiago, baina ez dago zuenean duzuen tentsiorik».

Euskalgintzako eragileen arteko «kooperazioak» eta sindikatuek hizkuntzari ematen dioten «babesak» ere harritu ditu, besteak beste. Eta ezagutu dute euskararen aurkako oldarraldiaren testuingurua: «Bezero arretako kontua da langileek euskaraz jakitea, bezeroek arta euskaraz jasotzeko». Baita Gorka Torre ekintzailearen kasua ere, zeinari euskaraz deklaratzeko eskubidea ukatu baitiote aste honetan: «Guk jarrera hori oso zapaltzailetzat joko genuke, zure hizkuntza erabiltzeko duzun giza eskubideak zapaltzen ari dira».

Bi hizkuntzen arteko loturak eta konparaketak eginez joan zaie astea. Bai baitakite garrantzitsua dela hizkuntza gutxituen artean sareak sortzea: «Hori da gure bisitaren asmoa: ikustea zer ikas dezakegun zuengandik, eta gure ideiak ere konpartitzeko, agian zuentzat ere baliagarri izan daitezkeelako». Etxeko lan ugarirekin itzuli ziren herenegun haien Galesko bizilekuetara. Badute zer egina, eta badute helburu argi bat ortzimugan: 2050. urterako milioi bat hiztunetara iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.