Hilabetez euskara hutsean bizitzeko lehenengo aldia izango da batzuentzat, eta hizkuntzarekin lotutako beste errealitate batzuez ohartzeko aukera, besteentzat: etzi hasiko da Euskarabentura espedizioaren zazpigarren aldia, eta alderik alde zeharkatuko du Euskal Herria, Donejakue bidea ardatz hartuta. Nor bere errealitate soziolinguistikotik joango da, baina badute estaltzen dituen aterpe komun bat: hizkuntza, euskara.
Uztailaren 1a ate joka dute, eta nabari da urduritasuna: azken orduko prestaketetan buru-belarri dabiltza kamiseta urdina soinean eramango duten espedizioko lantaldeko kideak. «Duela hilabete hasi genuen atzerako kontaketa, baina uste baino azkarrago iritsi da uztailaren 1a», onartu du Haizea Solagurenbeaskoa komunikazio arduradunak. Ahalik eta prestatuena joan nahi dute, jakin arren sorpresak egon egongo direla espedizio nomadan.
Ez da Maule izango iritsiko duten lehen geltokia: aurten, Atharratzetik (Zuberoa) abiatuko da espedizioa, hilaren bukaeran Getxora (Bizkaia) iritsi arte. Udalak egingo die harrera lehen egunean, eta antolatzaileak pozik daude, Zuberoako egonaldia luzatuko dutelako, oreka bilatze aldera: «Asmoa zen Ipar Euskal Herrian eta, zehazki, Zuberoan egiten genuen denboraldia gehiago luzatzea, horrek ekartzen digulako, batetik, Ipar Euskal Herriko gazteak aintzakotzat gehiago hartzea, eta, bestetik, etapez aparte, eduki gehiago ere landu ahal izatea Ipar Euskal Herriko eragile, proiektu eta errealitate andanarekin».
Bertan etapa gehiago egiteaz gain, aurten, parte hartuko duten 127 gazteen artean, inoiz baino lagun gehiago joango dira Lapurditik, Nafarroa Beheretik eta Zuberoatik: hemezortzi gazte, orotara. «Guretzat berri pozgarria da: ia-ia biderkatu egiten dugu joan den urteko Ipar Euskal Herriko kideen parte hartze kopurua». Diasporako kide bat ere izango da aurtengo Euskarabenturan: Cuscokoa (Peru).
«Guretzat berri pozgarria da: ia-ia biderkatu egin dugu joan den urteko Ipar Euskal Herriko kideen kopurua».
HAIZEA SOLAGURENBEASKOAKomunikazio arduraduna
Badute arantzatxo bat, ordea: langileen artean ez dagoela Ipar Euskal Herriko kiderik, hizkuntza arduradunaz aparte: «Gazteak Euskal Herri osoko errealitatearen parte izatea nahi dugun bezala, lantalde urdina ere errealitate horren isla izatea nahi dugu. Eta baita belaunaldi desberdinen arteko harremana lantzea ere: belaunaldi bakoitzak bere bizipen propioak dituelako». Hortaz, datorren urtean parte hartzeko deia egin du komunikazio lantaldeko kide, mediku edo erizain, gidari, begirale edo xerpa gisa. Modu askotara bizi baitaiteke espedizioa.
Gazteak protagonista
Toki bakoitzean izango dituzte gonbidatu bereziak, eta hitzaldi, tailer edo emanaldiez gozatzeko aukera izango dute jzioquitarrek –hala deitzen diete espedizioko parte hartzaileei–. Horiez gain, baina, probintzia bakoitzeko parte hartzaileei emango diete ahotsa, eta, haien hiri eta herrietan daudenean, euskara nola bizi duten azalduko diete gainerako lagunei: euskalkiei lotuta, eskolan, kalean, egunerokotasunean... «Edukia kanpotik landu beharrean, ikerketen eta estatistiken emaitzak kontatuz, lehen eskutik entzungo dituzte gainerakoen esperientziak. Horrela, herrialde barruko egoera desberdinak ere ikusiko dituzte», azaldu du.
Hizkuntzarekiko jarreran eta motibazioan eragitea baita Euskarabenturaren ardatza, gazte euskaldunen artean sare bat sortzeko. «Burbuila» gisa definitu du Solagurenbeaskoak, hilabetez halako esperientzia bat bizitzea ez delako egunerokoan gertatzen. «Jarrera asko daude: ‘nire euskara ez da hain ona’, ‘ez dakit hain ondo hitz egiten’, konplexuak, aurreiritziak, norbere buruarekiko zein albokoarekiko epaiketak... Hori ere eten egin nahi dugu. Ikuspegi linguistikotik ere Euskarabentura espazio seguru bat izatea nahi dugu, bakoitza bere euskararekin bizi ahal izan dadin».
Hain zuzen, azken lau urteetako espedizioak baliatu dituzte Euskarabenturak gazteen hizkuntza ohituretan eta hizkuntzekiko jarreretan zer eragin duen aztertzeko. Plazara elkarteko kideek egiten dute ikerketa, eta, espedizioan bertan behaketak egiteaz gain, haren aurretik eta ondoren galdeketak pasatzen dizkiete gazteei: «Uste dugu ekarpen polita izan daitekeela, hezkuntza ez-formalean bereziki, gazteen hizkuntzarekiko jarrerak, kontsumo bideak, erreferentziak eta abar, zeintzuk diren ezagutarazteko. Eta horrek, era berean, baliabideak emango dituela, bai Euskarabenturak hobetzen jarraitzeko, baina baita ere antzeko lanketak egiten ari den edozein agente, eragile eta norbanakorentzat». Emaitzak 2025eko otsailerako espero dituzte, abenduan bidaliko diete-eta bigarren galdetegia aurtengo parte hartzaileei.
«Ikerketa aukera ona da, gazteek hizkuntzarekiko jarrerak, kontsumo bideak, erreferentziak eta abar ezagutzeko».
HAIZEA SOLAGURENBEASKOAKomunikazio arduraduna
Espedizioa nondik nora dabilen jarraitzeko aukera izango da aurten ere, sare sozialetan jarriko baitituzte eguneroko etapen, hitzaldien eta jardueren bideo eta argazkiak. Aurten, gainera, Tiktok kontua zabaldu dute. «Instagramek sekulako pisua badu ere, gaur egungo ‘jzioquitar’-en artean Tiktok oso presente dago, eta etorkizuneko gazteak ere hor daude. Espazio horretara ere jauzi egiteko apustua egin dugu. Ulertzen baitugu, proiektuari ekarpena egiteaz gain, proiektuak berak ere ekarpen bat egin dezakeela sare sozialetan euskarazko edukiak sortzeko garaian». Sarea elikatzeko, euskarazko edukien kontsumoa sustatzeko, eta gazteek euskarazko erreferentziak izateko, alegia.
Eta sarearekin jarraituz, Euskarabenturaren sarea ere handituz doa urtez urte, ikusten baitute gazteen arteko harremanek jarraipena dutela: bai espediziora itzuli eta bertan parte hartzen dutenean, bai eta ikasketengatik herriz aldatzen direnean ere, adibidez. Eta sareak sariak ere ekarri dizkie: 2020an bezala, UNESCOren babesletza jaso du espedizioak, egindako lanaren aitortza gisa. Bide beretik jarraitzeko asmoa adierazi du komunikazio arduradunak: «Helburua izango da aurrera jarraitzea, gure ahulguneak hobetzea, eta indarguneak hauspotzea». Has dadila arnasgune ibiltaria.