Adibide praktiko batekin azaldu zuen atzo Ander Izagirre kazetariak slow journalism deiturikoa, EHUko HGH ikerketa taldeak antolatutako biltzarrean: 2009. urtean, Boliviara joan zen lehen aldiz, «kapritxoz», hainbat erreportaje egitera eta plazeragatik. Potosi hirian, meatzeetan lan egiten duten haur batzuk ezagutu zituen. Itzultzean, gai horri buruzko erreportaje bat idatzi zuen. «Baina mundu hark kolpatu egin ninduen, eta pentsatu nuen oso azaletik landu nuela». 2011n berriro joan zen Potosira, eta denbora gehiago pasatu zuen. «Obsesio» bihurtu zitzaion gaia, eta hirugarren aldiz ere joan zen. Zortzi urteko lanaren emaitza izan zen Potosí liburua. 2017an Euskadi Saria jaso zuen, gaztelaniazko saiakeraren alorrean. Arnasa luzeko kazetaritzaren adibide arrakastatsu bat da.
Izagirrek ezingo luke halako liburu bat idatzi, Potosira iritsi, bizpahiru elkarrizketa egin, eta berehala itzulita. Bigarren bidaian, meatzeetako protagonistekin bizitzen egon zen hainbat astez. «Haiekin denbora pasatu nuen, eta ikusi nuen zeren beldur diren». Familia batekin enegarren aldian zela, amari galdetu zion ea senarra zer moduzko gizona zen. «Orbain bat erakutsi, eta kontatu zidan senarrak koska egin ziola. Bi haurdunalditan umea galdu zuela ere bai, senarraren jipoien eraginez». Izagirrek deskubritu zuen «sekulako» indarkeria matxista dagoela Potosiko meatze inguru horretan. «Lehen bidaian ez nintzen horretan fijatu. Gai bat deskubritu nuen, denbora galdu nuelako».
Denbora «galtzea» denbora inbertitzea baita kasu askotan, kalitatezko kazetaritza egiteko. Iritzi berekoa da Maite Asensio Lozano BERRIAko Euskal Herria saileko bi koordinatzailetako bat, nahiz eta testuinguru desberdinetan lan egiten duen. Duela urte batzuk, BERRIAk gogoeta prozesu bat abiarazi zuen, eta horren fruitu dira igandeetako egunkaria eta udako erreportaje sortak. Webgunean, azken ordukoari erantzuten dio BERRIAk, eta Igandea-n, hainbat orrialdetako erreportajeetan, arnasa luzeko kazetaritza egiten saiatzen da. «Ahalegin bat da kazetaritza egiteko. Eta kazetaritza zera da, errealitatearen arrazoietara jotzea», esan zuen Asensio Lozanok, EHUko Leioako campusean (Bizkaia) egindako ekitaldian. Azaldu zuenez, igandeetako erreportaje luzeak aurrez diseinatuta egoten dira. «Orain, hilabeteko prebisioarekin hasten gara». Egunkariak, dena den, ez du berariaz arnasa luzeko kazetaritza lantzen duen talderik. Gaur egungo testuinguruan, ahalegina egiten dute pandemiak sortzen duen egunean eguneko informazioari erantzuteko eta gaiak sakontasunez lantzeko.
'Aleka' eta 'Harmaila'
Arnasa luzeko beste kazetaritza lan batean aritu zen Asensio Lozano, Arantxa Iraola Alkorta lankidearekin batera: Aleka bildumarako Alardeak, ukatutako plazara liburua (2018). Kazetariak aitortu du «bertigoa» sentitzen dela halako lanekin.
Beste saiakera baten berri eman zuen Aitor Manterola BERRIAko Kirol saileko kazetariak: Harmaila aldizkaria. «Kirol kazetaritzan genbiltzan kazetari batzuk ikusi genuen hutsune bat zegoela kirola euskaraz lantzeko orduan. Aurretik ez zegoen tankerakorik ezer eginda, eta igerilekura jauzi egitea izan zen». Iaz, ordea, azkeneko zenbakia argitaratu zuen aldizkariak, proiektua «ez zelako bideragarria». Beste mota bateko kazetaritza egiteko aukera eman zien aldizkariak, hala ere. «Lanketa sakona egiteko aukera izan genuen: kazetaritza lasai egin eta gozatzeko». Manterolaren aburuz, egunkarietan erronka dute kirol kazetariek, esate baterako kronikei «beste buelta bat emateko».
Manterolak uste du kalitatea bermatuta dagoela euskarazko arnasa luzeko kazetaritzan: «Kazetari bokazioa baldin baduzu, eta gaietan sakondu nahi baldin baduzu, sortzen den magia horrekin, kalitateak jarraitu egingo du».
EHUko HGH ikerketa taldeak antolatutako jardunaldietan, beste solas tarte bat izan zen, eta slow journalism edo kazetaritza pausatuaren inguruko azalpenak eman zituzten. Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasle Alejandro Barranquerok gogorarazi zuen hamar urte baino ez direla slow journalism-a ikertzen dela. Naturarekin eta gizartearekin loturak estutu behar ditu kazetaritza horrek, Barranqueroren ustez, «naturaren mugak» aintzat hartuz. «Abiadurak ez gaitu zoriontsu egingo». Ramon Llull Unibertsitateko (Katalunia) irakasle Alba Sabatek The New Yorker, Gatopardo eta Jot Down aldizkariak aztertu ditu: ondorioztatu du kazetaritza narratibo digitalean istorioak duela indarra, eta osagai multimediak «gutxi» eta «sinpleak» direla.
Arnasa luzerako, denbora hartu
Ander Izagirre, Maite Asensio Lozano eta Aitor Manterola kazetariek arnasa luzeko kazetaritzaren aldeko aldarria egin dute EHUko HGH ikerketa taldeak antolatutako biltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu