Arnasa luzea txioen garaian

EHUko HGH taldeko ikerlariek ondorioztatu dute arnasa luzeko kazetaritza beste aukera bat dela, azkartasunaren, arintasunaren eta sinpletasunaren aurrean.

urtzi urkizu
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Egia izanik ere teknologia berriek, sare sozialek eta Internetek ia den-dena aldatu dutela, begi bistakoa da zer behar daukagun istorio eta gertakizunedota pertsonaien pleguetan, ñabarduretan eta analisian sakontzeko». Hala adierazi du Udane Goikoetxeak, EHUko HGH ikerketa taldeko kideak. Txema Ramirez de la Piscina eta Imanol Murua Uria taldekideekin batera, Arnasa luzeko kazetaritza euskal hedabideetan: egungo esperientziei errepasoa azterlana egin du. Behategiaren urtekarian irakur daiteke.

«Fast kulturak dena inbaditu du, baita komunikabideen jarioa ere. Testuinguru horretan ulertu behar da Slow Journalism etiketa. Iritzia eman duten hedabideetako arduradunak kontzientedira egiten duten lanak agian ez duela isla zuzenik izango salmentetan edota audientzietan, ez berehalakoan, bederen», nabarmendu du Goikoetxeak. Hala ere, aztertutako hedabideek apustu «estrategikoak eta kalitatezkoak» egin dituzte. «Sakontasuna eta gertutasuna» erakusten dituzte analisi, kronika, saiakera, erreportaje zabal eta elkarrizketa luzeetan: «Marka propioa sortu dute».

HGH taldeak euskarazko kazetaritzaren arnasa luzeko hainbat adibide jaso ditu: BERRIAren Igandea edizioa (2018an gehien irakurri diren testuen sailkapena eginez), Argia-ren Larrun aldizkaria, ETB1eko Ur handitan saioa, Euskadi Irratiko Arratsean saioa eta Goiena Telebistaren Barruak astintzen dokumentala. Jakin aldizkariaren Historia bizia saila eta Harmaila kirol hiruhilabetekaria agertzen dira lanean, baita hainbat kazetaritza liburu ere—tartean, Jakin-ek eta BERRIAk Elkar argitaletxearekin sortutako Aleka bildumakoak—.

Urtekarian jasotzen denez, Xabier Mendiguren Elizegi editoreak ez dio aurreikusten etorkizun errazik kazetaritzako liburugintzari: «Baina euskal kultura beti egon da krisian, eta alde horretatik ez gaude ikaraz. Ahal dugun bitartean jarraitzeko asmoa dugu guk».

Mikel Peruarena Ansa BERRIAren kazetari eta editoreak, bestalde, esan du BERRIAko Igandea-n landutako gai nagusia egunkariaren bereizgarrietako bat bihurtu dela: «Kalitate marka bat da, bereizgarri bat, astero zerbait berria eta interesgarria eskaintzen saiatzen garelako adierazle bat, eta papereko irakurleak estimatzen duena». Goikoetxeari iruditzen zaio erronka hori gaur-gaurkoz lortu duela: «Izan ere, BERRIAren Igandea kalitate marka bat, bereizgarri bat da». EHUko HGH taldekoen iritziz, bestalde, arnasa luzeko kazetaritzaren presentzia, kuantitatiboki baino gehiago, kualitatiboki da garrantzitsua.

Erreferentziazko tokia

Telebistako saioen artean, EHUko hiru ikerlariek Ur handitan aztertu dute. «Titularretan lekua izaten duten gaiak baino gehiago, herritarren ahotan dauden gaiak jorratzen dituzte bereziki, urgentziarik gabe», azaldu du Goikoetxeak. Programako lantaldeak dioenez, audientzia gero eta mesfidatiagoa izanda, gero eta gehiago baloratzen du kalitatezko informazioa: «Badago publikoaren zati bat beste tempo lasaiago batzuk eskertzen dituena». Bost denboraldi hauetan, ikusle daturik onena 2018ko urtarrilaren 9an lortu zuen Ur handitan-ek: Motxiladun umeak atalean euskal presoen seme-alaben gaia landu zuten, eta %7,8ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %16,5ekoa—.

Ramirez de la Piscinaren arabera, herritarrak gero eta kritikoagoak dira komunikabideekin. Goikoetxea iritzi berekoa da: «Teknologia berrien eta Interneten kontsumo konpultsiboak antsietate arazoak sor ditzake; sintomak gero eta nabarmenagoak dira. Testuinguru horretan, arnasa luzeko kazetaritzak bere tartea izan dezake merkatuan». Jaso duten informazioaren arabera, mota horretako kazetaritzak aurrerantzean ere erreferentziazko tokia izango du euskarazko hedabideetan. «Oro har, arnasa luzeko kazetaritza beharrezko ikusten da».

Elkarrizketatu dituzten kazetari guztiek nabarmendu dute kazetaritza mota horrek duen «balio erantsia», eta, produktuari gehitzen dion «marka propioa, berariazko zigilua». «Berehalakotasunetik aldendu nahian, kalitatea, hausnarketa, analisia eta denbora propioa aldarrikatu eta sustatzeko ahaleginean ari dira hedabide hauek, mainstream korronteetatik aldenduz». Testuingurua, analisia eta adituen iritzia dituzte jomuga, «planeta osoan klik bizkor eta azalekoaren oihartzuna nagusitzen den bitartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu