Mendi ibilaldia

Armintza eta Gorliz arteko labarrak inguratzen

Armintza eta Gorliz  arteko labarrak inguratzen.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Armintza, Urtzuriaga, Etxandarri, Ermua, Legorarri, Kukulu, Axkorriaga, Astondo, Gorliz
  • Distantzia: 9,5 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 50 mn.
  • Ingurunea: Gerrako aztarnak ikusi eta itsasbazterrreko landaredia ezagutzeko aukera emango digu gaurko txangoak.
  • Estekak: Ibilbidea
2007ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Zaharrak berri, gazteen gogoangarri» diosku Gotzon Garatek bere bilduman. Eta egia da gertaturikoak gogoratzea merezi duena; batzuetan abenturatzat hartuko ditugun horiexek, hain zuzen. Hori dela eta, oraingoan ere neure hemerotekara jo dut txangoa zuenganatzeko. Teknologia nagusi den XXI. mende honetan gero eta zailagoa da mendiko deskripzioekin lilura sorraraztea, konturatzea baino ez dago nola lausotu diren abenturak azken urteetan. Nork ez ditu aldean eramaten gaur egunean sakelako telefonoa, GPSa, mapa koloretsuak eta beste hainbat tramankulu? Armintza eta Gorliz arteko txangoa, adibidez, Bizkaiko Bira (1990) liburua idazteko asmoagatik egin nuen lehenengo aldiz. Bakio-Gorliz etaparen alderik errazena omen zen, eta bidezidor egokiena nondik ote zen bilatzen ari ginela, une honetan bide zabala duen Ermua ingurua orduan bi metroko oteen artean zeharkatu behar izan genuen, makilak lagun eta gorputza ederki ziztatuz. Euskaldunon Egunkaria-ko Bidaide liburua argitaratzeko (2002), berriz, gozatu ederra hartu nuen, agian helburu nagusia argazkiak ateratzea zelako edo. Ordukoak dira Axkorriagako gotorlekuaren erreferentziak, 36ko gerran erabilitako ezkutalekuen aipamena, kantauriar artearen desagertzearen azalpena, etab. Berriro itzuli naizenetan, beti izan da zertaz harritu, itsasoak bazterrak gogor astintzen zituenean edo Billanoko uhartea uretatik ateratzen ari den dragoi baten itxura irudikatzeagatik. Zorionez, hurrengoan ere izango da itzultzeko arrazoirik.



LABARRIK LABAR. Armintzako portutik hasi eta Gorlizerantz abiatuko gara txango honetan, errepidez. Lehengo auzo-eskolen paretik igarotakoan, Urzuriaga bide seinalearen alboko marra zuri-gorriekin bat, aldatsari eutsiko diogu, Portugana baserri eta Arresi hotel atzetik. Bidegurutzean (16') pistak beherantz egingo du zertxobait, baina Urtzuriaga baserrian berriro zorroztuko da. Lepoko munarri zaharrera heldurik,Etxandarri muinorako joan-etorria egin daiteke, labarrek merezi dute eta. Hurrengo gaina zeharkaldi honen sabaia izango da: Ermua (287 m) -1967ko xaflako euskara eta bunker gaineko erpin geodesikoa ikusgarriak dira, benetan-. Aurrerantzean, labarrez gain, 36kogerran erabilitako ezkutalekuak ezagutuko ditugu. Faro-Astondo zutoinaren ostean, Legorarri muino aldamenetik 1990eko itsasargira jaitsiko gara, eta lurpeko pasabide eta azpiko baterian kuxkuxeatzen ibili ondoren, errepidetik jarraituko dugu. Abeltzaintza seinalea baino metro batzuk lehenago Kukulu muinora (147 m) igoko gara. Azpiko iturri eta mahaietatik XVIII. mendeko Axkorriagako gotorlekuaren hondakinak bisitatu ondoren, kantabriar artadira joko dugu, eskaileraren bidez. Bidezidorrak Astondo hondartzan utziko gaitu. Aitzakia ederra Gorlizko Ospitale aurrean bainu osasungarria hartzeko.



ZEHARKALDIA BIRIBILDUZ. Izerdi gehiago bota guran egonez gero, oinez ere itzul daiteke abiapuntura. Horretarako, Urezarantza ibiltoki eta Txosnarako estratatik Txosna baserrira hurbilduko gara, errepide aldapatsuaren bidez, eta Fanoaurre baserritik 50 bat metrorako pistak berak eramango gaitu Ermua tontor albora. Aurreko ibilbide osoa ez errepikatzeko, gaineko aldeko bidezidorretik jarraituko dugu, ekialderantz. Eukalipto basoan sartuta, pista nagusira jaitsiko gara, eta Arresi hotel eta Portugana baserriaren artean, Armintzara. Aukera honek zailtasun berezirik ez badu ere, erreferentzia orokorrak aldatzen ditu, hots, denbora 3 ordu eta 20 minutu, desnibela 664 metro eta luzera 15 kilometrokoa.

 

Gorlizko Ospitalea



Bertako baldintzak ezin aproposagoak zirela berretsita (iodo ugariko ura, eguzki ordu asko eta haize garbia), 1919ko ekainaren 19an inauguratu zen Gorlizen E. Areilza eta L. Larrinaga sendagileek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzaturiko egitasmoa. Jatorriz Itsasgizonentzako Sendategia zena, XX. mendeko izurriteen ondorioz, haurrentzako hezur tuberkulosia sendatzeko erabili zuten antibiotikoak oraindik sortu gabeko garaian. Gaixoen beharrei zerbitzu egokiagoa ematekotan, 1970ean Kirurgia Ortopedikoko Institutu bihurtu zuten eta, ildo horretatik jarraituta, 1985etik, Osakidetzan sartu ondoren, errehabilitazio zentro ospetsu, Bizkaiko ezagunetarikoa. Beraz, gaur egunean turismoari begira diharduen Gorliz elizatearen garapen ekonomikoa ezin da ulertu ospitaleak izaniko eragina aztertzeke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.