Kakalardoak, armiarmak, sorgin-orratzak eta tximeletak. Guztiak bilduta, Escaralimania proiektua. Naturarentzat eta gizakiarentzat duten garrantziaz jabetzeko, Aranzadi zientzia elkarteak bi urteko proiektu bat abiatu du, Espainiako Biodiversidad fundazioaren babesarekin. Entomologiazaleak sortu nahi dituzte, lehen urtean espezie horiek nolakoak diren erakutsiz, eta bigarrenean haiei laguntzeko ekintzak eginez. Entomologia zoologiaren adar bat da, eta artropodoak ikertzen ditu, intsektuak nagusiki. Apiril-maiatzean abiatuko dute proiektua. Beatriz Diaz (Donostia, 1985) auzitegi entomologiako doktore eta Aranzadiko ikertzailea da proiektuaren arduradunetako bat.
Kakalardoen funtzio onuragarrien artean zein nabarmenduko zenituzke?
Kakalardoak egur hiletan bizitzen dira, eta hango elikagaiak birziklatzen dituzte. Amona mantangorriak ere kakalardo mota bat dira; landare zorriak jaten dituzte, eta izurriteak kontrolatzen lagundu.
Armiarmenen artean?
Harrapariak dira, eta beste izaki batzuk kontrolatzen dituzte.
Sorgin-orratzenen artean?
Harrapariak dira, eta beste intsektu batzuk jaten dituzte. Inguruaren kalitatearen erakusle dira.
Eta tximeletenen artean?
Polinizazioa. Beti erleekin lotzen dugu, baina tximeletek oso lan garrantzitsua egiten dute.
Sorgin-orratzak eta tximeletak soilik aukeratu bazenituzte, agian entomologiazale gehiago lortuko zenituzkete. Askok ez dituzte gustuko armiarmak.
Armiarmak proiektuaren barruan daude, jendeak hesi hori gainditzeko. Oso ederrak dira. Hori guztia ikusarazi nahi dugu.
Kakalardoak, armiarmak, sorgin-orratzak eta tximeletak arriskuan al daude?
Oso gutxi daude galzorian, baina talde guztiek dituzte espezie zaurgarri batzuk edo espezie babestuen katalogoan dauden batzuk.
Gizakiaren erruz daude arriskuan?
Hainbat faktorerengatik, baina egia da gizakiak kalte egiten diela. Egur hilaren krisia dago duela zenbait urtetik. Badirudi basoek garbi egon behar dutela, eta kendu egiten dituzte eroritako zuhaitzak. Zuhaitz horietan, ordea, sekulako animalia pila bizi dira. Kakalardoek horrelako zuhaitzak behar dituzte. Zuhaitza kenduta, etxea kentzen diezu.
Pestizidek eragiten diete?
Bai, polinizatzaileei batez ere.
Errazago jabetzen gara animalia handien galtzeko arriskuaz txikienenaz baino?
Gainera, askotan intsektuen alde txarra baino ez dugu ikusten; baina batzuk besteak bezain garrantzitsuak dira. Proiektu honekin, jendeari erakutsi nahi diogu ederrak direla, garrantzitsuak direla, eta zaindu egin behar ditugula.
Armiarma bat etxeko sabaiko kantoi batean. Zer egin behar da?
Ez dute trabarik egiten. Edalontzi batean sartu, eta etxeko landareetan edo ondoko lorategian uzten ditut.
Badira intsektuen bildumak egiten dituztenak. Argitaletxe batzuek astez aste osatu beharreko bildumak ere eskaintzen dituzte. Zer iruditzen zaizu?
Ez nago horren alde. Espezie batzuk ez dira harrapatu behar, babestuta baitaude. Nik ez nuke intsektu bat hilko horretarako. Gu geu ez gara animalien bila joaten bilduman edukitzeko; hilda aurkitutakoak edo landa lanetan hildakoak dira.
Deigarria da zure doktore tesiaren gaia: aztertu zenuen ea zein artropodo joaten ziren usteltzen ari ziren txerri batzuetara.
Animalia bat hiltzen denean, aire zabalean utziz gero, zenbait intsektu iritsiko dira, bai hilotza jateko, bai han bildutako intsektuak jateko. Zomorro segida moduko bat sortzen da, eta laguntzen du zehazten zenbat denbora daraman hilda, lekuz aldatu duten...
Nola egin zenuen ikerketa?
Uda batean, bost txerri jarri nituen Aiako Harrian [Gipuzkoa], datu guztiak biltzeko; beste uda batean, beste bost, ikusteko ea gauza bera gertatzen zen .
Entomologo forentseak ezagunak dira CSI eta Bones telesailei esker. Zer iruditzen zaizkizu?
Bones gehiago gustatzen zait CSI baino; errealistagoa da. Gure lanetik badute zerbait, baina ez dute erakusten lan horrek behar duen denbora eta ahalegin guztia.
Ohikoa da hemengo kasuetan auzitegi entomologia baliatzea?
Ez. Normalean, antropologiaren bidez edo beste diziplina batzuen bidez argitzen dira zalantzak.
Esan izan da hildakoak lurperatu eta gero zomorroek jango dituztela. Zer-nolako zomorroak dira?
Gorpu bat azkar desegitea nahi baduzu, ez lurperatu. Gorpua kolonizatzen duten euliek sarrera batbehar dute, eta, lurperatuz gero, ezin dira sartu. Lurra aztarrikatu beharko dute. Badira gorpura iristeko gai diren euliak eta kakalardoak, baina prozesua geldoagoa izango litzateke.
ATZEKOZ AURRERA. Beatriz Diaz. Entomologo forentsea
«Armiarmek ez dute trabarik egiten»
Jendeari erakutsi nahi dio kakalardoak, armiarmak, tximeletak eta sorgin-orratzak garrantzitsuak direla, eta zaindu egin behar direla. Kexu da sarritan intsektuen alde 'txarra' baino erakusten ez delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu