Arma ikonikoak, baina armak

Eibarren egindako armak erabili izan dituzte historiako mito bilakatu diren batzuek, hala nola Fidel Castrok eta Che Guevarak. Filmetan ere ikusi ahal izan dira. Gerraren negozioa errotuta dago Euskal Herrian.

ZALDIEROA
ZALDIEROA
Kristina Berasain Tristan.
2025eko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zuen aurreneko herria izan zen Eibar. Alkateak Madrilen eta Bartzelonan baino sei ordu lehenago atera zuen balkoira hiru koloreko ikurra. 1931ko apirilaren 14ko goizaldea zen. Gipuzkoako hiri hori historia liburu guztietan aterako zen aurrerantzean, argazki eta guzti, eta oraintxe, ekintza iraultzaile horrexegatik, memoria leku izendatu dute. Espainiako Gobernuak joan den astean eman zuen erabakiaren berri, eta, aldi berean, bitxikeria bat atera zen argitara: Niceto Alcala Zamorak erbestera eraman zuen arma topatu dutela, non-eta II. Errepublika aldarrikatu zen herrian egindakoa. 

Frantzian atzeman dute pistola hori: damaskinatu dotoreekin apaindutako Star D bat da, eta Jacinto Olaberen tailerrean egin zuten, 1931n. Luciana Larreategi artistarenak dira grabatuak, eta errepublikako presidenteak hirira egin zuen bidaia batean oparitu zioten. Alcala Zamorak 1932ko irailaren 13an bisitatu zuen Eibar. Argazkietan emakume talde batez inguratuta ikus daiteke. Haiek oparitu zioten arma. Halaxe irakur daiteke pistolan: «Errepublikako lehen herritarrari. Eibarko talde errepublikanoko emakumeen atala».

NICETO ALCALA ZAMORARENA IZAN ZEN PISTOLA
Niceto Alcala Zamorarena izan zen pistola. Hartan irakur daiteke nork oparitu zion. BERRIA

Alcala Zamora 36ko gerran erbesteratu zen Frantziara, eta 1941. urtera arte bizi izan zen han, harik eta Argentinara joan zen arte. Galdutako pistolaren arrastoa aurkitu dute orain, baina arma ikoniko hori zerrenda luze baten parte da. Errepublikanoek erruz erabili zuten antzeko pistola bat, Astra 1921 modeloa, eta faxistek akaso horregatik bonbardatu zuten Eibar. 1937ko apirilaren 24an eta 25ean Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Gezi Beltzak ehun kiloko 21 bonba eta 50 kiloko beste ehun bota zituzten. Orotara, 29 operazio egin zituzten. Eibar izan zen gogorren zigortutako herrietako bat: 13.000 herritar izatetik, 5.000 izatera pasa zen. Gernika handik bi egunera bonbardatu zuten.

XVI. mendetik dago dokumentatuta Eibarko arma industria. Bizkaiko Somorrostroko burdina lantzen zuten, hasieran iltzeak egiteko, eta gero arma zuriak: lantzak, ezpatak, geziak... Su armekin lotutako jardueraren lehen idatzia 1481ekoa da. Medina-Sidoniako dukeek bi alabarda eginarazi zituzten herrian, eta laurogei idi pare behar izan omen zituzten horiek itsasadarreraino garraiatzeko. Eibarrek, pixkanaka-pixkanaka, punta-puntako arma industria garatu zuen. Kanoigileek hodia egiten zuten; sarrailagileek, tiro mekanismoa; zurginek, giderra; eta muntatzaileak azken piezen hornikuntzaz arduratzen ziren. Tailer txikien sare bat eratu zuten, eta industria iraultza piztearekin batera, urrezko aro bat etorri zen. XX. mendearen hasieran, urtean 484.000 pieza egin zituzten; arma industriak 1.150 langile zituen. Lehen Mundu Gerraren amaieran, baina, eskaerak murriztu egin ziren, eta, gerora, dekretu frankista batek kate osoa kontrolatzen zuten enpresen eskuetan utzi zuen armen monopolioa. Eibarren mendeetan iraun zuten tailer asko desagertu egin ziren, eta, industria birmoldaketa horren ostean, bizikletak, sarrailak eta makina-erremintak egiten hasi ziren tailer batzuetan; esaterako, Orbea, BH, GAC, Lambretta eta Alfa lantegietan.

Armagintzaren museoa

Eibarko Armagintzaren Museoan jasotzen da arma industriaren ibilbidea. Portalea eraikineko bosgarren pisuan dago museoa, eta mila arma baino gehiago ditu. Armeria Eskolako Armen Museoak utzitako funtsekin zabaldu zituen ateak, 2007an, eta, besteak beste, errepublikanoek erabiltzen zituzten armak ikus daitezke bilduman. Garai bateko arma gehienak, baina, partikularren eskuetan daude. Interneten ere eros daitezke arma zahar horietako batzuk; badago 3.000 euroko pistolaren bat, eta badira katalogoak, iragarkiak eta argibide liburuxkak ere.

eibarren egindako armak
Eibarren egindako pistolak. Goian, Tejero ezkerrean eta Fidel Castro eskuinean; behean, berriz, Ernesto Guevara 'Che'. BERRIA

Eibarren egindako armek gerra eta gatazka lekuetara bidaiatu zuten, eta kontinente urrunetara iritsi ziren, baita historiako mito bilakatu diren zenbaiten eskuetara ere. Fidel Castrok militarrez janzteko ohitura zuen, eta maiz eramaten zuen kartutxo zorroa gerrian. Kubako buruzagiak izan zituen pistolen artean bazen Eibarren egindako bat: Bonifacio Etxebarriak egindako Star bat. Ernesto Guevara Che-ren pistola ere etxe berekoa zen: Star 1922 modelokoa. Kamiseta eta posterretan agertzen den gerrillari ikoniko hura, beraz, hirian egindako pistola bat izan zuen.

Zerrenda bitxi horren barruan daude ideologikoki elkarrekin zerikusirik ez duten pertsona. Antonio Tejero Espainiako teniente koronela estatu kolpea ematen saiatu zenean, Castroren eta Cheren pistolen jatorri bereko arma bat zeraman eskuineko eskuan, kasu horretan Star PD bat. 1981eko otsailaren 23ko irudi hori ere historia liburuetan sartu da. 

PULP FICTION PELIKULAKO IRUDI BAT.
Samuel L. Jacson eta John Travolta, pistola banarekin. BERRIA

Arma bete historia dauka Eibarrek. Eta, liburuetan ez ezik, pelikuletan ere atera dira han egindako pistolak. Armagintzaren Museoak zineman agertu izan diren piezen erakusketa antolatu zuen duela bi urte: Pelikuletako armak. Museoaren bilduma zineman. Museoko bildumako armak zeuden tartean, baina baita bilduma pribatuetakoak ere, atzerrikoak. Hollywoodera iritsi ziren pistola horietako batzuk. Pelikulen zerrenda ere luzea da. Quentin Tarantinoren Pulp Fiction da, akaso, ezagunena. Samuel L. Jackson bederatzi milimetroko Star B ereduarekin agertzen da filmean. Aktore gehiagoren eskuetan ere agertu dira Eibarren egindako pistolak eta eskopetak: Steve McQueen, Tom Hardy, Charlize Theron, Clint Eastwood, Kevin Costner... Elliot Nessen rolean ari da azken hori The Untouchables pelikulan, Star B batekin. Orbea enpresak egindako pistola bat da, gerora bizikleta famatuak egingo zituen enpresarenak.

Fikziotik at

Fikziotik at, gerraren negozioa errotuta dago Euskal Herrian. Eta bertan egiten diren armek hildakoak eragiten dituzte hemendik milaka kilometrora. Eibarren gaur egun badira armak egiten dituzten enpresak. Artisau batzuek irauten dute; produkzioa txikia da, baina goi mailakoa, egiten diren fusilak 10.000 euroren truke saltzen baitituzte. Euskal Herrian, berriz, ehun bat dira armagintzaren industrian ari diren enpresak; produkzio osoa edo zati bat bideratzen dute arma sofistikatuagoak ekoiztera, eta 950 langile ari dira sektore horretan lanean. ITP, Aernnova, Senner, Sapa, Dassault eta Turbomeca dira ezagunenak, eta denetik egiten dute: mortero granadak, bonbak, torpedoak, suziriak, misilak, droneak, hegazkinak eta ibilgailu blindatuak. Hegazkin eta helikoptero militarretarako piezak egiten dituzte, fragata eta orgetarako, besteak beste. 

Euskal industria militarrak 500 milioi euro baino gehiagoren irabaziak ditu urtero. Halaxe jakinarazi zuten hamabi talde antimilitaristak eta kolektibok txosten batean. Gerrako Eusko Label Armak jardunaldietan ezagutarazi zuten datua. Honelaxe iragarri zuten ekinaldia: Euskal Herrian babarrunak, orburuak, patatak eta piperrak baino zerbait gehiago ekoizten da. Euskal Herrian armak ekoizten dira, gerrarako armak, hiltzen duten armak. 

Euskal Herriko hamabi kolektibok egindako kanpainaren kartela
Euskal Herriko hamabi kolektibok egindako kanpainaren kartela. BERRIA

Produkzioaren %80 esportatu egiten dela ere zehaztu zuten jardunaldietan, eta euskal instituzio publiko eta pribatuen konplizitatea eta hipokrisia salatu. Izan ere, gero eta gehiago dira ikerkuntza militarra egiten duten unibertsitateak eta armagintza industria finantzatzen duten bankuak. BBVA, Caja Rural, Credit Agricole eta Kutxabank daude tartean.

Gasteizkoak taldeak ere lan itzela egin du armagintza nork sustatzen duen ikertzen. Mercaderes de la muerte ‘Made in Euskadi’. La industria militar en Euskal Herria (Heriotzaren merkatariak ‘Made in Euskadi’. Industria militarra Euskal Herrian) eta Estas guerras son muy nuestras (Gerra hauek oso gureak dira) liburuak mugarri izan dira, eta orain beste liburu bat argitaratu du kolektibo horrek: Conversión de la industria militar de Euskal Herria para no fabricar más guerras (Euskal Herriko industria militarraren birmoldaketa gerra gehiago ez fabrikatzeko). 

Corsino Vela ikerlariak hitzaurrean esaten duenez, krisian dagoen sistema kapitalistaren oinarrietako bat da mundu militarizatua sustatzea, eta testuinguru horrekin lotu behar da multinazionalen politika ere, baliabide naturalak kontrolatzea helburu duena: «Gerra Hotzaren amaieran, intentsitate apaleko eufemismoarekin izendatutako gatazken bidez, ‘ongizatearen’ gizarteek, zeinak arma ekoizpenaren industria garapenean oinarritzen diren, gero eta dependentzia handiagoa dute gerrek sortutako baliabideekin».

Berrehun enpresa inguru

Liburuak ematen dituen datuak dira horren erakusgarri. Euskal Herrian, duela hamabost urte halako hiru dira gerrarako ekoizpenaren alorrean ari diren enpresa, ikergune eta erakundeak; 2008. urtean, 70 inguru ziren, eta, egun, berriz, berrehun inguru.

Euskal Herrian egindako armak gerrak edo gatazkak dauden herrialdeetara esportatzen dituzte, eta, zalantzarik ez dago: negozio horrek heriotzak eragiten ditu. Enpresek ez dute esportazioen berri emateko betebeharrik, baina eragin zuzena dute egun munduan dauden 50 gerra eta gatazka armatutan, eta horietan urtero 150.000 lagun hiltzen dira batez beste. Afganistanen, Palestinan, Saharan, Sirian, Kurdistanen eta Yemenen hiltzen dituzten herritarrak Euskal Herrian egindako armekin ere hiltzen dituzte. Saudi Arabiara, Israelera, Turkiara, Marokora eta Egiptora esportatzen dituzte armak.

Karlos Almorza Historian doktoreak dioen bezala, inoiz ez da jakingo zenbat jende xume hil den Euskal Herrian egindako armekin. «Euskal Herrian XIX. mendeko gerra karlistak utzitako hildako kopuruari dagokionez, onartuta dago 200.000 inguru izan zirela, eta 36ko gerran 25.000 kontatu ditugu, baina ezin kalkulatuzkoa da Euskal Herrian egindako armek zenbat jenderen heriotza eragin duten».

Bitxikeria bat ere aipatu du historialariak. Arma horiek hildakoen artean, errege bat izan zen: Alexandro I.a Jugoslaviako erregea Eibarren egindako Mauser pistola batekin hil zuten, atentatu batean, 1934ko urriaren 9an, Marseillan (Frantzia). Vlado Chernozemskik izeneko mazedoniar-bulgariar batek hil zuen, bi aldiz tiro eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.