Jose Javier Uranga. Arkitektoa

«Arkitektoak ez du artista izan behar, gizarteko langilea baizik»

Norbaitek idatzi nahi balu Euskal Herriko gatazkak arkitekturan izaniko eraginaz, Uranga arkitektoarekin hitz egin behar luke lehenbizi. Hegazkinen pilotua, planik gabeko ibiltaria... alderdi askoko pertsona da.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2016ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Inork ez du gelditu sartzeko orduan. Inork ez dio galdetu zertara etorri den. Eta itzuli osoa eman ahal izan dio Jose Javier Uranga (Errenteria, Gipuzkoa, 1940) arkitektoak Kutxak Donostian duen Datuak Prozesatzeko Zentroari. Lagun zahar bati eginiko bisita bezalakoa da, Urangak berak diseinatu baitzuen eraikin ikaragarria. Harrituta dago arkitektoa gaurko segurtasun laxoaz. Izan ere, berak Kapitalismo Modernoaren Gaztelua esaten dio eraikinari. Lehergailuak ezker-eskuin zartarazten zituzten garaian eraiki zuen hiritarren zorraren kontuak gordetzeko betoizko bunkerra.

Euskal gatazkak arkitekturan izaniko eragina aztertu nahi izanez gero, eraikin honetatik has daiteke. Zer du berezi?

Ezin genituen langileak soto batean lan egitera kondenatu; beraz, betoi altzairudunezko hogei zentimetroko horma bat eraiki genuen kanpotik, eta beste bat 30 zentimetrokoa barrutik. Betoia beira zuntzarekin nahastu genuen, leherketa gertatuz gero pareta apurtu ez zedin. Horrez gain, egiturari eusten dioten zutabeak barruan daude, eztandek kalterik egin ez diezaieten. Sotoetan sua gertatuz gero, kanpotik itzali ahal izateko sistema hau asmatu nuen [tximinia antzekoak seinalatu ditu, metal xafla astunez itxiak]. Irekiz gero, karbono dioxidoa sar daiteke zuzenean garrak amatatzeko. Argindarrak huts egingo balu, 1.100 zaldiko diesel sorgailua dago sotoan. Teilatua helikoptero baten pisuari eusteko diseinatu nuen. Gaur barruan daudenek jakin ere ez dute egingo.

Gaur giroa bestelakoa izanda, gehiegizkoa, ia paranoikoa ematen du horrek guztiak, ezta?

Gaur, ordenagailu indartsuagoak izanik, ez dituzte horrenbeste langile behar, zerbitzariak lur azpian daude, eta datuak etengabe bidaltzen dituzte kanpora, beste banku eta zerbitzarietan kopia izateko.

Zergatik eskatu zizuten zuri halako munstroa diseinatzeko?

Orduan, oso arkitekto gutxi geunden Donostian, zazpi bat, eta halakoak egiteko gai, neu bakarrik.

Nolatan erabaki zenuen arkitekto izatea?

Amak harategia zuen, aitak zerrategia Errenterian [Gipuzkoa]. Aitonaren garaian, Ekuatore Gineatik Pasaiara [Gipuzkoa] ekarritako bi metro eta erdiko enborrak mozteko inguruko zerrarik handiena zuten, behi batzuek mugitutakoa. Behizainak Donato zuen izena, eta zer moduz galdetzean, «Jainkoa baino hobeto», erantzuten zuen. Guk, etxean, «Zer moduz? Donato baino hobeto», esaten genuen. Francorekin diputatua izan zen aita. 9 urterekin barnetegian sartu ninduten Gasteizen. Gero zortzi urte Madrilen. 24 urterekin, gazteena izanik, amaitu nuen arkitektura.

Oso gazte, hasi berritan, eta eraikin handiak diseinatzen ari zinen. Beldurrik ez?

Errenteriako San Jose Langile elizarekin [Euskal Herriko arkitektura brutalistako adibideetako bat da] doktorego eman zidan Franco jaunak, 1968an, hura oso berezia zelako diseinatzeko eta kalkulatzeko. Gau oso bat pasatunuen aldarearen gaineko arkua diseinatzen, kalkulu erregela batekin, orduan ez baitzegoen ordenagailurik. «Honek zirku erromatarra ematen du», esan zidan apaizak. «Zer da, bada, azken batean», erantzun nion. Orain, askoz gehiago hitz egin behar duzu doktorego lortzeko... ez dakit gehiago jakin behar den.

Errenteriako Moja Agustindarren Komentua egin zenuenean, kexatu egin zitzaizkizun mojak. Zergatik?

Ez nion leihorik egin kanpora begira. «Zuek, zeuen barnera begira egon behar zarete», esan nien. Kanposantua kendu nien, gainera, «hildakoan denak berdinak» garela argudiatuta. 1.500 etxebizitzatik gora eraiki ditut.

Langileen alde eraiki duzula esaten duzu. Nola?

Neure buruari galdetzen nion: zer-nolako eraikina egingo diozu 40 urtez etxebizitza ordaintzen egon beharko duen langile bati? Bada, gasturik txikiena sortuko dion etxea egin behar duzu: ez jarri leihoak iparraldera begira, haizea jotzen duen aldera... Ez nituen eraikinak egiten politak izateko, baizik eta merke ateratzeko gero han biziko zirenei.

Eta borroka handiak izan dituzu udal arauekin. Zergatik?

Babes ofizialeko legeak eraikitzeko araua duela 36 urte egin zuten, eta ez dute aldatu. Ez dator bat gaurko beharrekin. Esaterako: etxebizitzaren azalera erabilgarriaren %10eko terraza egin dezakezu. Ondorioz, 60 metro koadroko etxe batek, bi gelakoa, balkoiak sei metro baino ezin ditu izan. Gasteizen proposatu nuen: nik sei metro kobratuko diet, baina utzi hogei metroko terraza egiten, prezio berean. Ezetz esaten didate: legea horrelakoa da. Funtzionarioak dira, eta akabo. Gasteizen atariaren azalera ez da kalkuluan sartzen, eta, horri esker, atari handiak dituzte, umeen gurditxoak uzteko, mahaiak jartzeko... Gipuzkoan, ez, eta horregatik dira hemen atariak horren estuak. Udalek arautzen dute hori. Legeak esaten du fatxadetan bederatzi zentimetroko isolamendua jarri behar dela. Zergatik ez utzi, ordea, hogei zentimetro jartzen Suedian-eta bezala eta etxea ondo babestu, eraikitzerakoan hori oso merkea denean? Metroen kalkuluan sartzen dute hori, eta etxebizitza bat jaten du. Ez dago modurik. Esaten diet: «Badakit zer egin behar den: etxeak gaizki egin, eta, gero, etxe jabeek sekulako dirutza gastatu hobetzeko». Idatziz aurkeztu nuen kexa. Eta anarkista bat naizela esaten didate.

Arkitekto askok artista izan nahi dute, eta eraikin eskulturak egiten dituzte. Uste duzu ez dutela jendearengan pentsatzen?

Alde estetikoan pentsatzen dute, eta ez ordaindu behar duten pertsonengan. Arkitektoak ez du artista izan behar, gizarterako langilea baizik, batez ere babes ofizialeko etxeak egiten badabil. Horrez gain, arkitekto ona bada, askoz hobe. Lortzen badu estetika eta funtzioa batzea, primeran. Edozein lanbide ikasteko, urteak behar dira. Luxuzko etxebizitzak nahi duzun bezala egin itzazu, nahiz eta gero asko gastatu berotzen-eta. Baina babes ofizialekoak ezin dira horrela egin. Gainera, babes ofizialekoak alokatzeko egin beharko lirateke, ez saltzeko.

Irizpide bioklimatikoekin egin beharko lirateke?

Horrela egin izan ditut. Hondarribiko [Gipuzkoa] sarreran dauden batzuetan, esaterako, eguzki plakekin ur beroa eta berokuntza sistema jarri nuen, prezio berean. Zoruan sartuta daude ur bero zirkuituak, etxeak goxo berotzeko erradiadorerik gabe. Duela 12 bat urte egin nituen, baina, geroztik, inork ez du halakorik jarri, pixka bat garestiagoa delako. Pena da.

Esan izan duzu behin bakarrik egin dituzula aberatsentzako etxeak. Hautu etikoa izan zen?

Ez. Niri aberaskume bat etortzen bazait etxe bat egiteko eskatzen, ez dut arazorik, berak ordainduko du, eta kito. Mirakontxan [Donostia] egin nuen halako bat enpresaburu batentzat. Kristal kurbo bikoitzak nahi dituzula? Ordaindu itzazu. Nik, arazorik ez. Arazoa da diru publikoa erabiltzen denean. Izugarri kostatzen ari zaigu alokatzeko etxebizitzen kultura sartzea, eta horrela dabil jendea: Donostian bizi behar, etxea erosia duelako, eta lanera Gasteizera egunero. Ez du zentzurik. Hemen udalek, eta berdin dio alderdiak, babes ofizialeko etxeak egiten dituzte «gure jendearentzat». Etxeak ongi egin behar dira, isolamendu onarekin eta gastu gutxikoak. Ez dira erakusteko bakarrik egin behar, baizik eta bizitzeko eta gizartearentzat kostu gutxi izateko. Eraikina zertarako den, hori izan behar da buruan. Forma eta funtzioa.

Frank Gehryk Bilboko Guggenheimerako eginiko eraikinean dena forma dela esango zenuke?

Ez dut iritzia emango, baina zer gertatu zen kontatuko dut, adibide gisa. Gehryk nahi zuen barrutik egitura guztia agerian utzi. Baina ikusi zuenean ezinezkoa izango zela mantentzea berak nahi zuen bezala, sabai faltsua jarri zuen. Halere, Brandenburgoko atearen inguruan [Berlin] badu beste bat oso arrazionala. Semeak [arkitektoa da hura ere] galdetu zidan duela hamar bat urte zer neritzon eraikin horri, norena zen esan gabe. Perfektua zela esan nion. «Bada, Gheryk egin du», erantzun zidan. «Akabatu nauzu», esan nion [barre].

Arkitektura gizarte kezkarik gabe ezin dela pentsatu uste duzu, beraz. Gizarteko beste mugimenduekin zein harremana izan duzu?

Ikastoletako juntetan ibili naiz beti, aurrera ateratzeko lanean. Pasaia-Lezo Lizeoa eta Orereta ikastolak ere neuk egin nituen. Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoko presidente izan nintzen lau urtez, 1980 aldera. Abortuak egiteagatik hamar emakume eta gizon bat epaitu zituzten Bilbon 1982. urtean. Abortuaren aldeko agiria plazaratu zuen gure elkargoak, eta sekulako ika-mika izan genuen. Familian ere esan ziguten erotuta ginela halako gaietan sartzeagatik. Elkargoari Autonomia Estatuaren aldeko agiria plazaratzea eskatu zioten 1980. urtean, baina ez zen atera, guk presoen eta iheslarien alde ere agertzea eskatu genuelako.

Motxila hartu, eta bakarrik Pirinioetan zehar abiatu zinen behin gaztetan. Zerk bultzatuta?

Andorraraino eta buelta egin nuen. Ez dakit zergatik egin nuen: «Joango naiz», esan nion neure buruari, eta abiatu egin nintzen. Arrazoirik gabe. Zergatik ez? 3.000 metroko mendi piloa egin nituen. Baina ez dut abentura gisa ikusten. Etxean sekulako errieta egin zidaten bakarrik joateagatik. Nahikoa lan daukat neure buruarekin. Aurten, 76 urte egin ditut. Inoiz ez dut neure burua independentetzat hartu, baina, egia esan, dena bost axola zait.

Anarkista izatea leporatzen dizutenek arrazoia zuten orduan?

Ez naiz anarkista. Lege bat gaizki ikusten badut, salatu egiten du, besterik gabe. Nik lagunak leku guztietan izan ditut. Lagunak lagun ditut, eta etsaiak baditudala uste dut, baina nik ez ditut etsaitzat inoiz izan. Izan ere, nazkagarri batek badu arazo nahikoa nazkagarria izaten. Errenteriako alkateak oso ondo tratatzen du gaia: PPkoekin ere afariak egiten ditu, bi hilabetez behin, pentsa! Primeran dago, bestela ibiliko gara bizitza osoa elkar egurtzen.

Zergatik maite dituzu hegazkinak?

Gaztetatik maite ditut. Orduan, ikasle miliziak zeuden, eta normalena zen kanoiekin-eta aritzea. Oso zaila zen aire milizietan sartzea. Baina nire aitak entxufe bat zuen. Alemaniako Armadako 1936ko Bueker batekin ikasi nuen pilotu izaten [bi hegaleko hegazkin txiki baten argazkia erakutsi du sakelakoan]. Oraindik svastikak zituzten hegazkinetako batzuk, gaizki lijatuta.

Noiz ibili zara pilotu azken aldiz?

Duela hamar egun pilotatu nuen motorrik gabeko hegazkin bat, Toledon [Espainia]. Hango zelaien gainean ibili, eperrak altxatu, buelta luzea eman... Gustuko dut, ondo egiten dudalako. [Argazki bat erakutsi du sakelakoan: gari soro bat ikusten da]. Oinez zeharkatzea maite dut. Tablas de Daimielen [Espainia] abuztuan, 40 gradu egiten zituela. Bost axola: ibili, ibili, ibili... Beti bezala, pentsatu gabe.

Zer duzu buruan motorrik gabe hegazkinean edo bideetan oinez zoazenean? Laneko kontuak?

Ez. Mundua nolakoa den, besterik gabe. Orain ezingo nuke Pirinioetakoa egin, adinarengatik.Inoiz ez dut beldurrik izan airean edo lurrean bakarrik ibiltzean.

Lanean jarraitzen duzu. Erretiroa hartzeko asmorik?

Ez dakit besterik egiten, eta gustuko dut neure lana. Orain bilobekin kezkatu egiten zara etorkizunaz, zer ikasiko duten gaixoek. Arkitektoek ez dute zertan erretiroa hartu. Oscar Niemeyerrek 104 urterekin hartu zuen. Oraindik badut denbora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.