Hartu dute erabakia: Duguna Iruñeko udal dantza-taldeko Aritz Ibañez zuzendariak, Itxaso Martinez de la Pera dantzariak eta Angel Arana lehendakariak botako dute 2024ko sanferminak hasteko txupinazoa.
Duguna-k azaldu duenez, Aritz Ibañez 30 urtez ibili da dantzari Duguna taldean, eta horietako 21 taldeko zuzendari.
Itxaso Martinez de la Pera taldeko jantzien arduraduna eta elkarteko batzordekidea da, eta hamahiru urte daramatza taldeko dantzari gisa. Azkenik, Angel Arana 1970eko hamarkadan izan zen dantzari, eta Duguna elkarteko bigarren bazkidea da.
Aurten, beraz, Udaletxe plaza balkoitik ikusiko dute Duguna Iruñeko udal dantza-taldekoek. «Oso pozik gaude. Aitortza gisa hartzen dugu hau, hiriaren opari gisa, gure 75. urteurrenean», esan zuen Aritz Ibañez Duguna-ko zuzendariak joan den asteko prentsaurrekoan. Suziria nork jaurtiko zuen aukeratzeko, 10.159 iruindarrek eman zuten botoa, eta Duguna-k 3.971 herritarren babesa jaso zuen: boto guztien %39. Joseba Asiron alkateak dantzariak zoriondu zituen: «Uztailaren 6an txupinazoa jaurtiko dutenek guztiok ordezkatzen gaituzte».
Duguna uztailaren 6an izango da udaletxeko balkoian, baina Ibañezek eskerrak eta zorionak eman zizkien finalean egon ziren beste elkarteei: Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitalea (3.466 boto), Fraile Anaiak gaiteroak (1.141), Nafarroako Emakume Desgaituen Elkartea (Amusdina; 794 boto), eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa (787 boto).
Ibañezek azaldu zuen bezala, oraindik erabakitzeko dute ordezkariak nola jantziko diren: «Dantzarioi askotan esan digute sanferminetarako jantzita goazela, gure ohiko jantziak dauzkagunean».
Duguna dantza taldearen ibilbidea duela 75 urte hasi zen, 1949ko azaroaren 29an, San Zernin egunez. Hamasei dantzarik egin zuten taldearen lehen emanaldia, Iruñeko Udaletxe plazan. Orain, 150 bazkide dira, eta 50 dantzari baino gehiago. «Eskertuta gogoratu nahiko nituzke gure dantza taldeko kide izan diren dantzariak eta musikariak, 75 urteko ibilbide hau gaur eguneraino ekarri duten guztiak», esan zuen Ibañezek.
Uztailaren 7an dantzatu ohi dira Iruñeko Udaletxe plazan, eta batzuetan balkoira begiratzeko ohitura dutela esan zuen zuzendariak: «Orain, jakin nahi dut nola ikusten den egoera hori kontrako norabidean; balkoitik plazara. Hori egiteko aukera eman digute herritarrek».