Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (V)

Arin eta ondo, usoak hegan

Txakurra eta galdera mordoa ondoan hartuta, Higer itsasargitik Kataluniara arte egindako bidaiaren kontaketa da ondorengoa. Ekaitzak, belauneko mina, bidean egindako lagun handiak... eta amaierako plazera.

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - PIRINIOAK
Suasoko zirkua, eta, atzean, Monte Perdido. ANA ETXANIZ ATORRASAGASTI
Ana Etxaniz Atorrasagasti
Pirinioak
2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun

2020ko uda, gogoratzen duzue? Pandemiaren urtea izan zen. Bada, beti esaten dudan bezala, «ez da gaitzik, onik ez dakarrenik». Aspaldi buruan ereindako ideia loratzen hasi zen: Pirinioak oinez zeharkatzea, Gauarekin, nire txakurrarekin.

Oinez, uztailaren 7an atera nintzen, baina bidaia hilabete lehenago hasi nuen, prestaketa kontu guztiekin. Zailena, zalantzarik gabe, erabakia hartzea izan zen. Badakizue, beldurrak. Aurrera bultzatzen ninduen pentsamendua hauxe zen: «Ea Ana, ez zoazela Everestera; ezin baduzu gehiago, buelta erdia eman eta etxera joan zaitezke!». Behin erabakia hartuta, galdera-dantza bat hasi zen nire buruan. Lagun batek: «Zer motxila eramango duzu?»; beste batek: «Zer galtzerdi eramango dituzu?». Galderen elur-jausia geldiezina zen: «Zein lo zaku eramango dut?»; «Kanpin denda arinenak zenbat pisatzen du?»; «Nire txakurrarena nola antolatuko dut?»; «Zakutoa erosiko diot?»; «Janaria prestatzeko zer eramango dut?»; «Manta termikoa eraman beharko nuke?»; «Bidea ongi markatuta egongo da?»; «GPSa beharko dut ala mapekin moldatuko naiz?»; «Ai ama... eta galtzen banaiz?»; «Eta hiltzen banaiz?»... «Ea Ana, egon zaitez lasai, ez zoazela Kanchenjungara!». Azkenean, lortu nuen dena prest izatea. Motxila pisatu eta bidaiatzeko gakoa izango zen zenbakia eskuratu nuen: 14 kg. Memento horretan, ez nekien Gauaren pentsua eta nire janaria leporatzen amaituko nuenik. Jakin izan banu, agian, etxean geratuko nintzatekeen. Portzierto, eskerrak lagunari kasu egin niola eta motxila berri bat erosi nuela. Orain, badakit zein den motxila on baten garrantzia!

Nire lagun Roserrek bere furgonetan eraman gintuen Gaua eta biok Higer itsasargira. Bertan afaldu, lo egin eta hurrengo goizean abiatu ginen nire lagunik leialena eta biok abenturan. Ez batak ez besteak ez genekien etorkizunak zer eskainiko zigun. A ze parea! Barraskiloa eta barea! Motxila bizkarreratu eta bat-batean ur tantak erori zitzaizkidan atzealdetik. Erruduna, lagun batek oparitutako kantinploraren tapoi zaharra izan zen. Lasai, tefloiarekin ez dago ezer konponbiderik ez duenik.

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - PIRINIOAK
Higer itsasargian, lehenengo egunean. ANA ETXANIZ ATORRASAGASTI

Poliki, astiro, geldiro, mantso, emeki, pausaturik. Hori izan zen gure erritmoa. Gelditu, begiratu eta aurrera egin. Ezinbesteko erritmoa begiratu eta ikusteko, bai nire ingurura, baita nire barnera ere.

Lehenengo hamabi egunak gaindituta! Ezin sinetsita nengoen. Haiek izan ziren-eta nire egunik gogorrenak. Min gehienak atera zitzaizkidan egunak. Zamako eta haginetako mina. Motxilaren pisu itzela eta sorbalden laguntza-oihuak.

Belaunetako kexuak. Aldiz, zirrara, ilusioa eta kuriositatea, pil-pilean. Seigarren egunean bidaiako lehenengo ekaitzak harrapatu ninduen. Hiriberritik Otsagabira doan etapan izan zen. Ollokiateko mendi-lepoa eta gero, mendilerroaren azpitik eta basoaren goialdetik, sekulakoak izan ziren trumoiak eta tximistak. Eta sinesgaitza bezain egiazkoa dena ikusi nuen, kanpin denda bat ekaitzaren erdian! Ni bezala, transpirenaika egiten ari zen Alemaniako bikote bat zegoen barruan. Manuel eta Caroline ziren. Eta nire buruan, berriro ere, mantra hori: «Ez da gaitzik, onik ez dakarrenik». Etapa horren amaierara, sekulako muskulu uzkurdurarekin iritsi nintzen. Hura bai hura tentsioa! Hurrengo goizean altxatu eta abiatzeko asmoa nuen, baina motxila hartu eta belaunak esan zidan: «Neskatxie! Egon hadi geldi!». Hori dela eta, berrogeita lau eguneko abenturaren lehen atseden eguna Otsagabiko kanpinean izan zen. Manu eta Carolinen lagunartean lasai egoteko leku paregabea izan zen hura. Otsagabitik Izabarako bidean, Gauak bere zakutoa galdu zuen. Txakur alua! Ziur nago nahita galdu zuela! Hasieran, mendi-aterpeetako janariarekin moldatu ginen, baina dependentzia handiegia zen, eta, azkenean, bere pentsua bizkarreratzen amaitu nuen. Hori bai, bere zoriontasunak ez zuen preziorik.

Ai ama! Aragoiraino oinez iritsiak ginen! Ezin nuen sinetsi. Ikaragarria iruditzen zitzaidan. Respomusoko mendi-aterpearen kanpoaldean lo egin nuen lehenengo eguna izan zen. Aterpetxean ez zegoen lekurik, eta bi aukera eskaini zizkidaten: Igelen aintzirara joatea, edo, goiz nenbilenez, Panticosa arte jarraitzea. Eskerrak ez niela jaramonik egin. Gauaren laguntasuna kristorena izaten ari zen, baina, egia esan, beldur pixka bat ematen zidan kanpoan lo egiteak. Eta berriro ere mantra berezi hura: «Ez da gaitzik, onik ez dakarrenik!». Pepe izeneko gizon miresgarria ezagutu nuen bertan zegoen iturrian. Gau hartan, auzokide ezin hobea izan nuen milioika izarreko zerupean. Egun hartatik aurrera, bost egun magiko partekatu genituen. Hurrengo goizean, goiz altxatu ginen. Tebarray-ko mendi arteko igarobidea gainditu behar genuen, eta horixe izan zen ibilbide osoko tarterik arriskutsuena. Ez genuen kranpoirik; beraz, harrietatik igaro behar izan genuen. Eskerrak Pepe nirekin zihoala, eta Gaua txakur eskalatzaile bikaina dela.

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - PIRINIOAK
Peperekin, Tebarrayko igarobidearen ondoren. ANA ETXANIZ ATORRASAGASTI

Panticosa, Bujaruelo, Ordesa, Goriz eta Monte Perdido moduko paisaia hunkigarrietatik pasatu ginen. Bujaruelorantza egin genuen etapan, Viñamala mendia ikusi nuen lehendabiziko aldiz. Zer da hori? Hura bai jainkosa! Ikusi nuenetik, mendi horretara igo behar nuela sentitu nuen. Pinetan, Peperengandik banandu nintzen. Ni leher eginda nengoen, eta, gainera, hilerokoa etorri zitzaidan; beraz, nire bigarren deskantsu eguna bertan izan zen. Gogoan dut aterpetxeko gizona. Gizon xelebrea benetan be.

Aragoiko tartea, zalantzarik gabe, ederrena iruditu zitzaidan. Txunditurik nenbilen. Ume txiki bat bezala sentitzen nintzen, esploratzaile baten pare.

Sekulako lekuak eta pertsonak ezagutzen ari nintzen. Horrek guztiak nekeari aurre egiten laguntzen zidan. Begirada kurioso hark aldapak igotzeko eta motxilako pisu madarikatuari eusteko indarra ematen zidan.

Ni leher eginda nengoen, eta, gainera, hilerokoa etorri zitzaidan; beraz, nire bigarren deskantsu eguna bertan izan zen. Gogoan dut aterpetxeko gizona. Gizon xelebrea benetan be.

Pinetako bailaran pilak kargatu eta bideari ekin genion Gauak eta biok. Peperen elkarrizketa filosofikoen eta umorearen faltan sumatu genuen. Eguzkiak indarrez berotzen zuen egun haietan, eta, Parzan-Viados mendi-aterperako etapan, Urdicetoko aintziran, bainu ahaztezin batez gozatu nuen. Aterpetxerako azken aldapa ziztrina nire lepotik barre egiteko agertu zela uste dut. Justu-justu iritsi nintzen gora. Baina... a ze nolako sorpresa! Posets mendiaren irudia aurrez aurre agertu zitzaidan. Ikusi ahala, lotura berezi bat izan nuen mendi horrekin. Viadosen, bidaiako gaurik txarrenetakoa pasatu nuen. Egun hartan, bapo afaldu nuen, eta goxo-goxo lo nengoela, esnatu egin ninduten. Nire txakurra kanpoan loturik zegoen, eta uhala apurtuz aterpetxera sartu zen. Ekaitzetarako radar ona zuen. Berekin lo egin ahal izateko, bizikletak gordetzen zituzten leku purtzil bat utzi zidaten. Ez dakit zer izan zen; afaria, ekaitza edo ilargia, baina gau osoa botaka igaro nuen. Bazirudien ilea hazi eta emakume-otso bihurtu behar nintzela. Ez dut inoiz ahaztuko, zeren eta gau horretan 35 urte bete nituen.

Hurrengo goizeko lehen pausoak nahiko penagarriak izan ziren. Ni leher eginda nindoan eta paisaia tristea zen. Behe-lainoa, zirimiria... Oinez hasi eta ordu erdira, apurtutako kanpin denda bat eta arropa batzuk ikusi nituen lehortzen. Jardunaldi luze baten ondoren, arratsaldean, Benasquera iritsi nintzen. Bertan, erosketak egiteko aprobetxatu nuen. Nire zapatila zaharrak zakarrontzira bota, berriak erosi eta Gaua albaitariarenera eraman nuen. Esan behar dizuet zapatila berriekin ez nuela asmatu. Nire «merrell» zahar apurtuekin jarraitu izan banu, hobeto. Oinetakoen tortura heltzear zegoen.

Ikusgarria! «Gaua! Kataluniara oinez iritsi gara!». Hamaika ikusteko jaioak gara! Norbaitek hau esan izan balit etxetik irten aurretik, erotuta zegoela pentsatuko nukeen. Lurralde honetan paisaia ezberdina zen; lehorragoa, beroagoa.

Ordurako, bidaian guztiz sartuta nengoen, eta hortik aurrera, mendi-aterpetxeak erabiltzeari utzi nion. Leku liluragarrietan lo eginez ibili nintzen. Gaua pasatzeko topatu nuen lekurik magikoena haritz baten azpian izan zen, horren hostoak koltxoi nituelarik.

Restancako aintzira, Colomerseko zirkua, Arango harana eta Aiguestortes eta San Maurizioko parke nazionalak moduko leku paregabeak igaro nituen. Hala ere, ahaztezina izan zen Andorrako lurretan 2.500 metrora dagoen Baiauko aterpetxea. Metalikoa, vivac motakoa eta zaintzarik gabekoa. Han agertu zitzaidan Pirinioetako Jorge. Istorio hori beste baterako utziko dut...

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - PIRINIOAK
Biauko aterpe librea, Andorran. ANA ETXANIZ ATORRASAGASTI

Egunak aurrera zihoazen, eta nekeak eta oinetako min madarikatuak ez ninduten bakean uzten. Kataluniako herririk altuenera, Dorriara, iristen harrapatu ninduen ekaitzak beldurrezko pelikula batetik ateratakoa zirudien. Gau hartan, familia batek bere etxean hartu ninduen. Egun hori ez dut inoiz ahaztuko. Eskerrik asko, Pilar.

39 egun oinez eginda neuzkan, eta beste atseden egun bat behar nuen, bai ala bai. Ustekabeak eta sorpresak zirela medio, ez nuen deskantsatzerik lortzen. Azkenean, Albanya herrian gelditu nintzen. Gogoan dut haraino iristea benetan gogorra egin zitzaidala. Lehen aldiz sentitu nuen musika jarri beharra motibatzeko, eta zapatila berriekin ezinean, txankletak jantzi nituen. Azken txanpa, 12 kilometroko beheranzko eta asfaltozko pista amaigabea izan zen. Gelditzea eta indarrak berreskuratzea ezinbestekoa zen. Albayniako plazan dagoen Rectoria de Albany ostatuan etena egitea masaje erotiko baten parekoa izan zen.

Ordurako Pako nire esperientziaren parte zen. Nuriako Santutegian ezagutu genuen elkar, eta ia amaiera arte ez ginen banandu.

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA - PIRINIOAK
Pakorekin, hamabi kilometroko aldapa amaigabean behera. ANA ETXANIZ ATORRASAGASTI

Dagoeneko, iritsi naiz abentura ahaztezin honen amaierara. Cap de Creusera heldu aurreko azken bost egunak, Gauari eta bioi, benetan, gogorrak egin zitzaizkigun. Hain nengoen nekatuta, non gelditzen nintzen une txikietan motxila gainean lokartzen bainintzen. Baina argi neukan, behin haraino iritsita, amaierara arte ez nuela amore emango.

Azkenean, penintsulako ekialdeko tokirik urruneneraino iritsi ginen, eta ez edonola; Elyer, James eta Jonen konpainian baizik. Katalan bat, australiar bat eta estatubatuar bat. Bainu bat hartu, eta ratafia botila batekin topa egin genuen bizirik geundela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.