Argizaiolen azken gotorlekua

Euskal Herrian ia erabat galduta dago hildakoei argizaiolak pizteko ohitura. Amezketan belaunaldiz belaunaldi mantendu dute tradizio hori. Gipuzkoako herri horretan egun berezia dute biharkoa.

Amezketako elizan dagoen argizaioletako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amezketako elizan dauden argizaioletako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Amezketa
2024ko urriaren 31
05:00
Entzun

Amezketako (Gipuzkoa) elizako argizaiola guztiak piztuta egoten diren egun bakanetakoa da biharkoa: «Oso polita izaten da, zirrara eragiten du». Santu Guztien Eguneko meza nagusiaz ari da Agurtzane Garmendia (Baliarrain, Gipuzkoa, 1965). «Kandela guztiak pizten dira, egurrezko zorua argizari tantaz betetzen doa, eta belaunaulkiek hots berezi bat egiten dute. Isiltasun eta errespetu handia egoten da. Argizaiolei ke moduko bat ateratzen zaie». «Gandua», erantzun du Maria Pilar Iturgainek (Zizurkil, Gipuzkoa, 1956). Elizaren atarian ari dira hizketan bi emakumeak, bientzat sakratua den ohitura zaharraz; hildakoei argi oholak pizteko ohituraz. «Adineko batzuek horrela deitzen diote, argi ohola, argi egin diola desiratzeko modua baita heriotzaren edo eternitatearen bidean».  

Euskal Herrian, aurreko mendearen erdialdean, ia erabat galdu zen hildakoei argizaiolak pizteko ohitura, baina bada antzinako erritu horren azken gotorlekua den tenplu txiki bat. San Bartolome eliza egur zatien mosaiko bat da, hezurrez betetako ehorzlekuak daude azpian, zirrindola banarekin, eta zirrikituz betetako taulen gainean, belaunaulkien aurrean, zurezko argizaiolak daude, errenkan. 

MARIA PILAR ITURGAIN
Maria Pilar Iturgain, joan den astean, bere sendiko belaunaulkian, eskuetan argizaiola duela. ANDONI CANELLADA / FOKU

Iturgainek oso gogoan du nola txikitan jolas moduko bat zen, mezatan, zurezko oholean kiribilduta dagoen kandela agortzean, argizaiolari buelta ematen ibiltzea. «Desiratzen egoten ginen aldamenekoaren kandela muturrera iristeko, buelta emateko. Mezak ordubete irauten zuen, eta 6-7 urterekin asper-asper eginda egoten ginen; zeren, gauzak diren bezala, adin horrekin ez genion kasurik egiten apaizak esaten zuenari». 

Ametatik alabetara

Amarengandik jaso zuen ohola eskuetan hartuta iritsi da Iturgain. «Ohitura ederra da. Nik kariño handia diot. Orain etxean gordetzen dut, eta, belaunaulkian eseri beharrean, bankuetan esertzen naiz mezatan. Baina bihar bai, bihar 11:15eko mezara argizaiola ekarriko dut». 

Josefa Ignacia amonak haren amari eman zion argizaiola, Mariari. Eta Mariak hari. «Beti izan da hala, emakumetik emakumera, ametatik alabetara. Argizaiola pizteko zeregina ere beti izan da emakumearena». Iturgainek haur koskorra zenetik dauka iltzatuta liturgia hori: «11 urte nituenean hil zen gure aita, eta ama egunero etortzen zen elizara. Lutoa oso itxia zen garai hartan. Zetazko mantelina beltzarekin etortzen zen ama, eta mantelina eusteko orratza ere buru beltzekoa zen, zuria ez. Dena hala izan zen. Asko bizi izan dut». Artean gogoan du nola haurrei «komunioa» egitean oparitzen zieten mantelina zuria. 

Agurtzane Garmendia Amezketako elizaren atarian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Agurtzane Garmendia, joan den astean, Amezketako elizaren atarian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Agurtzane Garmendia mantelina beltz batekin eta ogi opil biribil batekin agertu da elizan. «Argazkia txukun ateratzeko», dio. Dolu garaian argizaiolaren azpian jartzen zen mantelina beltza, urtebetez, eta ogia, berriz, hildakoei eskaintzen zitzaien, «bidean» goserik izan ez zezaten. Iturgainek xehetasun bat eman du: «Dolu garaian, mantelinaren gainean gurutze zuri bat jartzen zen, trapu zuriz egina, baina argizaiolaren azpian tapatuta geratzen zen». Garmendiak dioenez, herrian duela hamar bat urte pasatxora arte mantendu zen mantelina eramateko ohitura: «Amonak goizeko seietako mezatara etortzen ziren garaietan opila etxetik ekartzen zuten; arrosarioa, errezoak egiteko liburua eta opila. Mantelinarena ere galdu den ohitura da. Pello Zabalaren [fraidea] ama eta Jokin Altunaren [pilotaria] amona izan ziren azkenetakoak eramaten».

Iturgainek izen-abizenekin aipatu ditu denak: «Dolores Bengoetxea, Margari Goñi, Maria Larreta eta Bernarda Mujika izan dira eliza honetan mantelinarekin etortzen azkenak. Batzuek mantelina koskaduna eramaten zuten, oso dotorea». Bigarren komunioan uzten zioten neskatoek mantelina zuria eramateari: «Jaunartze txikia 6 urterekin egiten zen, eta jaunartze handia, 12-13 urterekin. Orduan, neskame joaten ziren neskak, morroi, auskalo nora. Denak atera egiten ziren». 

Transmisioaren garrantziaz mintzatzen hasi dira orduan. Belaunaldiz belaunaldi pasatu den ohitura da argizaiola piztearena, eta, azken urteotan apaldu egin bada ere, ez dute uste galduko denik. «Batzuetan hiru belaunaldi egoten ziren eserita, elkarren ondoan; amona, ama eta biloba, estu-estu, bata bestearen aldamenean, edo bestela bat aurrerago eta besteak atzerago. Gaur-gaurkoz, oraindik ikusten dira horrelako eszena ederrak».

AMEZKETAKO ARGIZAIOLAK
Amezketako argizaiolak, errenkan, ehorzlekuen gainean. Dolu garaian mantelina beltza jartzen zuten azpian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Iturgainek gogoan du nola umeak, bazterretan dauden belaunaulkiak hartu, eta amaren alboan esertzen ziren, edo bestela nola zutik egoten ziren, alboan. «Sermoi garaian amaren magalean esertzen ginen». Karameluak nola ematen zizkieten ere akordatzen da: «Familia bakoitzak bere argizaiola pizten du, baina, zu ezin bazara etorri, aldamenekoari esaten diozu: ‘Nik etortzerik ez badut, zuk piztu, eta, nik etortzerik ez badut, zuk piztu’. Horrela funtzionatzen du». Argizaiolak pospoloekin piztu behar direla ere zehaztu du, eta itzali, aldiz, eskuak astinduz, hau da, putz egin gabe. 

Liburua eta posterra

Gaur egun, 115 argi ohol geratzen dira Amezketan. Agurtzane Garmendiak altxor hori ezagutarazteko bisita gidatuak egiten ditu: «Pandemia garaian hasi ginen bisitekin. Uda garaian jende asko etortzen da. Tolosako turismo bulegora joan eta honen berri dutenean, ez dute ikusi gabe joan nahi izaten. Orduan ohartzen zara askotan ez dakigula etxean daukagunari balioa ematen; kanpotik etortzen direnentzat mirari bat da hau».

Bada, orain, ondare hori ezagutarazteko liburu bat argitaratu dute. Joseba Urretabizkaia argazkilari tolosarrak elizan dauden argizaiola guztien argazkiak atera ditu. Garmendiak zehaztu duenez, hiru falta zaizkie identifikatzeko: «Beste guztiak norenak diren eta zein baserri edo etxetakoak diren badakigu. Erotu egin ginen, baina iritsi da hau ere. Bi urteko lana izan da». Fernando Hualde historialari eta etnografoarenak dira testuak, eta argazkietan herriko hamahiru emakume ageri dira, argizaiolak eskuetan dituztela: «Josebak sekulako lana egin du, eta argazkiak eder-ederrak dira. Amezketako emakumeekin argazki saio berezi bat egin genuen, argizaiolen magia eta edertasuna irudietan gorde eta belaunaldi berriei transmititzeko asmoz».

(ID_17302147307425) Amezketako argizarien posterra
Amezketako argi oholen posterra. Orotara 115 daude; hiru bakarrik falta dira identifikatzeko. JOSEBA URRETABIZKAIA

Gaur aurkeztuko dute edizio mugatuko liburu hori, herrian bertan, 19:00etan, eta liburuarekin batera herriko 115 argizaiolen irudiak dituen posterra ere aurkeztuko dute. Garmendiak herritar guztiei egin nahi die ekitaldira joateko gonbidapena. «Gure kultur ondarearen eta ondare emozionalaren parte den altxor hau elkarrekin bizitzeko eta kontakizunak eta ohitura honen inguruko istorioak partekatzeko». 

Alde horretatik, izen batzuk ez ditu aipatu gabe utzi nahi: «Eladio Balerdi, Dionisio Otermin, Jesus Vallejo, Jose Alonso, Silverio Artola eta Lourdes Ormazabal izan dira herrian argizaiolak egin dituztenak, baina beste pertsona bat ere aipatu nahi dut; izarra da Amezketan». Eustasi Sagastume da «izar» hori. Haren ama serora zen, eta harengandik jaso zuen herrian oso estimatua izan den zeregina: «Amezketako argizaiola guztiak pasatu dira haren eskuetatik. Igandeko meza guztietan pizten bada, hiru eta bost hilabete artean iraun dezake argizaiolak. Berak argizari berria jartzen zien. Tantak kendu, garbitu, eta eskubildu berria jartzen zien, igandeko mezarako prest egoteko. Eustasi oraindik bizi da, eta, jada lan hori egiten ez badu ere, gure memorian dago. Zirenak zirelako gara gu garenak».

Iturgainek poltsatxo batean sartu du argizaiola. Ez daki zein mendetakoa den, ezta zein izan zen ere eskuan izan zuen lehen arbasoa, baina ederra da, marrazki geometrikoz apaindua. Zaharrenak XVI. mendekoak dira. Badira loreekin, izpiekin, gurutzeekin edo koskekin apaindutakoak, xumeagoak edo landuagoak, tatxetak dituztenak, luzeagoak edo laburragoak, tarteka baten bat karratua ere bai, gaztainondoz edo haritzez eginak, baita haltzez, pagoz edo zumarrez ere, eta ia denek itxura antropoformoa daukate. Bakoitza bakana da, eta bakoitzak istorio bat dauka.

liburua

'Argizari' izeneko liburua argitaratu dute Fernando Hualdek eta Joseba Urretabizkaiak. Argizariaren prozesu guztiaren berri izan daiteke bertan, testuen eta argazkien bidez. Xibarit da argitaletxea, eta edizioa mugatua da, larruzko azalduna. 124 orrialde ditu, eta 50 euroan saltzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.