Argitalpenen alor artistikoa

Bilboko Arte Liburu Azoka egingo dute bihartik igandera. Erakusketak, hitzaldiak, tailer espezializatuak eta kontzertuak antolatuko dituzte.

Bilboko Arte eta Liburu Azokako 2022ko argazki bat. BERRIA
Bilboko Arte eta Liburu Azokako 2022ko argazki bat. BERRIA
itsaso jauregi 2
2024ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Asteburuan, argitaletxe, fanzine eta artisten lanak ezagutu eta erosteko aukera egongo da Bilboko Arte Liburu Azokan. Bihartik igandera, berrogei erakusmahai baino gehiago jarriko dituzte Bilboko La Granja kafe-taberna zaharrean, non nobedadeak eta askotariko materiala eskainiko diren. Liburuak, komikiak, laminak, fanzineak, kaseteak, kamisetak eta antzekoak erosi ahal izango dira. Ez da ordaindu behar azokan sartzeko.

Bilboko Arte Liburu Azoka arte argitalpenen azoka bat da, baina sakonagoak dira azokaren oinarriak. «Liburua objektutzat, aparteko piezatzat edo tirada berezikotzat hartuta, ohiko formatuak gainditzen dituzten eta esperimentazio eta ikerketa artistikoaren esparruetan sakontzen duten argitalpenentzat baino ez da azoka»; hala diote antolatzaileek. Azoka hitzaz gain, plataforma hitza erabiltzen dute beren jarduerak deskribatzeko. Euskal eremuko edizio independentean goraka doazen jardunaldiak eta euskal artisten argitalpen lanak sustatu nahi dituzte azokan.

Ekitaldiak baditu, beraz, beste helburu batzuk: argitalpen independentearekin lotutako jarduera berriak ezagutaraztea, eta elkarrizketa gune bat sortzea. Hitzaldien, liburu aurkezpenen eta tailerren bidez argitalpen baten aukera artistikoak nabarmentzea da helburu nagusia. Hitzaldiak, aurkezpenak eta tailerrak antolatu dituzte, edizioaren gaitasun artistikoak nabarmentzeko eta lan batek hasieratik argitaratu arte zer bide egiten duen erakusteko.

Egitarau zabala

Hitzaldi, tailer eta aurkezpenez jositako egitarauak bihar izango ditu lehen saioak; hala ere, gaur, atariko moduan, Euskal Irudigileak elkarteak ilustrazio erakusketa bat zabalduko du Bilboko Voltaire Lab espazioan, 18:00etan. Hortik aurrera, postuak prestatzen hasiko dira Bilboko La Granja kafe-taberna zaharrean, eta bihar hasiko da azoka, 16:00etan; bisitariek erosgai izango dituzte liburuak, komikiak, laminak, fanzineak eta kamisetak. 

Postuak bisitatzeko aukeraz gain, hitzaldiak ere izango dira bihar. Lehendabizikoa, 18:00etan izango da, Sin objetivo: la fotografía estenopéica (Objektiborik gabe: argazki estenopeikoa). Tonu urdinak, marroiak eta itzalak dira nagusi David Hornbacken argazkilariaren lanean. Kartoizko kutxez egindako kamerekin egiten dituen argazkiak aurkeztuko ditu, eta horien prozesua azalduko du.

Argazkilariaren hitzaldia entzun eta gero, proiektu berri bat aurkeztuko dute 19:00etan. Vis a vis (Aurrez aurre) koadernoak sortu dituzte, Bilboko hainbat parketako artisten eta ikertzaileren arteko topaketetan oinarrituta. Aldez aurretik elkarrekin lan egin ez duten baina konplizitate pixka bat sumatzen zaien bi artistaren arteko elkarrizketak aurkeztuko dituzte. Berrogei minutu geroago, Mabel Esteban ilustratzaileak La muda (Muda) eta Algunas criaturas de agua (Ur izaki batzuk) komikiak aurkeztuko ditu, eta horiek izango dira ostiraleko azkeneko ekitaldiak.

Larunbatean, 11:00etan irekiko dute azoka, eta 22:00etan itxi. Tarte horretan, hainbat kultur ekitaldi izango dira, autoedizioa sustatzeko tailerrak, Joseba Irazoki musikariaren kontzertua barne. Gainera, nazioarteko argitaletxe berrien aurkezpenak ere izango dira, lanen edizioen atzean dagoen lana nabarmentzeko asmoz.

Igandean, Bilboko Arte Liburu Azokaren azkeneko egunean, 11:00etan irekiko dituzte ateak, eta 18:00etan itxi. Postuak bisitatzeko azken aukera izango da bisitarientzat, tokiko eta nazioarteko artisten lanak erosteko azken aukera. Azokaren amaieran Nagore Legarreta argazkilariaren erakusketa, Un ratito (Tartetxo bat) antzerkia eta Ibonrg taldearen kontzertuak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.