Zirkua

Argiak itzali, indarra hartzeko

«Pozik, baina nekatuta». Horrela amaitu dute bigarren denboraldia Gure Zirkuko kideek. Herriz herri ibili dira: 138 emanaldi egin dituzte, eta 35.000 ikusle bildu dira.

Gure Zirkuaren karpa ibiltaria desmuntatzeko lanak, Araman. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Nagore Arin.
Tolosa
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Duela sei hilabete hasi zuen Gure Zirkuak bigarren denboraldia, eta azaroaren 3an amaitu zuen. Gipuzkoan egin zuen denboraldiko lehen saioa, Oiartzunen, eta Gipuzkoan itzali ditu karpa gorri-horiak fokuak eta argiak, Araman. Iker Galartza izan da proiektuaren sortzaile, eta, haren esanetan, «oraindikezertan pentsatzeko astirik gabe» daude, nekatuta.

Sei hilabete iraun du bigarren denboraldiak, eta aldi honetan ere zifra biribilak lortu dituzte: 35.000 ikusle, hamabi herri eta 138 emanaldi. Lehen aldian baino bi hilabete gehiago ibili dira harat eta honat, baina hastapenetanidentifikatu zituzten okerrak eta gabeziak zuzenduta ekin zioten bigarren aldiari: «Herri kopuru bera egin dugu, baina denbora gehiago igaro dugu herrietan. Egon dira astebete bakarrik egon garen lekuak; esfortzu hori egin behar izan dugu; baina, iaz, herri askotan astebete egoten ginen: astelehenean muntaketa guztia egin, ostegunean, ostiralean eta larunbatean emanaldia egin, eta, igandean, guztia desmuntatu etabeste leku batera joan». Horrek nekatu egiten zituen partaideak, eta hori moldatzen ahalegindu dira aldi honetan. Zirkuko kide eta langile da Joseba Usabiaga ere, eta aitortu du ikasi egin dutela lehen alditik: «Iaz dena berria zen, bai muntaketa aldetik, bai emanaldi aldetik ere. Iazko akatsetako bat hori izan zen, ez genuela zertan astero-astero zirkua muntatu eta desmuntatu behar, eta horrek asko nekatzen gintuen. Aurten, bi asteko geldiuneak egin ditugu, eta hobeto joan da».

Gai horren jiran, beste gauza bat ere ikasi dute Gure Zirkuko kideek, Galartzaren arabera: «Ikasi ditugun gauzetako bat da Euskal Herrian jendea mugitu egiten dela: iaz, Aian jaso genuen Zumaiara joateko, eta Zumaian jaso genuen Zarautzera [Gipuzkoa] joateko; aurten, aldiz, Orion egon gara hiru astez, eta inguruko guztiak gerturatu dira».

Azpiegitura edota antolaketa aldetik soilik ez, pertsonalki ere igarri dute aldaketa, Galartzaren aburuz: «Dominatu beharreko guztia begiak itxita dominatzen duzunean, zure oinetakoak non dauden dakizunean, aurpegia non margotu jakitean, ezkerretan Iraitz izango duzula, Ane Miren alboko kamioian aldatzen dela, baina aurpegia margotzera hona etorriko dela jakitean, engranajebat sortzen da, eta engranaje hori da lasai lanera atera ahal izaten laguntzen dizuna. Lasaitasuna irabazi dut egun batetik bestera». Langile guztien arteko konfiantza gakoa da hori lortzeko; horretarako, baina, ezinbestekoa da elkar zaintzea: «Familia bat gara», nabarmendu dute biek.

Hain justu, zirkuaren filosofiaren zutabeetako bat da elkar zaintzea eta laguntzea. Galartzaren arabera, «izenari berari fidela izan behar zaion zirku bat da; ez da inor beharrezko, eta, modu berean, guztiok elkarrekin beharrezkoak gara. Baina indibidualki ez da inor beharrezko. Oso inportantea da gure hori sentitzea».

Filosofia horren lekuko izan dira Oiartzun, Hernani, Orio, Azpeitia, Arama (Gipuzkoa), Berriz, Mungia, Bakio (Bizkaia), Gasteiz, Kanbo (Lapurdi), Leitza eta Elizondo (Nafarroa). Harrera izugarria izan da, eta sarrera guztiak agortu dira emanaldi guztietan. Galartzaren esanetan, «sentsazio ikaragarria» da leku huts batera iritsi, guztia muntatu, eta gero, berriz ere zegoen bezala uztea: «Sentsazioa ikaragarria da, leku huts batera iritsi, dena ezerezetik muntatu, eta, gero, jasotzean, atzera begiratu eta hutsa ikustea. Pentsatzen hasten zara: 4.000 lagun pasatu dira hemendik, ezer ez zegoen tokitik, eta entzuten diozu norbaiti: 'Zuhaitz hauek hitz egingo balute...'. Inork ez luke esango magia hori guztia lau zuhaitzen artean gertatuko zenik».

Usabiagak errepikaezina hitza erabili zuen zirkuaren lehen aldia deskribatzeko. Hilabete ugari igaro dira ordutik, tartean 138 emanaldi. Bigarrengo aldia definitzeko, kontsolidazio hitza erabili du: «Gustura zaudenean, urte bat egin dezakezu, baina bigarrengo urtea oraindik eta gusturago amaitzen duzunean, kontsolidazioa da aurkitzen duzuna: hiru, lau, bost edo sei urte eman ditzaket lan honetan». Ikusleek zirkuarekin duten jarrera definitzeko erabil daiteke hitz hori ere. Emanaldi guztiak beteta, saio gehiagoren zain dago jendea; horregatik, hirugarren aldi bat egongo da». Bakiora joan zirenean, bertako bizilagun batek hala esan zion Galartzari: «Etxe aurrean egun hauetan guztietan eduki ditudan argi hauek beste toki batean piztuko dira». Hala, karpa gorri-hori ibiltariaren argiak itzaliko dituzte, baina ez betirako: aldi baterako, pausatu, deskantsatu eta indarra hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.