Argia itzali eta ametsak piztu

Loaldian agertzen diren irudi, soinu, emozio eta sentsazio segidak dira ametsak. Zentzugabekoak badirudite ere, egiazki, burumuinean gertatzen den prozesu «garrantzitsu» bat dira.

Pertsona bat amesten ari dela adierazten duen ilustrazio bat. ZALDIEROA
Pertsona bat amesten ari dela adierazten duen ilustrazio bat. ZALDIEROA
julene muruaga
2025eko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Begiak hetsi eta lokartzean burura jiten diren irudi, sentsazio, soinu eta emozio segidak dira ametsak. Loaldian diren fase guztietan sor daitezke ametsak, baina intentsitate desberdinekin. Intentsitate azkarreko ametsak REM fasean jalgitzen dira, begi mugimendu lasterreko fasean alegia; tarte horretan hasten dira zentzugabeko film baten gisako ametsak egiten. Ametsak, gehienetan, logikarik gabeak eta zentzugabekoak izaten dira; horregatik, luzaz uste izan da ez zutela erranahirik eta ez zutela funtzio berezirik. Alta, orain frogatu dute ametsek betekizun zehatzak dituztela.

«Amesten dugu, ez baikara hiltzen loaldian», horrela hasi du ametsen esplikazioa Lea Le Gall psikoanalista eta onirologoak. Azaldu duenez, lo denboran burumuinak pentsatzen segitzen du, baina desberdinki: egunean zehar, arrazoinamendurako eta erreflexurako gai diren burumuinaren parteak aktibo egoten dira; gauean, ordea, pausatzen eta indarberritzen dira. Esnatuak garelarik dugun arrazoitzeko gaitasuna galtzen dugu lokartzean. «Hil arte burumuina aktibo izaten da. Lo garenean ere, inkontzienteki bada ere, pentsatzen segitzen dugu, baina arrazionalizatzeko gaitasunik gabe», azaldu du onirologoak.

Nahasiak, buru buztanik gabekoak, ulertezinak, absurdoak dira egiten diren amets gehienak. Ez badirudi ere, ametsek eginkizun garrantzitsuak dituzte. Eneko Etxegarai Urain psikologoak dio ametsaren prozesuak bi eginkizun nagusi dituela. Lehena, egunean gertatu denaren «bilana» egitea: «Egunerokoan gertatzen zaizkigun gertakariak prozesatzeko tresna da ametsa, izan gertakari xumeak, izan bortitzagoak. Burumuinak, gauero, gertakariek garraiatzen dituzten informazioak manipulatzen ditu ametsaren bitartez». Ber harira, Le Gallek gehitu du ametsek balio dutela gertakariak, emozioak, egunean entzundakoa eta ikusitakoa «asimilatzeko»: «Prozesu hori ezinbestekoa da mentalki egonkorra izateko. Burumuinak informazio guztia digeritu, barneratu, onartu eta ordenatu behar du».

«Egunerokoan gertatzen zaizkigun gertakariak prozesatzeko tresna da ametsa, izan gertakari xumeak, izan bortitzagoak. Burumuinak, gauero, gertakariek garraiatzen dituzten informazioak manipulatzen ditu ametsaren bitartez»

ENEKO ETXEGARAI URAINPsikologoa

Iraganean eta orainean gertatukoaren informazioa prozesatzeaz gain, etorkizunekoak ere kudeatzen ditu ametsak. Etxegaraik dio ametsak biharamunerako «trebatze eremua» direla: «Antizipazio funtzioa ere badute ametsek. Biharamunean gertatuko dena aurreikusten saiatuko dira». Ametsaren bidez, burumuinak etorkizuneko egoera sortuko du, eta horren inguruan nola portatzen edo erreakzionatzen ahal den pentsatuko duela azaldu du psikologoak. Horrek lagun dezake beldurgarria izan daitekeen egoera bat lasaiago hartzen: «Ametsaren bidez burumuina entrenatu denez gertatuko denerako, hurrengo egunean errazagoa izanen da emozioak kudeatzea. Horri buruzko ikerketa batzuk badira, ikasleen artean egindakoak, azterketaz amestu dutenek ondoren emaitza hobeak lortuko dituztela diotenak», azaldu du Etxegaraik. 

Beste funtzio batzuk ere aipatu ditu Le Gallek: «Alerta», «sostengua» eta «baketzea». «Alertari» dagokionez, burumuinak abisu mezuak pasaraziko ditu: «Anitzetan gertatzen da izuturik esnatzea, gauean gure intuizioak ohartarazi nahi baitigu zerbait gaizki doala». Psikoanalistak gehitu du: «Orokorrean, intuizioari ez diogu kasu egiten. Jendarte aski arrazionalean bizi gara; beraz, gauean burumuinak itzaliak dituenez alde arrazionalak, intuizioak lekua hartzen du, eta egunean antzeman ez dugun informazioa bidaliko digu».

Emozioez amets

Le Gallek argiki lotura egin du emozioek ametsetan ukan dezaketen eraginaz: amesgaizto eta amets bortitz anitz egiten dutenek «barne gatazka» ukan dezaketela kontatu du. «Bere buruaz kontziente ez den norbaitek edo errealitatea onartzen ez duen batek amets pisuagoak eginen ditu, egunean tratatua izan ez dena loaldian tratatua izanen baita». Segitu du esplikatuz ikusten duela norberaren lanketa egiten duenak geroz eta amesgaizto gutiago egiten dituela. «Halere, ametsean gertatu dena ez da beti zuzenean lotua gure izaerarekin. Norbait hiltzen duzula amesten baduzu, ez du erran nahi hiltzailea zarenik! Baina bai buruan badela trabaren bat», lasaitu du onirologoak. 

Alderantziz, Etxegaraik erran du ametsek ere eragina izan dezaketela umorean edo emozioetan. Gorputza iratzartzen delarik, «zentsura» deitutako mekanismo bat datorrela azaldu du Etxegaraik, eta «zentsura» horrek ametsean pasatu dena mozten du iratzartzerakoan. «Inkontzientziaren eta kontzientziaren arteko muga berriz martxan jartzen da iratzartzerakoan. Horren eraginez, esnatzen garelarik, gure ametsaz pixka bat oroitzen gara, eta handik bost minutura ahantzi egiten zaigu», esplikatu du psikologoak. Horregatik, ametsa «bortitza» izan delarik, posible da sentsazio bitxiak ukaitea jaikitzerakoan: «Gauza ohikoa da gauean egindako ametsaren azken sentsazioak hurrengo egun osoa baldintzatzea: ametsak estresa, antsia, kezka, beldurra... utz dezake».

Ahantzi ala oroitu?

«Zertaz amestu duzu barda?» galderari, ohikoa da «ez dakit, ez naiz gogoratzen!» erantzuna ematea. Batzuek guztiz ahanzten dituzte ametsak, eta beste batzuk, ordea, gai dira loaldian amestu dutena kontatzeko. Etxegaraik eta Le Gallek esplikatu dute pertsona guztiek amesten dutela gauero, salbuespenik gabe. Bi adituek azpimarratu dute horren zergatiak ez duela oraindik azalpen zehatzik, teoriak eta suposizioak baizik ez daudela. «Erraten da oroitzen ditugun amets gehienak interesatzen zaizkigunak direla. Zerbait irakasten digutenak», esplikatu du Le Gallek. Hain zuzen ere, azaldu du orokorrean gehien oroituak diren ametsak «gaiztoak» edo «bitxiak» direla, alde batetik kezka sor dezaketelako, eta, bestetik, gehienetan «kontzientzia hartzeko» ametsak izan direlako. Burumuinak mezu bat pasarazi nahi du, eta, beraz, informazioa atxikiko du.

«Erraten da oroitzen ditugun amets gehienak interesatzen zaizkigunak direla. Zerbait irakasten digutenak»

LEA LE GALLPsikoanalista eta onirologoa

Horrez gain, izaerari lotua izan daitekeela erran du psikoanalistak. Gehienetan, irudimen handiko pertsonek joera handiagoa dute ametsez oroitzeko: irudimenak segitzen duelako loaldian. Eta, alderantziz, irudimen guti dutenek ametsa errazago ahantziko dute.

Beste faktore bat aipatu du Etxegaraik: norberak zer interes duen ametsaren inguruan. «Pertsona baten bizian dena ongi pasatzen bada, eta ez badu sekula barnera begiratu behar izan, segur aski gutiago amestuko du. Alderantziz, desoreka emozionalak, sufrimenduak, traumak eta abar bizi dituztenek barneari kasu gehiago eginen diote, aterabideak atzemateko, egoera hobetzeko, bere burua ulertzeko... eta ametsak gehiago oroituko dituzte. Bakoitzak erabaki dezake zenbateraino esploratu nahi dituen ametsak». Burumuinak horrela funtzionatzen duela azaldu du: interesatzen zaizkion gauzak lehenetsi eta atxikiko ditu. Ez bada interes berezirik ametsen inguruan, ez dira atxikiak izanen.

Horren harira, Le Gallek esplikatu du kulturaren arabera desberdina dela ametsekiko harremana: «Kulturarekin ere zerikusia dute ametsek. Eta egia da hemen, Mendebaldeko kulturetan, ez dela ametsen gaineko interes handirik; aurreiritzi anitz bada. Anitzek ez dituzte ametsak gogoratzen, ez baitute sekula pentsatu garrantzitsua eta interesgarria izaten ahal zenik. Beste kultura anitzetan, jendeak kasik gauero gogoratzen ditu ametsak, kulturan sartzen delako ametsen gaineko interesa».

Bitxikeriak

Amets arruntak badira «anomaliak» ere gerta daitezkeela esplikatu du psikoanalista eta onirologoak: amets argiak, adibidez. «Aipatu bezala, amesten dugularik, burmuinean kontzientziarako diren parteak pausatzen dira. Baina gerta daiteke parte horiek pitta-pitta bat piztea, osoki esnatu gabe. Amets argiak egiten dituztenak kontziente izanen dira amesten dutela; beste batzuk haratago joanen dira, eta ametsak kontrolatzea lortuko dute. Aski harrigarria da». Gaitasun aski «unagarria» bada ere, batzuk amets argiak egiten trebatuko dira, eta biharamunerako baliatuko dute. «Kasu biziki bakanetan, amets argiak landu eta erabiliko dituzte. Kirolariek edo musikariek, adibidez, amets mota hori baliatuko dute loaldi denboran entrenatzeko eta biharamunean hobeak izateko».

Beste kasu bat aipatu du Le Gallek: amets hipnagogikoena. Lokartze fasearen aitzin den egoeran gertatzen da hori; fase horretan, burmuina oraindik kontziente da, inguruan dena entzuteko gai da. «Anitz gertatzen da momentu horretan irudiak ikustea, eta, batzuen kasuan, zenbait galderaren erantzunak ikustea. Auguste Kekule zientzialari alemanak lo fase horretan atzeman zuen bentzenoaren estruktura molekularra. Molekularen estruktura xerkatu zuen behin eta berriz, eta lo fase horretan, lokartzerakoan bere buztana harrapatzen zuen suge baten irudia jin zitzaion. Horri esker ulertu zuen bentzenoaren estruktura zirkularra zela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.