Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Horixe izaten dute tunelek: sarrera ilunpean izaten duten arren, argia ikusten dela bestaldean. Zuzenean eta gertu batzuetan, urruti baina seguru bestetan, eta argiaren esperantza galduta eta aldamenei eutsiz zabuka bestetzuetan. Hori da Arlabango edo Isuskitzako tunelaren kasua. Protesta artean jaio baitzen, atzerapenez eta gainkostuz amaitu, eta polemikaren lehen lerrora bueltatu izenez behintzat, Bidegi auzia lehertu zenean. Ikusi zuen bai argia bestaldean, baina majo kostata, halako batean.
Tunelagatik bainoago Eibar-Gasteiz autobidearen sorreragatik eta ibiliagatik egin zuen bidea protesta artean Arlabango zatiak. Proiektuaren berri eman eta berehala, 2004ko apirilean eskatu zion Eskoriatzako Udalak Gipuzkoako Aldundiari Arlaban-Eskoriatza zatiaren ingurumen ikerketa. Argudioa: hasierako proiektuarekin alderatuta, aldaketa asko izan zirela behin betikoan. Aldundiak uko egin zion ikerketa egiteari, eta protestak antolatzeari ekin zioten Eskoriatzako bizilagunek. Autobideak Kaltetutakoen Elkartea sortu zuten.
Izan ere, Eskoriatza-Arlaban zati hori zen AP-1 autobidearen tarterik luzeena —10,4 kilometro— eta proiektu osoaren obrarik korapilatsuena —Arlabango mendilerroa zeukan igaro beharra, Araba eta Gipuzkoa lotzeko—. Herritarrek zioten hasierako proiektuan jasotzen zela obrak 90 hektarearen gainean izango zuela eragina, eta haiei aurkeztutakoan, aldiz, 130 hektarearen gainean zuela eragin nabarmena. Hainbat zuzenketa proposatu zituzten.
Lehendabiziko harria
2004ko irailean jarri zuten Arlabango tunelaren lehendabiziko harria. Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusia eta Ramon Rabanera Arabakoa aritu ziren lantegi horretan, pala bana eskuetan hartuta: 3,3 kilometroko tunelaren lehen lanak ziren —bi kilometro Gipuzkoako aldean eta 1,3 Arabakoan—. Arlaban-Eskoriatza tarte osoko ingeniaritza obra nagusia. Agintarien hitzetan: «mugarri historikoa», «garrantzi handiko obra», «erakundeen arteko lankidetzaren erakusle».
Eskoriatzako bizilagunek jarraitu zuten protestan: elkarretaratzeak obretan, solaskiderik ez zutelako kexak —obra kudeatzeko Gipuzkoan sortutako Bidegi sozietate publikoak ez zituelako hartzen—, eta desjabetzeengatik ere kexu. Gipuzkoako Diputazioko Diputatuen Kontseiluak 2005eko uztailean onartu zuen Eskoriatza eta Arlaban arteko zatian aldaketak egitea. Lau aldaketa nagusi, Zarimuzko tunelaren inguruan gehienak. Koldo Azkoitia Lurralde Antolaketa eta Sustapen diputatuaren hitzetan, Eskoriatzako herritarrekin «hainbat aldiz» hitz egin ostean onartutakoak: «Adostasun nabarmenak lortu ditugu. Aldaketek murriztu egingo dituzte Eskoriatzako herritarrek salatutako ingurumen kalteak». Eskoriatzan Autobideak Kaltetutakoen Elkartearen iritziz, ordea, «adabakiak» baino ez. Haserre haiek. Auzitegietara eraman zuten afera irailean. Helegitea jarri zuten Donostiako Auzitegian. Eskaera: proiektua bertan behera uztea, eta auzitegiek erabaki beharrekoa erabaki artean, lanak gelditzea. Helegiteak ez zuen aurrera egin, eta lanak ez ziren bertan behera gelditu.
2006ko abenduaren 28an egin zuten bat Isuskitzako tunelaren bi aldeek. Ramon Rabanera Arabako diputatu nagusia eta Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoakoa agertzen dira BERRIAren hurrengo eguneko azalean, elkarri bostekoa emanda, kaskoak soinean. Albistea ez baitzen soilik tunelaren bestaldean argia azaldu zela, baizik eta AP-1 autobidearen lanak «azken txanpan» sartuak zirela. «Giza eta teknika baliabide konplexuak erabili behar izan dira. Leherketa kontrolatuak ere bai. Lan saio bakoitzean metro gutxi batzuk zulatu ahal izan dira», nabarmendu zuen orduan Gonzalez Txabarrik. Eta tunelaren bi aldeek bat egin arren, tunela amaitu gabe zegoela zehaztu: «Hodi zulatuak xehatu egin behar dira, sobran dagoen lurra eta materiala ateratzeko. Gero, galtzada prestatuko da, eta tuneleko instalazioak jarriko dira». Instalazioak ere halakoak: 61 kontrol kamera, 216 bozgorailu, 48 haizagailu, larrialdietarako 55 zutoin, hodien arteko hiru pasagune ibilgailuentzat eta zortzi oinezkoentzat, besteak beste. Data bat ere eman zuten: AP-1 autobide osoa, 46 kilometroak, zabaltzerako, 2008ko urtarrilaren 1a izango zela. Ez zuten asmatu.
Eta anhidrita agertu zen
2007ko urriaren 29an eman zuen albistea Eneko Goia orduko Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretarako diputatuak: «espero gabeko» materialak aurkitu zituztela Arlabango tunelean, eta gutxienez urtebete atzeratuko zirela Eibar-Gasteiz autobidearen lanak. Batzar Nagusietan eman zituen azalpenak Goiak: esan zuen anhidrita agertu zela tunelaren bi ahoetan, azterketa sakon bat egitera behartzen zituela horrek, zailtasun teknikoak areagotzen zituela, eta ezin zirela gauzak korrika eta presaka egin; denbora hartu beharko zutela. Hamasei anhidrita zain agertu ziren. Mineral horrek tunelak egiten dituztenen lana zailtzen duen ezaugarri bat du: hezetasuna xurgatzeko gaitasun handia du, eta, hori egiten duenean, igeltsu bihurtzen da. Jatorrizko bolumena %60 handitu dezake hezetasuna xurgatzen duenean, eta horrek tunelaren estalkian eragin zuzena zuela argitu zuen Goiak. Alegia, horri aurre egiteko, estalki berezi bat jarri behar izan zioten tunelari, ohikoa baino bi aldiz sendoagoa, eta lanak atzeratu zituen horrek.
Gipuzkoako lotunea oraindik amaitu gabe zegoela ireki zuten Eibar-Gasteiz autobiako Arabako lehen zatia, 2008ko ekainean: Etxabarri Dibina-Luku (6,2 kilometro). Xabier Agirre zen orduan Arabako ahaldun nagusia: «Pauso txiki bat da, baina autobide osoko behin betiko inauguraziorako pauso handia izan daiteke». Gipuzkoak bere pausoa noiz egingo zain zeuden, ordurako. Eneko Goia Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretarako diputatuak erantzun zion: Arrasate-Eskoriatza zatia irailerako eginda egongo zela, eta Eskoriatza-Arlaban zatia urrirako. Ez zuen asmatu.
2008ko uztailetan eta abuztuan askok espero zuten Eibar-Gasteiz autobidea eginda egongo zela, eta halaxe markatu zien euren GPSetan Europatik Euskal Herrira iritsitako ehunka gidariri ere. Ez atzera eta ez aurrera gelditu ziren uda hasiera horretan Arrasateko Epele auzoan, une hartan Eibar-Gasteiz autobideak Gipuzkoan erabilgarri zuen azken errepide zatian. Izan ere, hainbat GPS berrik amaitutzat jotzen zuten jadanik Eibar-Gasteiz autobidea, eta Portugal, Espainia edo Afrika helmuga gisa zuten gidari askok aurreikusi gabeko ezuste batekin egin zuten topo Arrasaten: AP-1eko obrak bukatu gabe zeuden artean. GPS berrien arabera, Eibar-Gasteiz zen Iberiako Penintsulako hegoaldera eta Marokora iristeko Euskal Herriko pasabiderik azkarrena. Horri kasu eginda iritsi ziren ehunka gidari Arrasateraino. Egoera erabat korapilatsua izan zen urte hartako uztaileko eta abuztuko irteera operazioetan, Euskal Herrian auto emaria urteko handiena denean. Eta Europatik hegoaldera abiatzen zirenak ez ezik, GPSak ere nahasi zituen hegoaldetik Europara itzultzen ari zirenak.
Azkenean, 2009ko apirilaren 6an ireki zuten Isuskitzako tunela, bost urteko lanen eta gorabeheren ostean. Lotuta gelditu ziren, horrenbestez, Araba eta Gipuzkoa: Lukutik Eskoriatzara (17,7 kilometro). Eskoriatzatik Arrasatera arteko zatia baino ez zen falta Eibar-Gasteiz autobidea behin betiko egintzat emateko —urte horretako ekainean zabaldu zuten—. Isuskitzako tunelean bertan bildu ziren inaugurazioan Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusia, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, besteak beste. Isuskitzako tunelak elkartzen zituen errepideak ekonomikoki izango zuen garrantzia azpimarratu zuten guztiek, eta krisi ekonomikotik ateratzeko irudi gisa erabili zuen tunela Ibarretxek: «Frogatu dugu egun dugun tuneletik atera gaitezkeela». Argia ikusi zuen bestaldean, hark ere.
FITXA
- Izena: Arlabango edo Isuskitzako tunela.
- Non dago: Eskoriatzan (Gipuzkoa) eta Arratzu-Ubarrundian (Araba). Bi kilometro Gipuzkoako aldean, eta 1,3 kilometro Arabakoan.
- Zer zeharkatzen du: Arlabango mendatea.
- Zer errepidetan dago: Eibar-Gasteiz autobidean (AP-1).
- Nork eraiki zuen: Bidegi sozietate publikoak.
- Noiz irauguratu zuten: 2009ko apirilaren 6an.
- Luzera: 3,377 kilometro (Euskal Herriko luzeena).