Argi gorria espezie askorentzat

IUCNk kudeatutako Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorriko espezieen %28 galtzeko arriskuan daude. Erakunde horrek ohartarazi du larri daudela zenbait atun espezie, eta marrazo, arrain zabal, basalabore eta zuhaitz, bai eta Komodoko dragoia ere.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Alarmak aspaldi jo zuen,baina argitaratzen denikerketa edo azterketa bakoitzak berretsi egiten du ingurumenaren arrisku egoera eta hauskortasuna. Klima aldaketak klima larrialdia ekarri du, eta bata bestearen atzetik jakinarazten eta zabaltzen dira egoeraren larritasunaren egiaztapenak.

IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak kongresua egin berri du egunotan Marseillan (Frantzia), eta, besteak beste, zenbait espezieren egoerari buruzko informazioa eguneratu du. Ondorioa: gehienek gero eta arrisku handiagoa dute galtzeko. IUCN arduratzen da Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorria egiteaz eta eguneratzeaz. Erreferentzia da zerrenda hori. Zerrenda Gorriak 134.425 espezie aintzat hartzen ditu. Egoera oso gordina da: 37.480 espezie daude galtzeko arriskuan, hau da, %28.

UICN 1948an sortutako erakunde bat da. Mundu osoko gobernuek edo gobernu horietako agentziek parte hartzen dute; baita ingurumenaren babesaren alde lan egiten duten erakundeek ere. Gaur egun ,91 estatuk eta 212 gobernutako agentziek dute ordezkaritza UICN-n; 1.200 gobernuz kanpoko erakundek eta indigenen 23 elkartek. Ingurumen gaietako 18.000 aditu baino gehiagoren aholkularitza eta laguntza jasotzen du ingurumenaren egoeraz eta hartu beharreko erabakiez.

Lau urtetik behin egin ohi du kongresua, baina COVID-19ak atzeratu egin zuen iaz egin beharrekoa, eta aurten egin du, Marseillan. Erakundearen funtzio nagusia ingurumen gaietan eragitea eta ekinbide jakin batzuk bultzatzea da.

Atunak: batzuk hobera, besteak okerrera

IUCNk eguneratu egin du Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorria. Zerrenda berrituaren arabera, azken urteetan hobetu egin da komertzialki ustiatu ohi diren lau atun espezieren egoera. IUCNk uste du hobekuntza hori atun mota horiei buruz hartutako erabakien eta arrantza kuoten ondorio dela. Legez kanpoko arrantzaren kontrako neurrien ondorio ere badela nabarmendu du erakundeak.

Ozeano Atlantikoko hegalaburra (Thunnus thynnus) Arriskuan mailatik Kezka Txikiagoa mailara pasatu da IUCNren arriskuen sailkapenean; hegoaldeko atun gorria (Thunnus maccoyii) Arrisku Larrian mailatik Arriskuan mailara; eta hegaluzea (Thunnus alalunga) eta hegats horiko atuna (Thunnus albacares) Ia Mehatxatuta mailatik Kezka Txikiagoa mailara. Hegaluzea da Euskal Herriko baxurako arrantzaleek arrantzatu ohi duten atun mota; baita hegalaburra ere.

Hobekuntza horiek, baina, ñabardurak dituzte. Ozeano Atlantikoko hegalaburraren kasuan, esaterako, kopurua %22 hazi da ekialdean azken 40 urteetan, baina erdira jaitsi da Mexikoko Golkoan. Eta hegats horiko atuna gehiegi arrantzatzen dute Indiako ozeanoan. Ozeano Pazifikoko atun gorria (Thunnus orientalis) Zaurgarri mailatik Ia Mehatxupean mailara pasatu da. Espezie hori galzorian dago, jatorrizko biomasaren %5 baino gutxiago geratzen da gaur egun. Euskal Herriko zenbait enpresaren ontziek atuna arrantzatzen dute Indiako ozeanoan.

«Zerrendaren eguneratzeak erakusten du gure ozeanoekiko presioa gero eta handiagoa bada ere, espezieak berreskura daitezkeela, estatuek konpromisoa hartzen badute praktika iraunkorrak indarrean jartzeko», esan zuen Bruno Oberlek, UICNko zuzendari nagusiak. Kongresuan Razan Al Mubarak izendatu dute erakundeko presidente.

Marrazoak etaarrain zabalak, larri

IUCNk berak ohartarazi du galtzeko arriskuan daudela marrazoen eta arrain zabalen %37,5: gehiegi arrantzatzen dituztelako, haien habitatatak galtzen eta okertzen ari direlako eta klima larrialdiagatik.

Current Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batek eman du datua. 1.199 marrazo eta arrain zabal espezie ikertu dituzte. 2014an lautik bat zeuden arriskuan; gaur egun, %32,6 daude galtzeko arriskuan. Kopuru horri informazio eta datu gutxi dituzten espezieak ere gehituz gero, portzentajea %37,5era iristen da. Zenbat eta informazio gehiago jaso, jabetzen ari dira egoera uste baino okerragoa dela. Ikertutako espezie guztien %7,5 oso larri daude. «Anfibioen ondoren, ornodunen espeziea gehien mehatxatua».

Gehiegizko arrantza da marrazoen eta arrain zabalen mehatxu nagusia: arriskuan dauden 391 espezieri (%67,3) eragiten die. Habitaten galerak eragina du arriskuan dauden espezieen %31,2tan, klima aldaketak %10,2tan eta kutsadurak %6,9tan. «Galtzeko arrisku handia izateak eta arrisku hori handitzen aritzeak erakusten dute orain arte hartu diren kudeaketa neurriak ez direla nahikoak, gutxi betetzen direla, ez direla indarrean jarri eta kale egin dutela espezie gehienen gainbehera iraultzeko», salatu dute ikertzaileek.

Premiazko neurriak eskatu dituzte, arriskuan dauden espezieetako heriotzak eragozteko: zientzian oinarritutako arrantzak mugak, itsas eremu babestuak eta arrantzaren hilkortasuna gutxitzeko edo ezabatzeko neurriak. Izan ere, beste arrain batzuk arrantzatzen ari direla harrapatzen dituzte marrazo eta arrain zabal asko, eta horietako gehienak hil egiten dira. «Berehalako neurriak funtsezkoak dira beste espezierik gal ez dadin eta harrapari horiek elikadura bermeari eta ekosistemen funtzioei egiten dizkieten ekarpenak babesteko».

Komodoko dragoia, arriskuan

Komodoko dragoia (Varanus komodoensis), munduko faunaren sinbolo bat, Zaurgarri mailatik Arriskuan mailara pasatu da Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Dragoi mota hori Komodoko parke nazionalean eta ondoko Flores uhartean dago, Indonesian. Espeziea ondo babestua dago parke nazionalean, baina ez handik kanpo. IUCNk uste du gaur egun 1.380 Komodoko dragoi heldu eta 2.000 gazte daudela; duela 25 urte ,5.000-8.000 artean ziren.

Komodoko parkeko populazioa egonkorra da, baina adituek uste dute haien habitat( gutxienez %30) txikituko dela datozen 45 urteetan, klima aldaketagatik: tenperatura igotzeak itsas maila igoaraziko duelako eta gero eta eremu txikiagoa izango dutela bizitzeko. Aintzat hartu behar da Komodoko dragoien bizilekuak oso mugatuak eta bakanak direla, uharteak.

IUCNk sailkapenean egindako aldaketak ohartarazpen bat izan nahi du nazioarteko agintarientzat, Komodoko dragoia hobeto babesteko, Flores uhartean batez ere. Bertan gizakiak ere bizi dira, eta, gizakien iritziz, dragoiak arriskutsuak dira beren etxaldeetako abereentzat.

Basalaboreak,galtzeko zorian

IUCNk bultzatutako ikerketa baten arabera, gaur egun galtzeko arriskuan daude munduko laborerik garrantzitsuenen 70 senide basa baino gehiago. IUCNk nabarmendu du basalabore horien informazio eta aniztasun genetikoa oso garrantzitsua dela mundu guztian klima aldaketari, izurriteei eta gaixotasunei aurre egiteko landaketak sortzeko, eta baita labore emankorragoak ere, «elikagaiak bermatzeko». Nekazaritzak ingurumenean izango duen eragina gero eta txikiagoa izango den mundu batean, baina, era berean, jende gehiago elikatu beharko duen egoera batean.

«Garrantzi biologikoa, soziala, kulturala eta ekonomikoa dute», nabarmendu dute ikerketaren egileek. Labore horiek hobeto ezagutzeko eta luzera begira iraun ahal izateko estrategiak eratzeko eskatu dute. «Premiazkoa da labore horiek babesteko neurriak hartzea».

Plants, People, Planet aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Munduko laborerik garrantzitsuenetakoen 224 senide basa ikertu dituzte El Salvadorren, Guatemalan, Hondurasen eta Mexikon: txilea, artoa, babarruna, ahuakatea, kotoia, patata, kuiatxoa, banilla... %35 galtzeko arriskuan daude, gizakiaren eraginez: kendu egiten dituztelako beste labore batzuk landatzeko; landare inbaditzaileek haien lurrak hartzen dituztelako; pestizidak erabiltzen dituztelako; genetikoki eraldatutako landareak landatzen dituztelako... Ikertutako banilla mota guztiak daude galtzeko arriskuan; kotoien %92; ahuakateen %60; eta artoen %33-%44.

Hiru zuhaitz espezietik bat gal daiteke

Irailean kaleratu da Munduko zuhaitzen egoera ikerketa. Haren arabera, munduko zuhaitzen %30 galtzeko arriskuan daude. 17.500 zuhaitz espezie dira. Botanics Gardens Conservation International erakundeak egin du ikerketa eta IUCN dago babesleen artean.

Bost urteko ikerketa izan da. 60 erakundek eta 500 adituk parte hartu dute. 58.497 zuhaitz espezieren egoera aztertu dute. Ia hirutik bat dago galtzeko arriskuan, 17.510 (%29,9); lau milatik gora daude Ziurrenik Mehatxatuta (%7,1) mailan; eta 142 galdu direla berretsi dute.

Ikerketaren arabera, 24.255ek ez dute galtzeko arriskurik(%41,5). Ez dute datu nahikorik 7.700 espezieri buruz (%13,2) eta ez dituzte ebaluatu 4.790 espezie (%8,2).

Habitatak galtzea, degradatzea eta zatitzea da zuhaitzen mehatxu nagusia. Zuhaitz espezieen %29ri eragiten die. Ikerketaren egileen arabera, azkeneko hiru mendeetan munduko basoen eremua %40 gutxitu da, eta 29 herrialdek beren basoen %90 baino gehiago galdu dituzte. «Lurrak nekazaritzarako erabiltzea da zuhaitzak arriskuan jartzen dituen mehatxu nagusia».

Zuhaitzen bigarren mehatxu nagusia egurra eskuratzeko erabiltzea da. 7.400 zuhaitz espezieri eragiten die. Izurriteak eta klima aldaketa dira beste mehatxuetako bi.

Zuhaitzentzako babes eremuak eskatu dituzte, zuhaitzak lekuan bertan babesteko. Arriskuan dauden zuhaitz gehienak ez daudeeremu babestuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.