Euskal Herriko kantu tradizionalak oinarrian hartuta, folk eta jazz doinuak sortzen ditu Igelaren Bandak. 2008tik isilpean egon ondoren, aurtengo martxoan berriro bildu da taldea, eta Preguntatxo bat diskoa argitaratu dute. Bixente Martinez (Eibar, 1954) gitarra jotzailea da hasieratik taldean aritu den bakarra, eta Hasier Oleaga bateriarekin eta Amaiur Cajaraville kontrabaxu jotzailearekin bildu da disko berria egiteko. Hiru musikariek jazz doinuekin beteko dute Bilboko Kafe Antzokia bihar, BERRIAren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian, 21:30ean.
Jazz taldeak ez dira oso ugariak Euskal Herrian, baina udako jaialdiek badute arrakasta. Nolako harrera dauka zuen musikak?
Apur bat kontraesankorra da jazzaren harrera Euskal Herrian. Egia da udan jaialdi handiak egiten direla, eta aurten Heineken Jazzaldian parte hartzeko aukera izango dugu. Baina urte osoan musika instrumentala ia desagertu egiten da agertokietatik. Dena den, gure musika Euskal Herriko doinu tradizionaletan oinarritzen da, eta jo dugun tokietan harrera beroa jaso dugu.
Euskal doinu tradizionalekin inprobisatutako jazz doinu horiek bildu dituzue Preguntatxo bat diskoan. Entzuleek gustuko al dituzte zuen inprobisazioak?
Hasieran harridura sortzen dute gure bertsioek, baina sorpresa pasata, gure musika garaikidea eta aldi berean oso hurbila dela esaten digute entzuleek. Nahiz eta kantuekin libreki inprobisatu, abestien jatorrizko oinarria mantentzen dugu, eta gure bertsioak errespetu handienarekin egiten ditugu. Ez dugu AEBetako jazzarekin zerikusi handirik.
Hainbat urtez isilik egon ondoren argitaratu duzue bigarren diskoa. Zer berritasun dakar diskoak?
Taldekideak aldatzea izan da berritasunik handiena. Ni naiz hasieratik taldean izan den bakarra, eta disko berria Oleagarekin eta Cajaravillerekin batera sortu dugu. Musikari gazteak dira, baina betiko estiloarekin jarraitu dugu. Iparraldeko zein Hegoaldeko kantuak aukeratu ditugu, eta duela gutxi utzi gaituzten Xabier Leteri eta Mikel Laboari omenaldia egin diegu, haien Habanera eta Martxa baten lehen notak abestiak gure estilora ekarrita. Horrekin batera, guk sortutako Gure errepublika abestia ere gehitu dugu.
Zer esango lukete Letek eta Laboak zuen bertsioak entzun izan balituzte?
Kasualitatez hasi ginen abesti hauek jotzen, baina, entzuleen artean harrera ona izan dutenez, bilduman sartzea erabaki dugu. Zoritxarrez, ezin diegu galdetu bertsio hauekin pozik dauden edo ez, baina, haien senideen esanetan, maitasun handiz egindako kantuak dira, eta baimena eman digute. Beti saiatzen gara aukeratutako kantuak modu duin eta berezian lantzen.
Bihar, Bilboko Kafe Antzokian kontzertua emango duzue, BERRIAren hamargarren urteurrena ospatzeko. Esanahi berezia al dauka zuentzat ekitaldi horretan parte hartzeak?
Gure taldearentzat ohorea da BERRIAren urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartzea. Argi daukagu zeinen garrantzitsua den euskal prentsa gure kultura ezagutzera emateko, kultura sarearen berri izateko ezinbesteko tresna baita, eta beti topatu izan dugu leku bat BERRIAn. Ekitaldi honek badu, gainera, beste helburu bat; izan ere, Euskal Herrian ondo dakigu gure kultura defendatzen, baina ez horren ondo kontsumitzen eta bultzatzen.
Beharrezkoa ikusten al duzue euskarazko komunikabide sarea izatea?
Ezin imajina dezaket BERRIArik gabeko errealitaterik. Bai prentsa idatziak bai Interneteko euskarriak ere ezinbesteko lekua betetzen dute Euskal Herrian.
Etxean jasotzen al duzue BERRIA?
Bai, etxean irakurtzen dugun prentsa BERRIA da. Lehenik ere EGUNKARIA kontsumitzen genuen, eta etorkizunean ere egunkaria irakurtzen jarraitzea gustatuko litzaiguke. Interneten aroak erronka berriak ekarri dizkie komunikabideei, baina aurkituko dute aurrera egiteko bide egokia, ziur.
Hamar urte bete ditu BERRIAk. Beste hamar betetzeko indarrarekin ikusten al duzue?
Hala espero dugu. Oraindik ez dugu ikasi hemen sortutakoa kanpokoa bezain ona dela eta aurrera egiteko bultzada eman behar diogula. Oso produktu onak sortzen ditu gure kulturak, eta merezi dute gure babesa.
Ezarian. Berriak 10 urte
«Argi dugu zein garrantzitsua den euskal prentsa gure kulturarako»
Igelaren Banda jazz taldea BERRIAren hamargarren urteurrenean izango da bihar, Bilbon. Bixente Martinez taldekideak emango duten kontzertuaz hitz egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu