Argi bat sexu erasoen aurka

Jendetza biltzen da egunero indarkeria matxistaren aurkako arreta gunera. Erasoen aurrean jendeak erakutsitako jarrerarekin «hunkituta» daude hango arduradunak.

Jende ilara luzeak daude egunero sexu erasoen aurkako informazio gunearen aurrean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ez dute oraindik leihatila zabaldu, eta, dagoeneko, berrogeita hamar bat laguneko ilara sortu da ingurumarian. «Zer saltzen dute hemen?», galdetu du aldamenetik igaro den adineko gizon batek. Ez dute ezer saltzen, eman baizik. Informazioa, aholkuak eta laguntza. Sexu erasoei aurre egiteko laguntza.

Iruñeko Udalak iazko sanferminetan zabaldu zuen estreinakoz sexu erasoen kontrako informazio gunea. Ordura arte, «jaien irudia zikintzen duten salbuespenak» balira bezala aurkezten zituen udalak indarkeria matxistari eta sexu abusuei buruzko albisteak. Duela bi urteko balorazioan, adibidez, «kezkatuta» azaldu zen Enrique Maia alkate ohia (UPN) «sanferminei buruz saltzen den irudiarekin» eta hedabideetan azaltzen ziren argazkiekin, baina ez zuen erasoei aurre egiteko neurririk iragarri. Orain, udalak eskura dituen baliabide guztiak jartzen ditu indarkeria matxista sanferminetatik erauzteko. Argi bat piztu nahi dute, sexu erasoen kontura hedatu den iluntasun ozeanoaren erdian, eta, horretarako, elkarte feministekin eta herri kolektiboekin elkarlanean aritu da administrazioa.

Eraso sexistarik gabeko jaien alde izeneko kanpainaren barruan, informazio gunea zabaldu zuen Iruñeko Udalak Gazteluko plazan. Herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzen saiatzen dira han dauden udal langileak, eskuorriak eta txapak banatzen dituzte, eta, aurten lehen aldiz, laguntza zerbitzua ere eskaintzen diete eraso baten biktima izan direnei, udalaren baliabide medikoak, juridikoak, psikologikoak eta polizialak eskura jarrita.

Uztailaren 7tik gaurdaino salatutako sexu erasoen ondorioz, gainera, inoiz baino jende gehiago joan da informazio gunera, eta aurreikuspen guztiak gainditu dituzte. Askotan, plazako agertoki handia inguratzen du jende ilarak, ezin kabiturik.

Informazio guneko langileen esanetan, sexu erasoen aurkako protestekin bat egiteko moduez galdetzeko edo kanpainaren inguruko materiala jasotzeko joaten zaie jendea, batez ere. Horrez gainera, hainbat salaketa erregistratu dituzte egun hauetan: igurtzi, irain eta ukitzeei loturikoak gehienak. Badago, alta, egitasmoarekin ados ez dagoenik ere: uztailaren 7an ustezko bost erasotzaile atxilotu zituztenean, informazio guneari eraso egin zion norbaitek: apalategiak txikitu eta material ugari lapurtu zuten. Berdintasunerako bidea luzea izanen den seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.