Gerran dauden munduko herrialde askotako lekuko isila da Andoni Lubaki (Urretxu, 1982). Kamera eskuan, urrutiko lurraldeetako errealitateak gerturatzea da bere lana. Informatikaria da ikasketaz, eta autodidakta da argazkigintzan. Ofizioa “nekez” utziko duela esan du. Moskuko MIFA argazki lehiaketa ospetsuan saritu berri dute Sirian Euskal Fondoarentzat egin zuen lana.
Oroitzen duzu argazki kamera bat eskuetan hartu zenuen lehenbiziko aldia?
Petri kamera bat zuen aitak, eta beti hartzen niola gogoratzen dut. Karreterik gabe ere irudiak enkoadratzen saiatzen nintzen. Albistegietan ikusten nituen irudiak alderatu egiten nituen, eta nire ustez onenak zirenak aukeratzen nituen. Argazkigintzarako grina banuela ikusita, jaunartze egunean Indiana Jonesen argazki kamera bat oparitu zidaten. Oraindik funtzionatzen du, eta tarteka karrete bat sartzen diot ea zer ateratzen den ikusteko.
Argazkilari sena haurra zinenetik datorkizu, beraz, baina modu profesionalagora pausoa ematean, zure ibilbidean zeresan handia izan du Gorka Salmeron argazkilari legazpiarrak, ezta?
Bai Salmeronek, baina baita Asier Larrazak eta Gotzon Aranburuk ere. Haiekin harremanetan jarrita joan nintzen pixkanaka argazkilari gisa hazten. Salmeronek hastapen guztia irakatsi zidan; Larrazarekin denboraldi bat eman nuen lanean, laguntzaile gisa, eta sekula ordaindu ezingo dudan eskola bat izan zen niretzako; Aranburuk, berriz, kontaktuak pasatzen zizkidan kanpora joaten nintzenean argazkiak saltzeko. Hark lagundu zidan fotokazetaritzaren munduan lehenbiziko urratsak egiten.
Salto handia al dago argazkigintza gustatzetik gatazka argazkilari izatera?
Bizi izandako esperientziek eraman ninduten honetara. Asko bidaiatutakoa naiz lehenagotik, eta une batean bat egin zuten argazkigintzak eta bidaiek. Dena den, neure burua ez nuen gatazka argazkilari modura ikusi 2010era arte edo. Hasieran, nire kuriositatea asetzeko bidaiatzen nuen, eta argazkiak ateratzen nituen diru pixka bat lortzeko. Konturatu nintzenerako, fakturatzen hasita nengoen, eta, horretan nenbilela, Udaberri Arabiarra etorri zen; horren harira, Libiara joateko aukera izan nuen.
Munduko herrialde asko ezagutzeko aukera izan duzu, baina Karengo lurraldera [Thailandia eta Birmania artean dago] egindako bidaiak eragin nabarmena izan zuen zugan, ezta?
Gatazka batera egin nuen lehenengo bidaia izan zen hura, baina nigan, agian, eragin handiagoa izan du Libiak, benetako gatazka bat ezagutzeko aukera izan nuelako han. Lagun handiak egin nituen bertan, eta ofizio honetan ez da oso ohikoa lagunak egitea.
Irak, Aljeria, Maroko, Sahara, Egipto eta Turkia iritsi ziren gero. Zergatik herrialde horiek?
Afrika Erdiko Errepublikan edo Mozambiken ere izan naiz. Interesagatik lan egiten dut nik; momentu jakin batean toki bat interesatu izan zait, eta horrek bultzatuta joan izan naiz hara. Ohartzerako, hamar urte daramatzat honetan, eta lurralde horietan ditut kontakturik gehienak. Hego Ameriketara joan beharko banu, hutsetik hasi beharko nuke, han ez daukadalako kontakturik, ez dakidalako han nola mugitu behar dudan… Gaur egun, gehiago balio du nire agendak nire ordenagailuak baino.
Zer iritzi daukazu Espainiaren eta Marokoren artean sortu berri den krisiaren inguruan?
Espero zen. Marokoren nazioarteko politika xantaian oinarritutakoa izan da beti. Martxa Berdea bera xantaia bat izan zen. Marokon boterea dutenei ez zaie batere axola beren gizartea. Azken krisi honetan ere herritarrak Europara bidali ditu, xantaia moduan, eta txertoen kontuarekin ere argi gelditu da hori: milioika txerto erosi zituzten, baina herritarren artean banatu beharrean, Dubairi saldu dizkiote, munduko oligarkak han txerta ditzaten; erregeak dirutza handia irabazi du horri esker, bere herritarrek txertorik gabe jarraitzen duten bitartean.
Nola prestatzen zara bidaia bat egin aurretik?
Bidaia bat egin aurretik beharrezkoa da kontaktuak egitea. Toki askotan ez da hotelik ere egoten, eta nonbait lo egin beharra dago. Herrialde batetik bestera ere askotan legez kanpo pasatzen gara, eta horretarako ezinbestekoa da sare bat izatea. Behin, Siriara sartzera nindoala, muga itxita zegoen. Banuen muga gauez errekan barrena baltsan pasatzen zuen gizonezko baten telefonoa, eta deitu egin nion. Hilda zegoen jada, baina haren semeak pasatu ninduen Siriara. Kontaktuek argazki kamerak baino gehiago balio dute egun.
Askotan esan izan duzu lana arriskutsua dela eta gaizki ordainduta dagoela, baina zerbait izango du horrenbeste urtean jarraitzeko…
Bokaziozko lana da, azken finean. Lan honetan bost urte iraun duenak nekez utziko du, harrapatu egiten baitu. Gustatzen zait lan hau, eta honetan ari naiz azken hamar urteotan. Ofizio hau nekez utziko dudala uste dut. Frontera joateari-edo utzi beharko diot, agian, gero eta arriskutsuagoa delako, eta baita gero eta garestiagoa ere. Orokorrean, gainera, gero eta gauza gutxiago jakin nahi dugu gerrari buruz. Baina beste gauza batzuk egingo ditut.
Noizbait burutik pasatu izan zaizu dena bertan behera uztea?
Fotokazetaritza uztea, bai; argazkilaritza uztea, ez.
Lan bat egin eta gero, motxila beteta itzultzen zarete etxera?
Bai; han bizi izandakoa betiko geratzen da barruan. Bidaietan ezagutzen dudan jendeak gehiago markatzen nau paisaiek baino. Azken batean, lanbide bat da hau, baina bizi esperientzia bat ere bai. Banandu ezinak dira biak. Lanbide honetan jardun nahi duenak argi izan behar du bizitza pertsonala eta lana eskutik doazela.
Nola eragin izan dizute David Beriain eta Roberto Fraile kazetarien gisako hilketek?
Logikoki, min ematen dute halakoek. Pena handia eman zidan; oso kazetari onak ziren, nire ustez.
Arriskua beti egoten da presente zuen egunerokoan?
Gure lanean, tentsioa etengabekoa da. Gu diru poltsa bat gara askorentzat. Norbaitek non nabilen jakingo balu, edozein unetan ager liteke zerbait egitera. Beti hor egoten da tentsio hori.
Munduko egunkaririk garrantzitsuenetan argitaratu izan dituzte zure argazkiak: The New York Times-en, The Guardian-en, Washington Post-en…. Nazioarteko hainbat sari jasotakoa zara.
Egia esan, horri ez diot garrantzi handirik ematen. Zortea daukat gustatzen zaidan horretatik bizitzeko aukera daukadalako. Ez da erraza, sakrifizio asko egin beharra baitago. Sariek, berriz, nire ingurukoen aurrean legitimatzeko balio izan didate. Erotzat hartzen ninduten hasieran, baina nazioarteko sariak jasotzean gauzak ondo egiten ari naizela ikusten dute.
Dena den, hankak lurrean izan behar dira zuen lanbidean, ezta?
Bai, beste inon baino gehiago. Hori eskatzen du gure ofizioak: hankak lurrean jarri, eta lur horretan ibiltzea. Kanpotik eman lezake zoratuta gaudela, baina nahikoa neurtuta izaten dugu guztia, nahiz eta inprobisatzen ere jakin beharra dagoen.
Ronak Press elkartea sortu zenuen Karlos Zurutuza kazetariarekin batera. Zer da elkarte hori?
Eskolak ematen dizkiegu joaten garen lurraldeetako kazetariei. Kazetari horiek oso ondo dakite bertan mugitzen, baina gabeziak dituzte bideoak editatzean edo agentziekin harremanak egitean. Zurutuzak eta biok sortu genuen elkartea, baina gaur egun jende gehiago dabil bertan: Jewan Abdi BBCko kameraria, Gilaad Sade kurdua eta judua baina Palestinaren aldeko ideiak dituena, eta Corina Tulgure kazetari errumaniarra, ikertzailea eta unibertsitateko irakaslea. Bost urte pasatxo daramatzagu jada. Saharan, Sirian, Iraken, Kurdistanen eta Aljerian izan gara orain arte, eta Armeniara joango gara laster.
Urretxuko Udalak emandako beka bati esker, Eustaquio Berriotxoari buruzko ikerketa lan bat ere egiten ari zara. Nor zen Eustaquio Berriotxoa?
Nire birraitonaren anaia zen Eustaquio. Urretxun jaioa zen, baina Madrilen bizi izan zen. Nik ez nekien ezer hari buruz, baina orain bost urte argazki batzuk agertu ziren herrian; Rifeko [Maroko] gerrako argazkiak ziren. Ikertzen hasi, eta ohartu ginen argazki horien atzean istorio handi bat zegoela. Dirudienez, Euskal Herrian material modernoarekin lan egin zuen lehenbiziko gerra argazkilaria izan zen Eustaquio. Ingeniaria ere bazen, eta Espainiako Ingeniaritza Sari Nazionala irabazi zuen. Valentziak [Herrialde Katalanak], adibidez, Berriotxoari zor dio gaur egun duen itxura, Turia ibaiaren desbideratzeari esker.
Beste proiekturik ba al daukazu?
Aranzadi zientzia elkartearen enkargu bat daukat, eta iheslariei buruzko erakusketa bat ere ireki berri dut Zarauzko Photomuseumen. Saharara joatea gustatuko litzaidake, baina, Aljeriak muga irekitzeko baimenik eman ezean, ezinezkoa da han sartzea.
Nola eragin dizu COVID-19aren pandemiak zure lanean?
Pandemia hasi zenean, hiru bidaia nituen aurreikusita, eta bertan behera gelditu zen dena; hutsetik hasi behar izan nuen hemen. Pandemia garaiko argazkiak ateratzen ibili naiz, enkarguz, eta ikerketan sakontzeko ere aprobetxatu dut denbora. Bidaiak beste modu batera antolatu beharko ditugu hemendik aurrera. Gaur-gaurkoz, herrialde askok berrogeialdiak egitera derrigortzen dituzte bidaiariak; Tunisiak, adibidez. Berrogeialdi horiek guk kudeatu eta finantzatu behar izaten ditugu, eta ikusi egin beharko da zer egin dezakegun.
Atera ez duzun zer argazki gustatuko litzaizuke ateratzea?
Bihartik aurrera atera dezakedan edozein. Argazkirik onena atera gabe daukat oraindik. Pertsonak agertzen diren argazkiak gustatzen zaizkit niri. Nire ustez, pertsonek ematen diote perspektiba argazki bati.