Ezarian. Argazkilaritza

Argazkilaritzako inperioaren gainbehera

Kodak multinazionala krisian dago; enpresak porrot egin du, eta mailegua eskatu du aurrera egin ahal izateko. Historia luzeko konpainia horrri digitalizazioak egin dio kalterik handiena.

Multinazionalak ekoitzitako kamerak. BERRIA/THOMAS FREY.
Ilargi Agirre.
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Neil Amstrong astronautak Ilargia zapaldu zuenean, Kodak markako kamera bat zeraman eskuetan. 1969ko uztailaren 21a zen, eta koloretako kamera estereoskopiko berezi bat asmatu zuen enpresak misio hartarako propio. Zapata kaxa baten tamaina zuen, eta luza zitekeen kliskagailu baten bidez ateratzen ziren argazkiak, astronautentzat pentsatuta eginda baitzegoen. Han ateratako irudiekin milesima zentimetro baino gutxiago zituzten partikulak ikusi ahal izan zituzten zientzialariek. Aurtengo abuztuan iritsiko da Martera Curiosity ibilgailua, baina Kodak ez da han izango.

Inperio guztiak sartzen dira noizbait galbidearen zurrunbiloan. Boterea ez da betiko; denborarekin herdoilduz joaten da, eta Kodak multinazionala ohartu da dagoeneko horretaz. Sortu zenetik erreferente izan da sektorean, eta argazkilaritzaren historiaren norabidea gidatu du urte askoan. George Eastmanek asmatu zuen argazki filma, 1885ean, enpresaren sortzaileak berak, eta 1970eko hamarkadan, argazki kamera digitala garatu zuen multinazionaleko langile batek. Bitarte horretan enpresak merkaturatutako kamera guztiak argazkilaritzaren bilakaeraren isla izan dira. Paradoxak ditu bizitzak, ordea. Kamera digitalen sortzaile izan denari digitalizazioak berak kalte egin dio orain, eta krisiaren amildegira eraman du. Orain dela aste batzuk jakinarazi zuen enpresak porrot egin duela eta negozioak berregituratzeko asmoa duela. Argazkilaritzan inperio izandako garaiak atzean geratu dira.

Kodak multinazionalaren jatorrian George Eastman dago, enpresaren sortzailea. Gaztea zela egunez banketxe batean lan egiten zuen eta gauak argazkilaritzarekin lotutako esperimentuak egiten ematen zituen. Halaxe asmatu zuen argazki film bilgarria, 1885ean. Ordura arteko guztia irauli zuen asmakizunak, kristalezko negatiboaren aldean askoz ere erosoagoa baitzen argazkiak ateratzea. Hala, ordu arte argazkilaritza gutxi batzuen lanbidea zen, eta ordutik aurrera, denbora gutxian, edonoren eskuetan zegoen zaletasun bat izan zen. Handik urte batzuetara, 1892an, sortu zuen Kodak enpresa, Rochester hirian (AEB).

Kodak izena aukeratzeko hainbat arrazoi egon ziren. K hizkia bereziki gustuko zuen Eastmanek; presentzia handikoa eta indartsua zela iruditzen zitzaion. Munduaren ikuspegi zabala zuen, gainera, eta herrialde guztietan ongi ahoskatzeko moduko hitz bat asmatu nahi izan zuen. Garai bateko kameren obturadoreek egiten zuten soinuaren antzekoa zelako bururatu zitzaion Kodak izena.

Enpresak hasieratik argazkilaritza masa fenomeno bilakatzeko lan egin zuen. Erabili zuten leloa bera izan zen horren adierazgarririk argiena: Zuk botoiari eman, eta guk egingo dugu beste guztia. Pixkanaka ozeanoa zeharkatu, eta Europan ere bulegoak ireki zituzten, eta merkatua zabalduz joan ziren. Brownie izeneko kamerak arrakasta ikaragarria eskuratu zuen, eta koloretako film erabilgarriak izan ziren enpresaren historiako mugarrietako bat. 1935ean merkaturatu zituzten, 35 milimetroko Kodachrom izenarekin, eta izugarrizko zabalkundea izan zuen produktuak. Duela gutxi utzi diote ekoizteari.

Kodaken konpetentziarik handiena Agfa enpresa alemaniarra izan zen. Kamera eta film erabilgarri berriak nork lehenago atera ibiltzen ziren, eta, normalean, Kodakek irabazten zuen lasterketa.

Digitala sortu zuen

Kamera digitalarekin ere Kodak izan zen aitzindaria. Multinazionalaren laborategietan bertan asmatu zuen enpresako langile Steven Sassonek argazki kamera digitala, 1975ean. 1990eko hamarkada arte ez zuten merkaturatu, nolanahi ere. Baina Eastman Kodak Company ez da argazkilaritzaren sektorean bakarrik aritu. Zineman, osasun arloan eta zientzian ere utzi du bere arrastoa. Super 8 zinema formatua hark asmatua da, esaterako, eta zinema filmen hornitzailerik handiena da. Horretaz gain, Oscar sari banaketak Los AngeleskoKodak antzokian banatzen dira, AEBetan, eta zinemaldi ugaritako babesle da. Osasun arloko irudietarako filmak ere egiten ditu.

Kodaken irudiek oihartzun handia lortu dute hainbatetan. Guztien memorian iltzatuta geratzen diren argazki urri batzuk daude historian, eta horietako bat da neskatila afganiar baten argazkia. Begi berde horiek eta begirada sarkor hori National Geographic aldizkariko azalean argitaratu ziren 1985ean. Steve McCurry argazkilariak Kodachrom argazki filma erabili zuen maisulan horretarako.

Krisiaren atzaparrak

Aspaldian inperioari eraso egin diote, ordea, eta berak ez du lortzen lurralde berriak bereganatzerik. 1980ko hamarkadan 145.000 langile zituen, eta gaur egun, berriz, 19.000. Digitalizazioak batez ere egin dio kalte, ez baitu jakin garai berrietara egokitzen, eta inprimagailu eta software arlora bideratu du negozioa. Krisitik atera ezinda, New Yorkeko epaitegi baten aurrean hartzekodunen lehiaketa aurkeztu du berriki multinazionalak. 1.100 patenteren salmentan jarri du orain itxaropena—argazkilaritza digitalarekin lotutakoak horietako asko —,dirua azkar eskuratzeko modua izango baitu. 700 milioiko dolarreko mailegua ere emango dio Citigroupek. Inperioak boterea galdu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.