Gema Arrugaeta. Argazkilaria

«Argazkilaritza ikasteko toki paregabea da Maroko»

Marokon astebeteko egonaldia, argazkilaritza ikastaro bat egin bitartean. Horixe da 'www.mauka.eu' webgunean eskura daitekeen eskaintzetako bat. Gema Arrugaeta argazkilari goierritarra izango da ikastaroko irakaslea. Bidaia argazkilaritza da haren grina.

Adrian Garcia.
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Eskarmentu handiko argazkilaria da Gema Arrugaeta. Txiki-txikitatik du argazkilaritza zaletasun, 14 urterekin amari etxean zuen kamera hartu zionetik. Zaletasuna lanbide bihurtu, eta munduko lau bazterretan ibili da, hango paisaia eta jendeak kamerarekin harrapatuz. Irudiak dira Arrugaetaren hizkuntza, eta eginiko bidaietan mordoa pilatu ditu. Bidaiatzeko grina handia badu ere, Euskal Herria ezagutzen berdin-berdin gozatzen du.

Marokorako bidaia eskaintzen du www.mauka.eu webguneak. Ez da, ordea, bidaia soil bat. Izan ere, Marokora joango direnek Arrugaeta izango dute argazkilaritza irakasle.

Zer ikasiko dute zurekin Marokora joango direnek?

Alderdi teoriko eta praktikoak uztartuko dira. Bakoitzaren mailara egokituko naiz. Batzuk oinarrizko mailan hasiko dira; beste batzuk aurreratuxeagoak joango dira. Egunaren arabera denbora gehixeago edo gutxiago edukiko dugu, baina zati bat teorikoa izango da. Gaiak irudi aldetik nola landu ikasiko dugu, zer aukera eskaintzen dizkiguten, zein erronka izango ditugun, eta horiei nola aurre egin. Praktikak ere ahalik eta pertsonalizatuenak izango dira, banakakoak. Horregatik ez da talde handia. Zenbait egunetan inprobisatu egin beharko dugu, baina gauero atal teoriko bat izango dugu eguna nola joan den ikusteko eta argazkilaritza kontzeptuak lantzeko. Eta hurrengo egunean berriro praktika.

Marokok, gainera, alde praktikoa jorratzeko aukera ona eskaintzen du.

Gertu daukagun beste mundu eta beste kultura bat da. Guztiz desberdina da. Azken finean, Afrika da, eta Afrikan barneratzeko lehenengo ataria horixe da. Zoragarria eta, era berean, oso gogorra da Afrika. Atari moduan Maroko oso berezia da. Kanpotarrak oso goxo hartzen ditu, eta ikasteko aukera asko eskaintzen ditu. Natura eta kultura gaiak jorratuko ditugu. Bi atal horiek Marokon oso lotuta daude, eta biak lantzeko aukera izango dugu. Bi arlo jorratuko ditugu bidaia argazkilaritzaren eremuan. Batetik, natura, eta, bestetik, giza eta kultura arloak. Argazkilaritza ikasteko toki paregabea da.

Praktika arloan zer landuko duzue?

Egun bakoitzak programa desberdin bat dauka. Irteera eta leku guztiak oso zehatz aztertu ditugu, baina era berean tarte handia utziko diogu herrialdeak berak eskainiko dituen sorpresetarako. Azken hori da bidaia baten aberastasuna, bertakoekin bat egitea eta herrialde horretara hurbiltzea. Inprobisazio moduko bat izango da, baina lekuan lekuko praktikak ahal den hoberen lantzen saiatuko naiz: basamortu inguru batean bagaude, gehiago zentratuko naiz paisaia argazkilaritzan, konposaketan, argian, neurketetan... Bestetik, Marrakexen bertan giza atal hori nola landu ikasiko dugu; hirian murgilduta, jendea eta kaleko bizimodu horrekin. Guztiz bestelakoa izango da: azkartasuna, beste konposaketa era bat, argitasun desberdina aukeratu beharra dago... Momentu eta inguru bakoitzean zer-nolako argazkilaritza prestatu eta nola prestatu ikasiko dugu.

Argazki kamera norberak berea eraman beharko al du?

Bai, bakoitzak duen kamera. Kameraren eta argazkilaritzako jakinduriaren arabera ikastea, sakontzea eta aurreratzea da garrantzitsuena. Kamera erreminta tresna soil bat besterik ez da, eta atzean dagoen pertsona horrek erabaki behar du zer egin.

Nola piztu zitzaizun zuri argazkilaritzarekiko zaletasuna?

Amak etxean zuen kamerarekin hasi nintzen. Geldi-geldi egotekoa ez naiz izan, gainera. Zalantzan ibili nintzen garai hartan hitzak ala irudiak baliatu, eta azkenean irudiaren hautaketa egin nuen. Beti izan naiz argazkilari eta profesionala, eta horretan borrokatu naiz. Nahiz eta geroz eta zailago izan lanbidea, aldatzeko asmorik ez daukat.

Herrialde pila batean ibilitakoa zara. Baten baten oroitzapen berezirik gordetzen al duzu?

Denek dute zerbait. Batzuetan bizipen gogorragoa izan dut, baina denak izan dira aberasgarriak. Oso aberasgarria da beste jende eta kulturekin aritzea eta ikastea. Bidaiatzea dut gustuko. Munduko beste puntara joango nintzateke bihar bertan, baina Euskal Herria ezagutuz berdin-berdin gozatzen dut. Hirugarren mundua esaten zaion hori oso aberasgarria da pertsonen aldetik.

Informazio gehiago eskuratzeko idatzi ondorengo helbidera: [email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.