Hainbat proiekturen artean saltoka dabil Nahia Garat argazkilari eta musikaria (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1992). Joan den hilabetean Barnez kanpo proiektu musikatuaren bira egin eta gero, Tannat taldearen lehen album laburra plazaratu zuen atzo, Laurent Picheriterekin batean. Bost kantuz osatua da, eta inprobisatuz sortu dute. Argazkilaritzaz eta musikagintzaz mintzatu da Garat.
Izenik gabeko EP bat argitaratu duzu Tannat taldearekin. Entzuleak zer atzemanen du?
EP horretan badira bost kantu, eta kantu bakoitzak aurpegi bat du. Ez da musika estilo konstanterik, eta hizkuntzaren aldetik ere desberdinak dira: kantu batzuk frantsesez, kantu bat euskaraz, batzuk ahotsarekin baina hitzik gabe... Musiketan giro malenkoniatsuak aurkitu daitezke, haserrea ere badute batzuetan, eta beste batzuetan askoz lasaiagoak dira. Laurent Picheriten eta bien arteko elkarrizketa baten musika da albuma.
Beste proiektu batzuk ere badituzu, zure aldetik. Barnez kanpo musika eta argazki proiekzioa da azkena. Lan horretan, lantzen dituzun bi arteak uztartzen dituzu: musikagintza eta argazkigintza. Sortzeko tenorean, zer desberdintasun dira bataren eta bestearen artean?
Alimaleko desberdintasuna bada. Argazkiak egiteko, ongi kukutzen jakin behar da; anitzetan, desagertu behar dugu, diskretuak izan. Bistan da jakin behar dela jendea bideratzen potretak hartzeko, baina kameraren gibelean kukutzea da ezaugarri inportanteena. Musika egiteko, gaitasun anitz behar dira, baina, enetzat, alimaleko desberdintasuna da oholtzaren gainean izatea. Eta horretarako, ez zait batere erraza, baina pixkanaka lantzen ari naiz.
Eta antzekotasunik bada?
Argazkietan musika entzun daiteke, eta musikan irudiak ikus daitezke.
Musika proiektu berrian irudiak ere gehitu dituzu, zuk egindako bideoklipen bidez. Garrantzitsua ote da musikari irudia gehitzea?
Batere. Baina, ene tresnak direnez, naturalki egiten ditut nahasketak. Egia da interesgarria iruditzen zaidala biak lotzea. Tannaten abentura abiatu genuelarik, filmaketa ttipiak egiten hasi nintzen. Baina ongi jakin gabe zerendako eta zertarako. Irrigarria da nola urteak pasatu ahala ohartu naizen materia desberdinak lotzen ahal direla, eta orokortasun bat sortzen ahal dudala.
Bost kanturen gain lauk hitzak dituzte, eta batek ez. Hitzik gabeko kantu bat sortzeak zer indar ekartzen du?
Hitzik gabe errazagoa egiten zait boza ateratzea, boza airatzea. Ahotsa askeagoa dut hitzik gabe. Iruditzen zait atzematen ahal dela aberastasun handiagoa airearekin baizik, gauza anitz asmatu edo entzun daitezke. Musika horretan dudan askatasun hori, segurki, mugatua izanen zen hitzekin.
Isiltasunaren gaia aipatzen duzu kantu batean. Zein dira beste gaiak?
Erran bezala, kantu bakoitzak bere aurpegia du. Bat isiltasunaren eta kantatzeko beharraren arteko loturari buruzkoa da; mendiak ekartzen duen isiltasuna ere aipatzen du. Beste bat, ezinezko maitasunaren ingurukoa da: maitatzen ez lortzea, horretarako saialdiak... Beste batean kontakturen goxotasuna aipatzen dugu.
Sorkuntza prozesuan, non xerkatzen duzue inspirazioa?
Egia da gustatu zaigula ilunpeko gai eta giro batzuk miatzea. Gustatu zaigu bien artean aintzira betan sakontasunera joatea eta murgiltzea, eta bertan ikustea zer agertuko zen. Gero, inprobisazioan oinarritzen gara.
EPa plazaratu berria duzue, baina, halere, taldearen bukaerako puntua da.
Bai. Album laburrak bi urteko abenturaren bukaera markatzen du. Duela bi urte hasi ginen elkarrekin musika sortzen, soinu miaketak eta inprobisazioak eginez. Pixkanaka nire konposaketak ekarri nizkion Laurenti, eta hark bereak erakutsi zizkidan. Hortik abiatu, hamabi kantuko zerrenda bat sortu, eta hamar eguneko bira bat egin genuen Bretainian. Kalean jotzen genuen, akustikoan. Hori izan gure lanaren lehen abentura. Sortu eta jo genituen kantuen grabatzea izan zen gure azken urratsa, aztarna bat uzteko. Aude departamenduan (Okzitania) grabatu genuen, Bruit Rose estudioan, Stephane Torre Trueba ingeniariarekin. Bost kantu grabatu genituen, eta urte bat geroago atera ditugu.
LOTSABAKO
EPa definitzen ez duen hitz bat?
Arintasuna.Zure musikari jarriko zeniokeen argazki bat?
Trenbidea.Inspiratzen zaituen zerbait?
Zerumuga.